Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak haurrei eusteko sistemen gaineko prestakuntza emango die merkatariei

2014.eko ekainak 17
Lankidetza Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren Merkataritza Zuzendaritzarekin
 
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak prestakuntza-kanpaina bat jarri du abian, Euskadiko merkataritza txikiko langileei zuzendua. Kanpainaren helburua da familiekin harreman zuzena duten profesionalei haurrei eusteko sistemen (HES) erabilera zuzenaren garrantzia jakinaraztea, adingabeen segurtasuna bermatzeko.
 

«Haurrei eusteko sistema, bizi-aseguru onena» izena du kanpainak eta, haurrei eusteko sistema erostean, salmenta-puntua prestakuntza praktikoko gune bihurtzea lortu nahi du, merkatariek familiei indarreko legediaren, segurtasun-sistema moten eta jartzeko modu zuzenaren gaineko aholkuak familiei emateko.

«Haurrei loturiko merkataritza txikiko profesionalen jarduera estrategikoa da, funtsezkoa gure iritzian –argitu du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Bide-segurtasunaren aldeko gure mezuak ozenago entzunaraziko dituzten sektoreak behar ditugu. Hori dela eta, kolektibo horrengana jo dugu, adingabeak dituzten familiak kontzientziatzen lagun gaitzan».

Prestakuntza saiootan, gehienez 10 parte-hartzaile aurreikusi dira, araudiari, homologazioari eta etiketatzeari buruzko informazioa emango da, hala nola haurrei eusteko sistema motei eta horien erabilera zuzenari buruzkoa. Gainera, dibulgaziozko liburuxka bat banatuko da, balizko zalantzak argitzeko. Aulkitxoen kit bat izango du programa osoa modu praktikoan azaldu ahal izateko.

Lehen saioa otsailean egin ondoren –Gernikan–, maiatzean sei bilera egin dira merkatariekin (Barakaldon, Basaurin, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Getxon) eta beste sei egingo dira ekainean (Arrasate, Beasain, Durango, Errenteria, Portugalete eta Zarautz). Guztira, 14 saio izango dira, horietako bakoitzean gehienez 10 lagun bilduz.

Haurrei eusteko sistemak erabiltzea derrigorrezkoa da 2005az geroztik. Oso zabalduta dago herritarren artean, % 90 inguruk erabiltzen du, baina erabiltzeaz gain, ibilgailuan gailua ondo instalatzea ezinbestekoa da; izan ere, gaizki ipinitako aulkitxoa erabiltzeak heriotza-arriskua laukoiztea dakar trafiko istripuetan.

Kamioia udalerri txikitan

Haurrei eusteko sistemen erabilera zuzenaz kontzientziatzeko helburu berarekin, Trafiko Zuzendaritzako kamioia udalerri txiki eta oso txikietara bertaratu da. Kasuan kasuko udalerriko ikastetxearekin batera gauzatzen da jarduera, karpa batean; ibilgailuan erabili daitezkeen sistemak daude ikusgai bertan.

Saio horiek –2014ean zazpi egin dira lehen bost hilabeteetan–, Eudelekin elkarlanean gauzatzen dira.

Salaketen eta istripu-tasaren bilakaera

Haurrei eusteko sistema behar bezala instalatuta ez eramateagatiko salaketen bilakaerari erreparatuta, ohartuko gara 12 urtetik beherako adingabeenak gora egin duela, bai administrazioaren bultzadagatik, bai adingabeei segurtasuna eman nahi izateagatik.

Bestalde, adingabeei eragin dien istripu-tasak murriztera egin du azken urteetan, bai hil diren gazteei, bai zauriak izan dituzten edo larri zauritu diren adingabeei dagokienez.

«Adingabeak babesteko prebentzioa eta kontzientziazioa sustatzen lan handia egin da; hala ere, ezin gara horrekin konformatu eta ahulenen bizitza salbatzeko segurtasun-gailuok behar bezala instalatzea eta erabiltzea sustatu behar dugu», adierazi Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.

12 urtetik beherakoek HES ez erabiltzeagatiko salaketak, hildakoak eta larri zaurituak, trafiko istripuetan. 18 urtetik beherakoak, Ertzaintzako erregistratutakoak:

  2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013
HESagatiko arau-hausteak 110 243 194 182 231 214 215 286 326
18 urtetik beherako hildakoak 15 11 13 21 10 10 10 6 7
18 urtetik beherako zauritu larriak 123 85 95 92 77 46 45 48 47

* Ekainaren 13ra arteko behin-behineko datuak

 

OHARRA: Aipatu, mesedez, informazio-iturria: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza.

HARTU GOGOAN: APP TRAFIKOAEJGV mugikorretarako aplikazioak euskal errepideetako trafikoaren gaineko alderdi garrantzitsuenen gaineko informazioa eskaintzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko