Berriak Lehendakaritza
Eu

Erregearen izendapenera joango da lehendakaria «errespetu instituzionalagatik»

2014.eko ekainak 18

«Ez da komeni gurtza eta kortesia nahastea». Iñigo Urkullu lehendakariak «ordezkari instituzional gisa dagokion erantzukizuna» argudiatu du bihar Madrilgo Diputatuen Kongresuan egingo den Felipe VI.ren tronuratzera joateko, baina, aldi berean, «Estatu-eredu berria» behar dela aldarrikatu du.

Lehendakariak herritarrek Twitter eta Facebook bidez igorritako galderei erantzun die YouTube bidezko zuzeneko elkarrizketan gaur goizean. Ekimenak urkullutopaketa izena du. Elkarrizketan, lehendakariak Kutxabank ere hizpide izan du, euskal kutxen pribatizazioagatik galdetu diotenez. «Egiten ari dena legedira egokitzea da, sustraiei eta euskal kontrolaren mendeko gizarte-ekintzari eusteko».

Elkarrizketan, halaber, gizarte gaiak izan dira hizketagai, udan eskola-jangelak irekitzea edota oinarrizko errenta unibertsala, kasu. Lehendakariak gogorarazi du Jaurlaritzak urtean 400 milioi baino gehiago bideratzen dituela Diru Sarrerak Bermatzeko Errentara; izan ere, eskubide subjektiboa da, «legeak aitortzen diena diru-sarrerarik ez duten pertsonei».  Diru-sarrerarik ez duten edo larrialdiko egoeran dauden pertsonek laguntza hori eskatu dezaketela edo udaletxeetako gizarte-zerbitzuetara joan daitezkeela azaldu du. 

Gizarte-zerbitzu horiei eustea eta ekonomikoa suspertzea beharrezkoa dela esan du lehendakariak. Hala, Urkulluk ekintzailetzara bideratutako neurriak aipatu ditu; esaterako, enpresa berritzaileentzako abalen programa edo ekintzailearentzako leihatila bakarra sortzea. Neurri horien helburua egoera ekonomikoa hobetzea da, 2013an eta 2014ean «gogorra» izango den arren, «datorren urtean hobea» izango delako.

Glencree ekimen pedagogikoaren gainean galdetuta, lehendakariak esan du modu arrakastatsuan itxitako programa izan dela: «Indarkeria mota guztien biktimen arteko topaketa eta sentipen-trukea abiapuntu oinarrizkoa da bizikidetzara iristeko». Baieztatu du Eusko Jaurlaritzak gisa horretako programa gehiago garatuko dituela.



LOMCE Legeari buruz ere jardun da urkullutopaketa ekimenean. Lehendakariak berretsi du legeak ezer onik ez dakarrela eta aipatutako legearekin bat datorrenik ez dagoela.

Lehendakariak agerian utzi du Alberto Ruiz-Gallardón ministroaren Abortuaren Legearen gainean oso sentsibilizatuta dagoela, kontra dagoela adieraziz. «Eusko Alderdi Jeltzalearen presidente nintzen garaian, indarreko abortuaren legediaren aldeko erabaki adostua hartu genuen».



Eusko Jaurlaritzaren energia-estrategikoari dagokionez, lehendakariak onartu du «energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzea sustatzeko» asmoa duela. Gainera, gogora ekarri du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak joan den astean Eskoziara eginiko bidaia: «Euskadi mundu-mailako potentzia da energia berriztagarrien esparruan».

Elkarrizketan, halaber, Osakidetzaren EEP izan du hizketagai. «Eusko Jaurlaritzak deialdiko irizpideak betetzeko konpromisoa publikoki agertu du», adierazi du Urkulluk. Eskaintza publikoaren epea iraila artekoa da; amaituta, ordezkapen-zerrendak arautzen dituen dekretua betearaziko da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko ekainak 19

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari asistirá a la proclamación del Rey “desde el respeto institucional” http://t.co/OgnoypUCqf pues me alegro mucho @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)