Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Euskadiren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorraren aurreproiektua prestatzeko Gidalerro Ekonomikoak onetsi ditu Jaurlaritzak. (2014-06-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko ekainak 17

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ogasun eta Finantza Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra egiteko Gidalerro Ekonomikoak.

2015erako Aurrekontu Proiektua egiteko Gidalerro Ekonomikoen aurkezpenak atarikoa eta lau atal nagusi ditu. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer ingurutan garatzen den aztertzen du, 2015eko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baitituzte. Atal horren barruan, Euskadik 2014-2015 aldian izango duen testuinguru makroekonomikoa zehaztuko dute, eta, ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren inplikazioei helduko diete. Bigarren atalean, Jaurlaritzaren ekintzaren helburu estrategikoak azalduko dira, jarduera-eremuz eremu. Hirugarren atalak fiskalitatea aipatzen du, politika ekonomikorako erreminta gisa. Azkenik, laugarrenean, 2015eko ekitaldirako Kontuak lantzeko aurrekontu-irizpide zehatzak zehazten dira.

1.- Euskadiren 2014-2015erako agertoki makroekonomikoa

Aurreikuspenek diote mundu mailako hazkunde ekonomikoa handixeagoa izango dela 2015ean aurreko bi urteetan baino. Bulkada ekonomia aurreratuenek emango diote nagusiki, fiskalitatearen sendotzea moteltzearen eta moneta-kondizioek hedakoi atxikitzearen ondorioz. Gauzak horrela, aurreikusi da 2015ean Espainiako ekonomia bigarren urtez jarraian haziko dela, Europako batez besteko balioaren azpitik izanagatik ere.

Oraindik ahula da mundu mailako biziberritzea. Egoerak onera egin badu ere, berean diraute zenbait ziurgabetasunek. Hala, gorabidean diren merkatuei lotutako arriskuek okerrera egin dute, ekonomia aurreratuetako inflazio-tasa txikiek ere arriskua dakarkiote jarduerari eta arrisku geopolitiko berriak agertu dira.

Nazioarteko agertoki horrek hazkunde neurritsuko agertoki makroekonomiko batera darama euskal ekonomia. Aurreikusi da BPGa % 1 handituko dela 2014an eta % 1,7 berriz 2015ean, enplegu mailak 2014an bere horretan jarraituko duelarik eta % 0,6 handituta 2015ean (lanaldi osoko lanpostutan neurtua, urte osoko batez beste).

2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2015eko aurrekonturako inplikazioak

2015eko Aurrekontuak bat etorri behar du deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta aldi berean Eusko Jaurlaritzaren bi helburuei erantzun, alegia, pertsonen oinarrizko beharrak asetzea eta ekonomia eta enplegua hazteko tresnarena egin.

Dena den, aurrekontu-egonkortasunari buruzko Europako eta Estatuko erregulazio-esparru berritu horrek herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko hiru eskakizun baitituzte egitura-defizita, zor publikoa eta gastu-arau gehigarria direla eta. Euskadiren kasuan, hitzarmen honetan jasotako bideak BPGaren % 0,7 finkatzen du defizit-muga gisa 2015erako.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

2015eko aurrekontuari gehitutako ekintzek lerrokaturik egon beharko dute gobernuaren lehentasun bikoitzarekin, hots, hazkundearen eta enplegu-sorreraren katalizatzailearena egitearekin eta pertsonen oinarrizko beharren asearen bermatzaile izatearekin.

3.1. Hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzera bideratutako ekintzak.

Lehiakortasuna da hazkunderako eta enplegua sortzeko oinarririk behinena.

Eta lehiakortasunaren oinarrietako bat, berriz, nazioartekotzea. Hori dela eta, ipini du Eusko Jaurlaritzak abian Euskadi oro har nazioartekotzeko prozesu bat: Nazioartekotzeko 2020rako Esparru Estrategia (Basque Country Estrategia), Euskadiren interes multisektorialak aintzat hartzen dituen estrategia integrala. Estrategia horren esparruan enpresen nazioartekotzeari aparteko tokia eman zaio, ikuspegi sistemiko baten barruan haatik, non hezkuntza, osasungintza, kultura eta ingurumena ere ageri baitira.

Lehiakortasunaren beste oinarrietako bat, berriz, berrikuntza da. Hori dela eta, berrikuntza-estrategia berrian (2015-2020 aldiko Zientzia eta teknologia Plana) ari da lanean Jaurlaritza, aurten burututa ikusteko asmoz, hartara 2015ean has daitezen indarrean bere baitako programa berriak.

Lehiakortasuneko politika estrukturalek industria dute protagonista nagusi. Eta politika estruktural horiek aplikatzeko, horiek zuzenean bideratzen dituzten hiru plan abiarazi ditu Eusko Jaurlaritzak: lehenago aipatua dugun 2014-2016 aldirako Enpresak Nazioartekotzeko Plana, 2014-2016 Industrializazio Plana eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2020, aurten onetsiko dena.

2013-2016 Ekintzaileen Jarduerari Laguntzeko Erakundearteko Planak ekintzaileari laguntzeko dauden tresnak sistematizatzen ditu.

Enpresa-bilbeari laguntzeko finantza-neurriak diseinatzen jarraituko du Jaurlaritzak, bai enplegua sortuko duten inbertsio-proiektuetarako, bai zirkulagarrirako, kanpo-merkataritza finantzatzeko eta egoera zailean dauden enpresa bideragarriak berregituratzeko, erakundeei laguntzen lankidetza-inguruak diseinatzen eta langileen parte-hartzea sustatuz.

Datorren urtean 2014-2016 emplegu planaren esparruan arreta berezia eskainiko zaie gazteak eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboak lan-merkatuan sartzen laguntzen duten politika publikoei, baita lana eta familia uztartzen laguntzen duten neurrien sustapenari ere.

3.2. Gizarte-babeseko euskal ereduari laguntzera bideratutako ekintzak

Osasungintza da gizarte-babeseko euskal ereduaren oinarrietako bat. Legegintzaldi honetan, herritarra osasun-sistema publikoaren erdiko ardatzean kokatzea izango da osasun-politikaren helburua. Gaixoen elkarteekin eta hirugarren sektorearekin batera lankidetzan jarduteko esparruak eta tresnak diseinatzen ari dira. Eta osasun-zerbitzuak definitzen, antolatzen eta hobetzen parte hartzeko bideak antolatzen ari dira.

Hezkuntza da gizarte-babeseko euskal ereduaren funtsezko bigarren oinarria. Lanbide-heziketaren eta unibertsitatearen arloetan hezkuntza-estrategiak, bai eta hizkuntza-politika eta kulturaren sustapena ere, garatzea bultzatuko du 2015eko aurrekontuak.

Gizarte-zerbitzuak dira, bestetik, gizarte-babeseko euskal ereduaren funtsezko hirugarren oinarria. Gizarte-laguntzei eustea aurreikusten du 2015eko aurrekontuak, bai diru-sarrerak bermatzeko sisteman, bai gainerako zerbitzuei dagokienez.

4.- Aurrekontu Irizpideak

Sarrera korronteak kalkulatzeko aintzat hartuko dira Foru Aldundien ekarpenak, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan dirubilketa aurreikusian oinarrituta erabakiak.

Langile funtzionarioen ordainsariak Euskadiko 2015eko aurrekontu orokorraren Legeak dioena izango dira.

Funtzionamendu-gastuek finantzatuko dute oinarrizko zerbitzu publikoei eusteko modua.

Inbertsio-gastuen dagokienez aintzat hartuko dira zer kreditu behar diren iraganean gain hartutako eta 2015ean ere indarrean jarraitzen duten obligazioei erantzuteko. Halaber esleituko dira kredituak ziklo ekonomikoaren aldaketa sendotzeko, enplegua sortzeko aukera ematen duten ekintzak egin ahal izateko.

Ez dago aurreikusita organismo autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko