Berriak Osasuna
Eu

2014ko ekainaren 13an abiaraziko da kontsumitzaileen babeserako lege-erreformaren aplikazioa

2014.eko ekainak 13

Iragan martxoaren 28an argitaratu zen martxoaren 27ko 3/2014 Legea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babeserako araudia nabarmen aldatzen duena.

Legearen xedapenak 2014ko ekainaren 13tik aurrerako kontratuetan aplikatuko dira.

Erreformaren helburu nagusia gure legedia Europako legedia berrienera egokitzea da, hain zuzen, 2011/83/EB Zuzentaraura. Azken horrek aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen; esaterako, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa sustatzea, besteak beste, urruneko kontratazioak eta, batez ere, merkataritza elektronikoak, azkenaldian hartu duten indarra aintzat hartuta.

Erreformaren bestelako berrikuntza aipagarrienen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

 

Kontratu-aurreko informazioa

Enpresak kontsumitzaileari kontratua egin aurretik eman beharreko informazioa orain baino zabalagoa izan beharko da (esaterako, ondasunen lege-bermea, salmenta-osteko zerbitzuen baldintzak eta merkataritza-bermeak gogoraraztea; ordainketa-, entrega- eta gauzapen-prozedurak; erreklamazioen arreta-prozedurak, etab.).

 

Atzera egiteko eskubidea

Urruneko kontratuei eta saltokitik kanpo egindako kontratuei dagokienez, atzera egiteko eskubidea gauzatzeko gutxieneko legezko epea 14 egutegi-egunekoa izango da -kontratuaren xedeko ondasuna jasotzen edo kontratua, zerbitzuak eskaintzea bada kontratuaren xedea, gauzatzen denetik aurrera zenbatu beharrekoa-, orain arte 7 egun baliodunekoa zenez. Hala ere, baldin eta enpresak ez badu kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aipatutako eskubidea gauzatzeko aukeraren gaineko informazioa eta dokumentazioa eskaintzeko betebeharra gauzatu, kontsumitzaileak 12 hilabete gehiago izango du atzera egiteko eskubidea gauzatzeko.

Bestalde, kontsumitzaileari eta erabiltzaileari atzera egiteko eskubidea jakinarazteko ereduzko agiria sortu da, baita eskubide hori gauzatzea errazteko ereduzko inprimaki normalizatua ere.

 

Zama ezkutuak

Erreformak, halaber, zama ezkutuak saihesteko zenbait neurri dakartza.

Enpresek ezingo dizkiete ordainketa-bitarteko jakin batzuk erabiltzeagatiko kostuak ordainarazi erabiltzaileei eta kontsumitzaileei, baldin eta kostuok enpresa horiek ordaindu behar dutena gainditzen badute.

Kontsumitzaileak ez dira ordainketa gehigarriak egitera lotuko, baldin eta ez badute espresuki onartu. Hala, enpresak kontzeptu horrengatiko kenkariak egiten baditu lehenespenezko aukeren bidez (alegia, kontsumitzaileak eta erabiltzeak ordainketa gehigarria ekiditeko baztertu behar dituen aukerak), pertsona horrek dagokion zenbatekoa itzul dakion eskubidea izango du.

Internet bidezko erosketei dagokienez, kontsumitzailea eta erabiltzailea lotuta egoteko, beti onartu beharko du amaierako prezioa transakzioa osatu aurretik. Horrela, enpresak arduratu beharko dira kontsumitzaileek internet bidezko erosketek ordaintzeko betebeharra dakartenaz jakitun direla berresteaz.

Enpresak telefono-linea bat ezartzen badu bezeroekin harremanetan jartzeko, linea hori erabiltzearen kostua ezingo da izan oinarrizko tarifa baino handiagoa.

 

Telefono bidez kontratatzea

Kontsumitzailea eta erabiltzailea onartzen ari denaz erabat jabetzea bermatu nahi da. Hala, enpresak telefonoz deitzen badio kontsumitzaile eta erabiltzaile bati urruneko kontratu bat gauzatu asmoz, idatziz berretsi beharko dio eskaintza, edo –baldin eta pertsonak uko egiten ez badio– beste edozein euskarri iraunkor batean. Kontsumitzaile eta erabiltzailearentzat, kontratua loteslea izango da eskaintza sinatuz onartzen duenetik aurrera edota bere adostasuna idatziz (paperean edo posta elektroniko, fax edo sms bidez) berresten duenetik aurrera.

 

Fakturazio elektronikoa

Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek faktura paperean jasotzeko eskubidea dute (kostu gehigarririk gabe).

Faktura elektronikoa jaulki ahal izango da, baldin eta kontsumitzaileak espresuki baimendu badu. Baimena hori atzera bota ahalko da.

 

Telefono bidezko merkataritza-komunikazioak

Telefono bidezko merkataritza-komunikazioak zenbaki identifikagarri batekin egingo dira; ez dira inola ere egingo 9:00ak baino lehen, ezta 21:00ak baino geroago, jaiegunetan edo asteburuetan ere.

Telefono bidezko jazarpen komertziala (spam) mugatzeko, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak enpresa igortzailearen lehen eskaintza komertziala jasotzen duenean, jakinarazi beharko zaio eskaintza gehiago jasotzeari uko egiteko eskubidea duela.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ezkerraldea_enk
    2014.eko ekainak 15

    Comentario de Twitter:
    El 13 junio 2014 se inicia la aplicación de la reforma legislativa sobre protección de las personas consumidoras
    http://t.co/28iso1tGAy