Berriak Lehendakaritza

Victor Badiola, Tomas Larrañaga, Maje Gorritxu eta Artzain Gazta, 2014ko Gonzalo Nardiz saridunak

2014-06-17
  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak izan zuen lehen sailburuaren izena –Gonzalo Nardiz Bengoetxea– daramaten sariak berreskuratu ditu
  • “Hiru Elementuak” izeneko saria jaso dute Lehendakariaren eskutik
  • Nekazaritzako elikagaien sektorean egindako ibilbide profesionalaren aitorpena dira eta hamar urte dira sortu zirenetik

Victor Badiola, arrantza sektorean, Tomas Larrañaga, nekazaritzakoan, eta Artzain Gazta, nekazaritzako elikagaienean, hirurek eskuratu dituzte Gonzalo Nardiz sariak 2014ko edizioan. Saritutakoek “Hiru Elementuak” eskultura jaso dute Lehendakaritzan Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik, ibilbide profesional luze eta eredugarriagatik nabaritu diren pertsona edo kolektiboak gizartean balioesteko egindako lanaren alegoria gisa. Hala, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren bitartez,  Euskal gobernuak Nekazaritza Sailean izan zuen lehen buruaren izena  –Gonzalo Nardiz Bengoetxea– daramaten sariak berreskuratu ditu, hainbat urtetako parentesi baten ondoren.. Sariak 2003an sortu ziren nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetan egindako ibilbide profesionalak eskertzeko, eta edizio honetan, hamar urte geroago, indartu egin dira saria nekazaritzako elikagaien sektorera zabalduta.

Sarituak

Nekazaritza: Tomas Larrañaga / Maje Gorritxu

Ekoizpen ekologikoaren aitzindarietakoa izan da Euskadin, bere emazte Maje Gorritxurekin batera, 90eko hamarkadan hasi baitziren diziplina horretan. Larrañaga Biolurren fundatzailea izan zen, eta 13 urtez jarraian Ekonekazaritzako eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseiluko burua ere izan da, eta gaur egun oinarrizko figura da bai ENEEKren sorreran, bai gure herrialdeko kultura ekologikoaren ezarpenean ere. Gaur egun lanean jarraitzen du bere emazte Majerekin batera, Gipuzkoako Lapatza herrian duten ustiategi ekologikoan.

Arrantza: Victor Badiola

Victor Santiago Badiola Moralek alturako arrantza sektorearekin duen harreman profesionala laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasi zen Ondarroako portuko arrantza enpresa batean, pabiloi britainiarreko ontziekin, baina kontuan hartu behar da itsasoarekin duen lotura lehenagokoa dela, Nautikako goi mailako tituluduna baita eta lurrean lanean hasi aurretik hainbat urte itsasoan ibili zen, merkataritzako ontzitan nabigatzen. Urtetan OPPAO Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Erakundeko gerentea izan zen eta arrantzarekin lotura duten organismo eta erakunde ugaritan hartu du parte, bai Espainian bai Europan, eta horri esker alturako arrantza sektorea sakon ezagutu ahal izan du, bai eta foro askotan sektorearen ordezkari izan ere.

Nekazaritzako elikagaien industria: Artzain Gazta

1993an sortu zen artzainen interesen defentsarako kooperatiba elkarte gisa, eta 2003aren bukaeran “Artzain Gazta Elkartea” elkartea sortu zen Artzain Gaztaren sustapenerako; elkartea eta kooperatiba batera ari dira, baina honek kooperatibak dituenez oso bestelako zereginak ditu. Elkartearen jarduerak nagusiak aholkularitza teknikoa eta informatiboa eta prestakuntza, sustapena eta erakundearen ordezkaritza dira, eta kooperatibarenak, berriz, gaztagintzarako kontsumigarrien salerosketa eta gazta merkaturatzea. Dudarik gabe, Artzain Gazta ezinbesteko elementua da esnetarako ardi latxaren sektorean eta Idiazabal gaztaren elaborazioan, eta horrek egin du bera izatea nekazaritzako elikagaien sektorean Nardiz sarirako aukeratutakoa, aurten lehenengo aldiz eman baita sektore horretan.

Gonzalo Nardiz

Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen Nekazaritza Sailburua izan zen, bai eta 1936ko urriaren 7an sortu eta Jose Antonio Aguirreren Lehendakaritzapean izan zen kabinete hartako kiderik gazteena ere. Garai hartan abeltzaintzaz, basoez eta mendiez arduratu zen. Euskadirako autohornitze kotarik handienak lortzea eta bertako abeltzaintzako eta basoetako aberastasuna zaintzea izan zituen helburu bere jardunean. Albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen eta gerra zonaldeetan zeuden lurrak errentan eduki eta lantzen zituztenei errentak ordaintzeko luzamenduak eman zizkien.  

1939an Francoren tropek irabazi ondoren, Gonzalo Nardizek, Gobernuko beste kideek bezala, erbesterako bidea hartu zuen, eta han 40 urte eman zituen. Parisen eta Mexikon bizi izan zen eta 1946az geroztik Donibane Lohizunen. Franco hil ostean Nardiz Euskal Herrira bueltatu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza desegin eta gero, Gernikako Estatutua onartu zenean, Gonzalo Nardiz jarduera politiko guztitik aldenduta egon zen.

2003ko urriaren 25ean Bilbon hil zen, 97 urte zituela.

3 iruzkin
  • ana
    2014-06-18

    ME HA GUSTADO LA NOTICIA ANIMO @iurkullu usd eres el mejor

  • @nirea_akordioa
    2014-06-18

    Comentario de Twitter:
    Victor Badiola, Tomás Larrañaga, Maje Gorritxu y Artzain Gazta, premios Gonzalo Nardiz 2014, http://t.co/NXA38Mdanr vía @irekia

  • @nirea_akordioa
    2014-06-18

    Comentario de Twitter:
    Victor Badiola, Tomas Larrañaga, Maje Gorritxu eta Artzain Gazta, 2014ko Gonzalo Nardiz saridunak, http://t.co/25GQMlZxKC @irekia bidez.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)