Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako lehergailu-teknikariek 64 artefaktu militar indargabetu dituzte aurten

2014.eko ekainak 16
Muskizen aurkitutakoak gehitu behar zaizkie
 
Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak jatorri militarreko artefaktuak neutralizatzeko egiten dituen interbentzioak mantendu egiten dira urtez urte. Urte honetan, LIUak aipatutako jatorriko 64 artefaktu indargabetu ditu dagoeneko. Horiei Muskizen aurkitutakoak gehitu behar zaizkie. 2013an, Unitateak jatorri horretako 79 artefaktu indargabetu zituen guztira. Gehienak gerra zibilekoak ziren. Itxuraz begien bistakoa bada ere, jaurtigai horiek topatzen dituztenek ez dituzte inoiz manipulatu behar, eta berehala aurkikuntzaren berri eman behar dute SOS-Deiak 112 telefonoan.
 
Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak sorreratik artefaktu militarrak edo arauzkoak indargabetzea izan du zeregin nagusitzat. Jaurtigai horiek hainbat tipologia dituzte: napoleondar gerrak, edota, batez ere, gerra zibiletik edo maniobra militarretatik datoz. 2014an, Unitateak 64 artefaktu militar indargabetu ditu dagoeneko: 32 Bizkaian, 22 Araban eta 10 Gipuzkoan. Horiei Muskizeko baserri batean aurkitutakoak gehitu behar zaizkie. Joan den larunbatean, leherketa bat gertatu zen, eta Bizkaiko udalerriko biztanle batek lesio larriak pairatu zituen. 2013an, Unitateak 79 artefaktu militar indargabetu zituen: 31 Bizkaian, 30 Araban eta 18 Gipuzkoan.

Bildumagile arduragabeak

Artefaktu militarrak lurrak mugitzen diren obretan aurkitzen dira, nahiz eta partikularrek ere aurkitzen dituzten bestelako tokietan: mendian, hondartzan, etxeen inguruan... Gainera, zenbaitetan gertatu da espresuki bilatzen dituzten bildumagileek ere aurkitzea.

Inoiz ez da jaurtigai bat hartu behar, nahiz eta oso itxura hondatua izan eta pentsa dezakegun ez gaudela arriskupean; eta are gutxiago, horiek gorde edo txatarra gisa erabili. Lehergailuak eta espoletak urte askoz egoten dira aktibatuta, eta gainera, denborarekin ezegonkorragoak eta arriskutsuagoak bihurtzen dira. Izan ere, istripuak ere gertatu izan dira; horiek lesio fisiko larriak eragin dituzte okerreko erabilerengatik. Horren adibide dira Muskizeko leherketa edo 2009ko martxoan Arrateko txabola batean gertatu zena. Bi pertsona obus bat manipulatzen ari ziren, eta zauri larriak jasan zituzten. Muskizen, LIUak hirurehun jaurtigailu aurkitu ditu, eta Arraten erretiratutako materialak ia tona bat pisatzen zuen guztira.

Ertzaintzari berehala eman abisua

Artefaktu militar bat aurkitzen denean Ertzaintzari berehala jakinarazi behar zaio, SOS DEIAK 112ren bitartez; horrela, dagokion protokoloa martxan jarriko da. Hurbilen dagoen ertzain-etxeko agenteak bertaratuko dira, eta segurtasun-perimetro bat ezarri edo eremua inguratuko dute; halaber, beharrezkoa bada, inguruan dauden pertsonak irtenarazi ere egingo dituzte prebentzio-moduan.

Bitartean, hurbilen dagoen Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko taldea mobilizatuko da tokira joateko (hiru probintzietan daude). Lehergai-adituek segurtasun-neurriak handitu behar diren zehaztuko dute, eta obusa tokian bertan indargabetu edo suntsi daitekeen edo horretarako beste toki egokiago batera eraman behar den aztertuko dute. Azken horren kasuan, obusak eramateko tresna bat erabiltzen da toki egoki eta gertu batera edo, hala badagokio, unitatearen instalazioetara garraiatzeko.

Artefaktuak indarrik gabe badaude, unitatearen museora eramaten dituzte edo, bestela, hondakinak deuseztatzeko ingurumen-arauen arabera tratatzen dituzte.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    Los artificieros de la Ertzaintza han desactivado este año sesenta y cuatro artefactos militares... http://t.co/GSn92MT40H

Komunikabideek behera kargatzeko