Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Arantza Tapia euskal enpresekin agertu da itsas energiari buruzko azokan Glasgow-n

2014.eko ekainak 11

 

  • Euskadiko enpresen erakusmahaia Arantza Tapiak inauguratu du eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Eibarko Fabrikazio Aurreratuko Zentro berriari eskainitako espazio bat barne hartzen du
  • Energia berriztagarriei Ministerioak ezartzen ari dizkion neurri kaltegarriak salatu ditu eta eolikoaren inguruan aritzen den industriaren aldeko apustua aldarrikatu du

 

Energiaren eta ontzigintzaren sektoreetan lider diren Euskadiko enpresen jarduera biltzen duen Offshore Wind Energy–Basque Country markak bere burua nazioarteko foro espezializatuetan ezagutarazten jarraitzen du, bere eskaintza eta zerbitzuak enpresei, inbertitzaileei eta komunikabideei aurkeztuz. 

Glasgowko Global Offshore Wind azokan antolatu den gaur eguerdiko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak parte hartu du eta zera adierazi du: «Eusko Jaurlaritzak itsasoko haize-energia lehenesten du bere enpresen garapen industrialerako, hazten ari den sektore honen erronkei erantzuteko eta munduko energia-merkatuan lehiatzeko oso ondo kokatuta daudelako».

Offshore Wind Energy–Basque Country markan bilduta, offshore haize-energiari eskainitako Erresuma Batuko ekitaldi nagusian, ondoko enpresak ari dira parte hartzen egunotan: Energiaren Klusterra (Euskadin presentzia daukaten energiaren sektoreko balio-kateko enpresa nagusiak ordezkatzen ditu), Euskal Herriko Itsas Foroa (Euskadiko itsas-sektoreko enpresak sustatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko sortutako enpresa), Navacel (itsas zabaleko haize-energiarako, petrolio eta gaserako, itsasperako eta energia berriztagarrietarako ekipo-ondasunen eta galdaragintza astun eta handiaren fabrikazioan espezializatutako enpresa), Tecnalia (garapen eta ikerketan jarduten duen diziplina anitzeko teknologia-korporazioa), Vicinay Marine Innovación (itsas zabaleko industriari kateak eta ainguraketak hornitzen espezializatutako enpresa), Wind Box-Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du entitatea, Gamesa, Antec, Grupo Glual, Erreka, Hine Group, Laulagun Bearings, Wec, Ik4-Tekniker eta Energiaren Klusterrak osatzen dute, eta hainbat megawatteko –>5MW– aerosorgailuetarako azpisistemak integratu eta baliozkotu ahal izateko lehen mailako ekipamendu berezia eskaintzea da bere helburua) eta ZIV (erakunde globala, itsasoko haize-energiarekin lotutako proiektuetarako produktu-sorta zabala dauka, azpiestazioak automatizatzeko sistemetatik hasita transformadore, etengailu eta konexio-teknologietaraino). Euskadiko lehen mailako beste enpresa batzuek ere –adibidez, Iberdrola eta Gamesa– erakusmahaia jarri dute. 

Euskadiko enpresen helburua nazioarteko proiektuetan parte hartzea da, eta Eusko Jaurlaritzaren babes irmoa jasotzen dute. Hala, erantzun globalak eta balio-kate osoa biltzen duten sinergia berriak eskaini ahal izateko prestatzen ari dira, eta munduan erreferente izan nahi dute, offshore energia eolikoko ekipoen fabrikazioan. Azokan, erakundeetako arduradunek hainbat bileratan eta ekitalditan hartuko dute parte, beren lehiatzeko gaitasunak azaltzeko enpresei, inbertitzaileei eta instituzioetako ordezkariei, lan-sare berriak eta profil altuko aliantzak sortze aldera. 

Euskadi tradizio industrial handiko herrialdea da eta energiaren inguruan berezi egingo duen lehiakortasun-faktore bat eratzen ari da. Euskal energia-sektoreak jada 350 enpresa baino gehiago biltzen ditu, 15.500 milioi euro fakturatzen dute eta 24.000 pertsonari baino gehiagori ematen diote lana. Enpresa horietatik 80 baino gehiago energia eolikoarekin lotuta daude eta balio-kate osoan kualifikazio maila handia eta zerbitzu integralak eskaintzen dituzte.  

Ekitaldian, Euskadiko enpresen aktibo nagusiak lehen eskutik ezagutu eta arduradunekin harremanetan jartzeko interesa zeukaten berrogeita hamar lagun inguruk parte hartu dute; Europako eta nazioarteko proiektuetako, enpresetako eta komunikabideetako ordezkariak eta inbertitzaileak ziren, hain zuzen. 

2. BILBAO MARINE ENERGY WEEK

1. Bilbao Marine Energy Week-ek arrakasta izan ondoren, 2015eko apirilaren 20tik 24ra itsasoko energia berriztagarrien inguruko bigarren edizioa egingo da, Bilbao Exhibition Centren. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Tecnaliaren eta BECen elkarlanari eta Iberdrolaren babes esklusiboari esker, nazioarteko ehunka aditu bilduko dira Euskadin, kongresuan eta erakusketan beren ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Gainera, puntako teknologia-enpresak eta itsasoan parke eolikoak ezartzen aitzindariak izan diren Europako proiektuen garatzaile nagusiak ere erakarriko ditu.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @grupospri
    2014.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [BERRIA] Arantza Tapia euskal enpresekin agertu da itsas energiari buruzko azokan Glasgow-n ➡ http://t.co/ZC8egb8tzb #BasqueCou…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)