Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aiz: “Eusko Jaurlaritzak Estatuarekin lankidetzan aritzeko formulak sustatzen ditu, geldialdia saihesteko”

2014.eko ekainak 18
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordea herri-erakundeen bikoiztasunak aztertzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean izan da

 

  • «Aurreakordioa lankidetzaren oinarria da, baita kudeaketa desegokiari buruz elkarrekin egin beharreko balorazio kritiko eta konstruktiboan zuzenketak aplikatzeko oinarria ere»

 

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek adierazi du Eusko Jaurlaritza Estatuarekin lankidetzan aritzeko prest dagoela, eta horretarako formulak sustatu dituela, geldialdia saihesteko eta hainbat zerbitzuren gaineko ardurak hartzea aurreratzeko, aireportuena eta trenbidearena kasu. «Bide horretatik jarraituko dugu, eta, horretarako, ez diogu uko egingo dagokigun ezeri eta ez dugu baztertuko inolako ardurarik», esan du.  Aizek herri-erakundeen bikoiztasunak aztertzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean parte hartu du gaur goizean.

 

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordearen arabera, aurretiazko akordioa lankidetzaren oinarria da, baita elkarrekin egin beharreko balorazio kritikoan eta konstruktiboan zuzenketak aplikatzekoa ere. «Hori dela-eta, hainbat kasutan lankidetzan aritu garen moduan, hain zuzen ere, trenbide Y-arekin, udalekin tranbiekin eta hiri-garraioaren berrantolaketan edota Bilboko metroaren lineak planifikatzen eta eraikitzen, etorkizunean ere administrazio guztiekin lankidetzan aritzeari eutsi behar diogu», esan du.

 

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek, gainera, administrazioen arteko lankidetza-kultura herritarren beharrak ondoen eta eraginkorren erantzuteko modua dela azaldu du.

 

«Estatuarekiko harremanak bi aldekoa izan behar du, ez alde bakarrekoa eta hautazkoa», gogorarazi du Aizek, «EAEko erakundeak antolatzeko eredua diseinu konstituzional eta estatutario baten araberakoa da, euskal autogobernuan eta lurralde historiko bakoitzarenean oinarrituta dago, eta funtzio araugileen eta planifikatzaileen, garapen- eta antolaketa-funtzioen eta ekintza-kudeaketaren funtzioen eskumenen banaketan islatzen da. Ohikoena eskumenak partekatzea da, eta salbuespena, arlo bateko funtzio guztiak maila instituzional bakarrari esleitzea», gehitu du.

 

Aldaketa

 

Aizen iritziz, 80ko hamarkadaren erdialdetik, Auzitegi Konstituzionalak autonomismo gatazkatsutik lankidetzan oinarritukora aldatzeko beharra nabarmendu du. Baina aldaketa hori ez da erabat bete. Garraioaren eta garraioa garatzeko beharrezkoak diren azpiegituren arloetan, behar hori bereziki sumatzen da eskumenen banaketan, hainbat gobernu-mailatako botere publikoren ekintza-eremua den lurralde-irizpidean oinarritzen baita.

 

«Gainera –gehitu du sailburuordeak-, eskumenen banaketa horri interes orokorraren irizpidea aplikatzen zaio, oraindik diskreziotasun-tasa altuak baititu, eta, batzuetan, Interes Orokorreko Trenbideen Katalogoaren kasuan, adibidez, arbitrariotasunez jokatu da, duela gutxi Auzitegi Konstituzionalak berak salatu duenez».

 

«Garraio Jasangarriaren Gida Plana berrikusten ari gara, Europar Batasunaren Liburu Zuriaren jarraibideetan eta orientazioetan oinarriturik, eta gainerako erakundeekin hitz eginez. Emaitza ezinbestekoa izango da arlo honetan. Erakunde guztiek hitzarmenak lortzeko prest egon behar dute, herritarren beharrak asetze aldera, bakoitzaren eskumenei eragin gabe. Eta kontuan izan behar dugu Zuzenbideak eta Europar Batasunaren politikek gero eta eragin handiagoa dutela garraioan, horren edozer modalitatek jarduera ekonomikorako, azpiegituretarako, merkaturako eta ingurumenerako duen garrantziagatik», ondorioztatu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)