Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk berretsi egin du biodibertsitatea zaindu eta oneratzeko eusko jaurlaritzak duen konpromisoa

2010.eko maiatzak 21

Biodibertsitatearen Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Sistema aurkeztu du sailburuak

Gasteiz, maiatzak 21.- Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak bere sailak duen konpromisoa azpimarratu du gaur: konpromisoa, Natura 2000 Sareari loturiko EAEko guneak finkatzearekin (EAEren ehuneko 20), arriskuan dauden espezieak babestearekin (animalien % 30 eta landareen % 4) eta ikertuz eta argitalpenak editatuz biodibertsitatearen ezagutza eta zabalkundea handitzearekin.

Pilar Unzalu izan da buru Biodibertsitatearen Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Sistemaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Bihar Biodibertsitatearen Munduko Eguna izango da, eta horregatik egin da ekitaldia, Biologia Aniztasunaren Nazioarteko Urtea den honetan.

Sailburuak gogorarazi du urtarrilean EBren Espainiako lehendakaritzak aurkeztu zuen agirian -"Cibeles lehentasunak. Europan biodibertsitatearen galera geldiaraztea"- zera adierazten zela: Europako lurraldeko espezieen eta habitat moten % 17 bakarrik daudela zaintza-egoera onean; beraz, beharrezkoa da "bizkor eta modu eraginkorrean jokatzea".

Ondoko hau nabarmendu du: 2010aren ondoko Biodibertsitatearen gaineko Ingurumenaren Europako Batzordeak ere epe luzerako ikuspegia eman zuela (2050), biodibertsitatea behar bezala zaindu, balioetsi eta oneratu dadin; eta epe ertainerako beste ikuspegi bat (2020), biologia-aniztasunaren galera geldiarazteko eta ahal den neurrian oneratzeko.

"Uste dut beharrezkoa dela EBren zeharkako politika eta estrategia guztietan biodibertsitatearen babesa behar bezalako garrantziarekin sartzea, eta bereziki etorkizuneko Europa 2020 Estrategian. Estrategia hori 2010eko lehen seihileko honetan ari dira diseinatzen eta eztabaidatzen" adierazi du Pilar Unzaluk, eta biodibertsitatearen galerak duen "arriskua partekatutako konpromiso batekin soilik geldiarazi ahal izango dugula" gehitu du.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak "habitat eta ekosistemetan dugun kapital aberatsa"ren balioaren gainean babesa eta kontzientziazioa bultzatzeko lana indartzeko asmoa duela esan du". Estrategia horretan sartu du Biodibertsitatearen Informazio Sistema abian jartzea.

Pilar Unzaluk zehaztu duenez, Natura 2000 Sareari loturiko habitatak eta espezieak babesteko planak finkatzeko lan egingo du Eusko Jaurlaritzak (Euskal Autonomia Erkidegoaren azaleraren % 20 hartzen dute); gure espezieen babesa indartuko du (animalia espezieen % 30 eta landareen % 4); eta ikertuz, argitalpenak editatuz edo inbentarioak eginez gure biodibertsitatearen ezagutza eta zabalkundea handituko ditu.

"Biodibertsitatearen Informazio Sistemari esker, indartu egin ahal izango ditugu jardute-lerro horiek, natura eta biodibertsitatea babesteko interesa eta kezka duten" eta ingurune elkarreragile horretan parte hartu nahi duten pertsona guztien "partaidetzatik eta lankidetzatik".

Pilar Unzaluk nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak, duen neurrirako, "oso ekologia-aniztasun handia" dauka, biogeografia-egoeragatik eta 1.000 metro baino gehiagoko garaiera-aldeengatik. Ezaugarri horiengatik, aldaera ugari daude: 3.000 espezie landare eta ia 400 ornodun.

Biodibertsitatearen Informazio Sistema informatika-aplikazio bat da, interneten kontsulta daiteke, eta Euskal Autonomia Erkidegoko biodibertsitatearen gaineko informazioa biltzen du. Espezieen eta beren kokapenaren eta habitaten eta lekuen datuak biltzen ditu. 

Sistema horren aurkezpenean, besteak beste, Germán Alonsok, Biodibertsitateko zuzendaria; Marta Iturribarriak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Informazio Zerbitzua); eta Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen Ministerioko Blanca Ruizek hartu dute parte.

www.euskadi.net/biodiversidad

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu