Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako ordezkariak Lemoizeko Udalarekin bildu dira udalerrirako beharrezko segurtasun-neurriak bultzatzeko

2014.eko ekainak 16

Bizkaiko udalerri horretan delinkuentzia arretaz aztertzea eta prebentziorako neurriak sustatzeko elkarlanean aritzea adostu dute

Lemoizeko Udalak hala eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako ordezkariak, segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak buru izanik, Gernikako ertzain-etxean bildu dira gaur arratsaldean Unai Andraka alkatearekin eta Gernikako ertzain-etxeko kideekin, Lemoizeko segurtasun-mailak analizatzeko eta beharrezko prebentziorako neurriak sustatzeko; neurri horien helburuak hauek dira: maila horiek hobetzen saiatzea eta biztanleen artean segurtasunarekiko pertzepzio positiboa sortzea.

Bileran, udalarekin elkarlana indartzea adostu dute, udalerriari gehien eragiten dieten delituen etengabeko analisi baterako mekanismo bat zehazteko, eta horrela, poliziaren prebentzio lanak areagotzeko. Egindako lehenengo analisi horren ondorioz, segurtasun sailburuak eta Ertzaintzako polizia-arduradunek jakinarazi dituzte Bizkaiko zonalde horri gehien eragiten dien delituak zeintzuk diren: isolatuta dauden etxeetan lapurretak, pertsona zaharrei iruzurrak eta gasaren edo argiaren ikuskari faltsuen presentzia. 

Bileraren eta elkarlanerako akordioaren helburuetan azpimarratu dute ekintza-plan bat prestatzeko beharra dagoela, delinkuentzia datuak murriztera eta auzokideei segurtasun-sentsazio handiagoa ematera zuzenduta dagoena, batez ere isolatutako etxe edo zonaldeetan bizi direnei. Martxan jarriko diren lehenengo ekintzak norbere babeserako neurrien kanpaina bati dagozkio; biztanleek eurek har ditzakete neurriok. Udalaren zerbitzuen bitartez gidatuko da kanpaina, eta Ertzaintzaren patruila gehiago egongo dira zonaldean.

Bileran, gaur arratsaldean Gernikako ertzain-etxean egin dena, sailburuordeaz gain, alkatea, Unai Andraka, Ertzaintzaren Bizkaiko lurralde-buru Josu Gotzon Lujua, eta Gernikako ertzain-etxeko arduradunak egon dira. Lemoiz udalerria mugape horri dago atxikita.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko ekainak 17

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzako ordezkariak Lemoizeko Udalarekin bildu dira udalerrirako beharrezko segurtasun-neurriak bultzatzeko... http://t.co/TUmjPH2eAr

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Unai Andraka