Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Bm-k hitzarmen bat izenpetu dute bertako produktuen kontsumoa indartzeko

2014.eko ekainak 16

  • Hitzarmenak nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikagaien industrian du eragina eta produktu berriak merkaturatzeko zein nekazaritzako elikagaien euskal sektoreko enpresa eta ekoizleei laguntzeko ekintza zehatzak identifikatzen ditu.
  • Hitzarmen honekin, Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio bertako ekoizleei laguntzeko asmoz Euskadiko merkaturatze kate nagusiekin lankidetzan aritzeko duen estrategiari.
  • Bertako ekoizleei laguntzea da BMren filosofiaren zutabeetako bat, duela 40 urte baino gehiago sortu zenetik duen erronka, gaur egun bertako 100 hornitzaile baino gehiagorekin lan egitera eraman duena.
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiari eta Uvesco Taldeko zuzendari nagusi Jose Ramon Fernandez de Barrenari egokitu zaie hitzarmen hau izenpetzea.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta Uvesco Taldeak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute Euskadiko nekazaritzako elikagaien eta arrantza ekoizpenaren sustapenerako, erakunde biek indarrak batu eta aurretik bakoitzak bere aldetik jada egiten zutenari eutsiz. Hitzarmena gaur goizean izenpetu dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Uvesco Taldearen Zuzendari Nagusi Jose Ramon Fernandez de Barrenak, Donostiako Aquariumean egindako ekitaldi batean. Ekitaldian Uvesco Taldearekin egunero lanean diharduten ekoizleen ordezkaritza zabala egon da.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren hitzetan, “erabaki hau herri gisa pentsatu da.Izan ere, Euskadiko ekonomia produktiboaren oso zati esanguratsua ordezkatzen duen sektore profesional eta lehiakor baten alde egiten dugun apustua da”.Tapiak gizarteari dei egin dio zera adieraztean: “Gure herrialdeak lehen sektore estrategiko, lehiakor eta bizia izango badu, gu denon ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa beharko da erosteko eta kontsumitzeko ohituretan”.

Uvesco Taldeko zuzendari nagusiak, ordea, hau baieztatu du: “gure Taldearentzat, bi zutabe dira egunero-egunero egiten dugun lana bultzatu dutenak eta bultzatzen ari direnak, bezeroarenganako hurbiltasuna eta produktu freskoa, bezeroek kalitateko eta bermerik handieneko produktuak izatea nahi dugulako.Eta hemengo enpresa garelako, konprometitua…hurbil dugun jendearekin lan egiten duena”.

Hitzarmenak alde biek produktu berriak merkaturatzen eta nekazaritzako elikagaien euskal sektoreko enpresei eta ekoizleei laguntzen elkarlanean aritzeko hartzen duten konpromisoa jasotzen du.Era berean, Zentro Teknologiko Publikoen sarearekin batera Elikagaien Kalitatea eta Segurtasunaren alorrean ikerketak egitea bultzatuko da.

Lankidetza honi esker, 3 urteko iraupena izango baitu, BMko supermerkatuetan Euskadiko elikagaiak gehiago saltzea eta horien presentzia areagotzea ahalbidetzeko plan berezi bat ere garatuko da.  Plan horretan Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien sustapenerako urteko egutegi bat zehaztuko da, bai eta produktuak kalitatearen bereizgarri batez behar bezala seinaleztatzea eta prestakuntza eta informazio alorretan jarduerak egitea ere, kontsumitzaile eta langileentzat, kalitate eta iraunkortasuneko ikurren babespeko ekoizpenak zabaldu eta haiei ospea emateko.

Bertako produktuen alde

Bertako ekoizleei laguntzea da BMren filosofiaren zutabeetako bat, duela 40 urte baino gehiago sortu zenetik duen erronka, eta helburu bikoitza du:batetik, produktuen kalitatea eta freskotasuna bermatzea, saltoki kateak bezeroekin hartutako konpromisoa baita, eta, bestetik, bertako ekonomiari eusten laguntzea.  

Apustu horren ondorioz, Taldearekin batera gorantz joan baita, gaur egun bertako 100 ekoizle txiki baino gehiagorekin egiten du lan, Euskadin dauden ia elikagai industria guztiekin ez ezik, kateak dituen 200dik gorako establezimenduak produktu freskoez hornitzen, esaterako haragiz, arrainez, frutaz eta barazkiz. 

BMk harategi, frutategi eta arrandegietan saltzen dituen produktu fresko guztietatik gutxi gorabehera %30 bertako ekoizleena da, eta asmoa da datozen 5 urteetan %50era iristea.

Azpimarratzekoa da BM produktuen banaketarako azken belaunaldiko instalazioak edukitzeko egiten ari den inbertsioa. Hala, pasa den astean haragi produktuetarako plataforma logistiko berria inauguratu zuen Irunen, han 11,5 milioi euroko inbertsioa eginda.

Uvesco Taldeari buruz

Uvesco Taldea banaketa talde handia da, ia 200 establezimendurekin Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Kantabrian presentzia duena, eta, orain, Errioxan ere bai. Gaur egun 3.600dik gora lagun ari dira lanean Taldean, eta urte batzuetatik hona enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen dituzten enpresa nagusietakoa da.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CyberEuskadi
    2014.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    "Gobierno Vasco y BM Supermercados firman un convenio para reforzar el consumo de los productos locales" http://t.co/e53OPtJiW6

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)