Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Poziktibity proiektuaren bigarren bideoaren aurkezpena Zarautzen

2014.eko ekainak 16

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta lehen mailako surflariak diren Aritz Aranburuk eta Axi Muniainek, Poziktibity proiektuaren bigarren bideoa aurkeztu dute gaur Zarautzen. ‘Poziktibity, hitz eginez’ ekitaldira Zarauzko Orokieta eta Antoniano ikastetxeetako ikasleak hurbildu dira eta baita Axi Muniain-en surf eskolako ikasle batzuk eta denbora libreko hainbat begirale ere.

Gaur goizean aurkeztu den bideoa –Aritz Aranburu eta Hodei Collazorena- serie baten bigarrena da. Poziktibity-ren proiektuaren aurkezpen ekitaldian azaldu zen bezala, bideo hauetan egunero eragiten dizkiguten gai ezberdinak jorratuko dira. Lehenengo bideoan, Aritz Adurizek eta Imanol Agirretxek hizkuntzak jakitea eta hizkuntza hauek erabiltzea zeinen inportantea den gogorarazi ziguten. Bigarren honetan berriz, Aritz Aranburuk eta Hodei Collazok –ezin izan da aurkezpenera etorri-, euskaraz disfrutatzeko eta gozatzeko eskatu digute. Alegia, euskara gure denbora librean ere erabiltzeko esan digute, beraiek egunero egiten duten bezala.

‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da.  Positiboa eta atsegina den zerbait iradokitzen digu. Baita energia, poztasuna, aktibitatea, euskara bizitzeko era bat, eta jarrera bat ere. Jarrera berri bat euskararekiko, irekia, jendea erakartzen duena. Euskara dakitenentzako gonbidapen bat da, erabili dezaten, euskara ongi edo ez hain ongi jakin arren, erabiltzera gonbidatzen duena. Eta gonbidapen bat da ez dakitenentzako ere, euskarara hurbildu daitezen. ‘Poziktibity’, beraz, jarrera bat da, tonu bat, balore batzuk, eta ‘Poziktibity’ dira jarrera hau konpartitzen duten pertsona guztiak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, bigarren bideoaren aurkezpena egin du gaur goizean bi surflariekin batera. Sailburuordeak, bere interbentzioaren hasieran, proiektuaren gaineko balorazio labur bat eskaini du: “egia esan, oso ongi joan da orain arteko guztia. Badira hiru aste jada #poziktibity gizarteari aurkeztu geniola eta oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Bihotzez, eman nahi dizkizuet eskerrak. Bai euskaldunei eta baita euskal hiztunak ez direnei ere, denei. Zuek guztiongatik ez balitz, poziktibity ez litzateke une honetan errealitate bat izango. Eskerrik asko!!”, hasi da Baztarrika.

“Askok usteko duzue ni hona euskaraz egin dezazuen eskatzera natorrela. Eta ez da egia. Nik ez dizuet gaur eta hemen euskaraz egiteko eskatuko. Nik euskaraz gozatzeko eskatu nahiko nizueke. Euskararekin disfrutatzea, alegia. Gozatu ezazue euskaraz, gure protagonistek egiten duten bezala!”, esan du. “Zergatik diodan hau? Bada, konturatzen gara, zenbait kasutan, gazteek euskara beste irakasgai bat bezala hartzen dutela. Deigarria da, zenbait gaztek, gela girotik ateratzerako, euskaraz egiteari uzten diotela, jolas garaian, eskolorduz kanpoko ekintzak burutzean… eta hain justu, aisialdiko uneetan euskaraz egiteak egiten du erabilera hori naturalagoa”, azaldu du Baztarrikak.

Bideoari hasiera eman aurretik, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Hodei Collazo surflaria aurkezpenean ezin izan dela egon aipatu du. Collazok hasieratik hartu du parte proiektuan baina Mexikon txapelketa bat daukanez, ezin izan da Zarautzeraino hurbildu.

Aritz Aranburuk, euskaraz ondo pasatzea, dibertitzea, egunero egiten duen zerbait dela azaldu du. Modu naturalean ateratzen zaion zerbait, hain justu. “Arraroa egiten zait esatea ere, hain da gauza normala niretzako… Zenbaitetan haurrekin uretan topo egiten duzu eta olatua eskatzeko, bada, beharbada, lehenengo gazteleraz eskatzen dizute. Ondoren, euskaldunak garela eta euskaraz hitz egiten dugula ikusten dutenean, bada, hortik aurrera dena euskaraz egiten dugu. Nik uste dut, hainbeste gozatzen duzunean, benetan gustukua duzuna egitean, zerikusi handia duela zein hizkuntzatan egiten duzun. Eta gure kasuan, txikitatik beti euskaraz dibertitu garenez, honek asko markatu gaitu”, azaldu du Aranburuk.

Axi Muniainek berriz, honako hau aipatu du aurkezpenean. “Nik zer esango dizuet bada? Nik guztiz modu naturalean bizi dut euskara. Horretara ohituta nago eta egunero egiten dudan zerbait da. Surfean aritzean, ateratzen zaigun hizkuntzan egiten dugu, eta hori euskara da. Oro har, gure eskolara datozen haurrek euskaraz egin ohi dute eta, beraz, klaseak euskaraz izaten dira. Noski, bada baten bat euskaraz ez dakiena, eta azalpenak gazteleraz ere ematen ditut, modu naturalean, beharren arabera”, azaldu du.

Bideoan grabatutako elkarrizketa hauek guztiak hiru lekutan zabalduko dira: kalean, hedabideetan eta, batez ere, sarean. Bertan, poziktibity.com-en lekutuko dira. Bideoak ikusteaz gain komentatu ahal izango dira eta sare sozialen bitartez partekatu. Jendearen partaidetza da bultzatu nahi dena, denok baikara ‘Poziktibity’.

Baina dena ez da hemen bukatzen. Egitasmo honek zabalkunderako euskarri  desberdinak izango ditu, denak bideotik eratorriak: spotak, kuinak, bannerrak… Pieza hauek guztiek poziktibity.com webgunera eramango gaituzte, berau izango baita elkarrizketen gune nagusia.

Zarautzen, 2014ko ekainaren 16an

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @XabiTxurruka
    2014.eko ekainak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @AxiMuniain: Rueda prensa #poziktibity prentsaurrekoa Zarautz-ko hondartzan.

    Euskararen erabilera aisialdietan sustatzeko... http://t.…

  • @itziarlarraza
    2014.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @AxiMuniain: Rueda prensa #poziktibity prentsaurrekoa Zarautz-ko hondartzan.

    Euskararen erabilera aisialdietan sustatzeko... http://t.…

  • @AxiMuniain
    2014.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    Rueda prensa #poziktibity prentsaurrekoa Zarautz-ko hondartzan.

    Euskararen erabilera aisialdietan sustatzeko... http://t.co/9rqepKQjwU

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aritz Aranburu; Axi Muniain