Berriak Osasuna
Eu

Mendekotasunen legearen aurreproiektua. (2014-06-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko ekainak 10

LABURPENA

PREBENTZIOA, MENDEKOTASUNAREN EREMUKO ERREALITATE BERRIENTZAKO KONPONBIDEAK AURKITZEA XEDE DUEN ARAUAREN OINARRI NAGUSIA

Adingabeen eta gizatalde ahulenen osasunari erreparatuko dio, bereziki, urtea amaitu baino lehen Legebiltzarrera eraman nahi den legea

Mendekotasunen legearen aurreproiektuaren berri eman dio gaur goizean Osasun sailburu Jon Darponek Gobernu Kontseiluari.

Osasun sailburuak komunikabideen aurreko agerraldian adierazi duen bezalaxe, helburua da urtea amaitu aurretik mendekotasunen legea Legebiltzarrera eramatea; legea zabalagoa izango da eta egungo gizartearen beharrekin bat etorriko da, eta batez ere adingabekoen eta gizarte-egoera ahulenean dauden taldeetako pertsonen osasuna zainduko du.

Lege berriak hurrengo alderdietan sakonduko du: erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, prebentzioa eta adingabekoen alkohol-kontsumoa; jakina, substantziarik gabeko mendekotasunei helduko die, bai eta azken boladan ugaritu diren produktu berriei ere, nikotina aska dezaketen gailuak kasu. Zehazki, hauek dira xedeak, Osasun sailburuaren arabera:

- Mendekotasunei aurre egitea ikuspegi globalagoa erabilita, mendekotasun klasikoak (substantzia batekikoak) zein substantziarik gabekoak barne hartuta. Hortaz, drogazaletasunak izendapen klasikotik mendekotasunak izendapenera igaroko gara, eta inguruko araudi eta estrategien aurrerapen eta bilakaerara egokituko dugu gure araudia.

- Osasun-estilo osasungarrien sustapena eta prebentzioa nabarmentzea, administrazioaren jarduketen ardatz nagusiak diren aldetik.

- Mendekotasunen fenomenoa zeharkakotasuna eta dimentsio-aniztasuna oinarri hartuta lantzea, erlazionatutako edo eraginpeko esparru guztietatik (komunitatea, familia, hezkuntza, lana, justizia, polizia...), ikuspegi globalizatzaile, oso eta planifikatua baliatuta eta era normalizatuan.

- Eskumen-alor eta erakunde bakoitzaren erantzukizunak zehaztea, eta erakunde-, partaidetza- eta koordinazio-egitura egokitzea.

96 artikuluren bidez, esku-hartzeko zenbait esparru nagusi planteatzen ditu arauak, zehazki: osasunaren sustapena eta mendekotasunen prebentzioa, eskaintzaren murriztapena, gizarteratzea eta arreta sanitario eta soziosanitarioa, ezagutzaren garapena eta kudeaketa, eta, amaitzeko, gaiaren inguruko erakunde-antolakuntza.

Ikuspegi integrala hartu da oinarri proposatutako testua idazteko. Era horretan, gure inguruan gehien kontsumitzen diren substantzia mendekotasun-sortzaileak jasotzen ditu, alegia, alkohola, tabakoa, substantzia estupefaziente eta psikotropikoak eta mendekotasuna sor dezaketen industria-produktuak. Berritasun moduan, nikotina aska dezaketen gailuak arautzen ditu legeak. Horretaz aparte, eta lehendabiziko aldiz, jokaera-mendekotasunak edo substantziarik gabeko mendekotasunak (adibidez, ludopatia) barne hartuko ditu araudiak.

Eta, gainera, prebentzioan arreta handia jarriko duenez gero, legean leku izango dute ere mendekotasunen jatorri diren arrisku-faktoreek, substantzien kontsumo arazotsuek, eta jokaera-mendekotasunak sor ditzaketen gehiegizko jarrerek, errealitate berri hauen ondoriozkoak direnak, besteak beste: sare sozialak, teknologia digitalak eta horietarako diseinatutako aplikazio berriak, telefono mugikorrak eta bideojokoak.

Legeak 96 artikulu izango ditu, honela banatuta egongo direnak: zazpi titulu edukiko ditu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen (araudi-garapenari eta indarrean sartzeari buruzkoak).

Atariko tituluak indarreko legeak baino esparru teoriko osoagoa ematen du. Bertan landuko dira legearen esparru materiala, xedeak, definizioak, printzipio orokorrak, prebentzio- eta arreta-ereduaren oinarrizko alderdiak eta pertsonen eskubide eta betebeharrak. Zentzu horretan, bereziki berritzaileak dira pertsonen eskubideen aitorpena eta betebeharren ezarpena, gizarte- edo osasun-zerbitzuen erabiltzaile diren neurrian, baina baita beren askatasun pertsonalaren onarpen gisa.

Legearen lehenengo tituluan, osasun publikoa, osasunaren sustapena eta mendekotasunen prebentzioa jotzen dira lehentasunezko jarduketa-arlo moduan. Hala, berritasun azpimarragarri gisa, kapitulu oso bat eskaintzen zaio osasunaren sustapenari. Osasuna sustatzeko eta mendekotasunak prebenitzeko neurriak biztanleria osoari eta arrisku-egoeran edo egoera ahulean dauden pertsona zein taldeei zuzenduta daude, eta osagarri gisa, jokaerazkoak ez diren mendekotasunak xede dituzten neurri espezifikoak ezarri dira (egur, zientziak ez ditu mendekotasun gisa hartzen), horretarako ahal adina esparru inplikatuz; horien barruan, komunitateak, familiak eta hezkuntzak dute lehentasuna.

Bigarren tituluak eskaintza-murriztapena du hizpide. Prebentziotik bereizi da, eta substantzien arabera egituratuta dago. Horietako bakoitzaren barruan, publizitatea, salmenta, horniketa eta kontsumoa arautzen ditu. Tabakoari dagokionez, gaur egungo zenbait xedapen mantendu dira (nahitaez bete beharreko estatuko araudia); alkoholaren kasuan, berriz, muga handiagoak planteatu dira publizitate, salmenta eta kontsumoari dagokienez (adingabeak babeste aldera); zigarreta elektronikoa tabakoaren pare jarri da, eta kontzientziazio-neurriak ere ezarri dira, ausazko jokoen erabilgarritasuna murrizteko eta teknologia digitalen zentzuzko erabilera bultzatzeko.

Hirugarren tituluak arreta sanitario eta soziosanitarioari heltzen dio eta pertsonen beharretan oinarritutako arreta osoa planteatzen du, normalizazioa eta gizartearatzea xede.

Gizarteratzea laugarren tituluan lantzen da, arreta sanitario eta soziosanitariotik bereizita. Izan ere, osasunekoa ez beste sistema publiko batek gauzatuko du jarduketa kasu horretan, jarduteko printzipio propioekin.

Bosgarren tituluak, ezagutzaren kudeaketari buruzkoak, indarreko legean bananduta eta sakabanatuta dauden alderdiak bateratzen ditu. Mendekotasunen esparruko informazio-lanak aurreikusita daude, osasun-, gizarte-, hezkuntza- eta lan-administrazioak aurrera eramango dituenak. Jarduerak ezartzen dira, ikerketa sustatzen da, eta mendekotasunen inguruko programen ebaluazioa ere barne hartzen da. Horretaz aparte, sariak edo besteko merezimenduak sortzeko aukera irekitzen da, alor horretan lan aipagarria egin duten pertsona publiko nahiz pribatuei aintzatespen publikoa emateko.

Seigarren tituluak erakunde-antolakuntzarekin, plangintzarekin, gizarte-ekimenarekin, koordinazioarekin eta partaidetzarekin lotutako alderdiak ditu hizpide. Horrela, erakundeen eskumenak eta erantzukizunak katalogatu ez ezik, erakunde-egitura egokitzen du. Horren bidez, gaur egungo Sail Arteko Batzordea (Gobernuko sailek bakarrik parte hartzen dute bertan) Gobernuak, foru-aldundiek eta udalek osatutako erakunde arteko batzordea izatera igaroko litzateke.

Amaitzeko, azken tituluak, arau-hauste eta zehapenen ingurukoak, zehapen-araubide berria ezartzen du, eta arau-hausteak argiago sailkatzen, araua eraginkortasunez betetzea lortzeko. Zehapen-eskumenak dituzten organoei dagokienez, honako hauek dira: Gobernu Kontseilua, mendekotasunen alorreko eskumena duen saileko organoa, eta Udalerriak.

Zehapenekin lotuta, berriz, isun errealagoak ezarri dira, zenbatekoak arau-haustearen benetako larritasunera egokituz: arau-hauste arinen kasuan, 600 eurora artekoak izango dira isunak; larriak baldin badira, 10.000 eurora artekoak, eta oso larrien kasuan gehienez ere 600.000 euro ezarri ahalko dira. Egitateak adingabe batek gauzatzen baditu, zehapen ekonomikoa berreziketako neurriekin ordeztu ahalko da, esaterako, arau-hausleak gizartearentzako lanak edo ekintzak egitea, edo mendekotasunekin lotutako prestakuntza- edo informazio-programetan parte hartzea.

INFORMAZIO GEHIGARRIA

Eusko Jaurlaritzak, sorreratik bertatik ia-ia, erakunde arteko ikuspegia baliatuta mendekotasunen fenomenoari heltzeko eta erantzuna emateko konpromiso sendoa hartu zuen. Horretarako, besteak beste hurrengo ekintza hauek gauzatu zituen:

- Droga Arazo Koordinakundearen sorrera, 1981ean.

- Drogazaletasunen esparruko lehenengo Jarduketa Planaren onarpena, 1982an.

- Sail Arteko Batzordea eta Legebiltzar Batzordea martxan jartzea, 1984an.

- Drogamenpekotasunen Aholku Kontseiluaren sorrera, 1991n.

Azken urteotan, bi lege izan ditu Euskadik, 1988koa eta 1998koa (hori hiru aldiz aldatu da).

Drogomendekotasunen lehenengo legea 1988an onartu zen, aldaketa sozial eta politiko sakonak gertatu ziren testuinguruan. Garai hartan, euskal gizartearen arazoen artean lehendabizikoa zen droga. Legeak asmo pedagogiko argia izan zuen, eta droga-mendekotasunen prebentzioan, arretan eta gizarteratzean jarri zuen arreta dagoeneko.

Hamar urte beranduago testu berri bat onartu zen, ekainaren 25eko 18/1998 Legea, hain zuzen, legeria errealitate berrira egokitzeko asmoa zuena, inplikatutako administrazio eta sektore guztien erantzukizun partekatuan eta koordinazioan sakonduko zuen ikuspegia baliatuta. Lege kontinuista izan zen funtsean, eta prebentzio-politikek eraginkortasun handiagoa izatea bilatzen zuen, prebentzio komunitarioko udal-talde teknikoak sortu eta ezartzearen bidez.

18/1998 Legea hiru aldiz aldatu da. Azkenekoa, 2011n, OMEk, Europar Batasunak eta estatuko oinarrizko legeriak planteatutako betekizunetara egokitzeko, osasun publikoaren babesari eta tabakoari dagokienez.

Urte horietan, era berean, planifikazioari garrantzi handia eman zaio erakunde guztietan: droga-mendekotasun edo zaletasunei buruzko sei euskal plan egin dira, bai eta foru- eta toki-planak ere.

Mendekotasunen alorrean, arauek nahiz planek egituratu dute Eusko Jaurlaritzaren politika, eta aukera eman dute prebentzio, arreta eta gizarteratzearekin lotutako programak, babesak eta lorpenak gauzatzeko, guztia ere eraginpeko pertsonei arreta egokia ematea bermatzeko eta substantzien kontsumoak eta abusuak eragindako arazo soziosanitarioei aurre egiteko.

Gainera, 26 urte hauetan zehar asistentzia-sare publiko, dibertsifikatu eta profesionalizatu indartsua sendotuz joan gara: prebentzio-lanak eta osasuna sustatzekoak gauzatzen ditu, baina, era berean, arreta ematea eta gizarteratzea ere ditu helburu, mendekotasunak dituzten pertsonei eta beren senideei arreta osoa eta integratua emanez. Asistentzia-baliabide publiko horien (osasunekoak, sozialak eta soziosanitarioak) osagarri gisa, irabazi asmorik gabeko hainbat elkarte eta erakundek eskainitakoak ditugu; administrazioarekin elkarlan estuan arituz, mendekotasunen eraginpeko pertsonen alde lan egin dute, eta egun ere horretan dihardute.

Halaber, informazioa eta datuak lortzeko eta analisiak egiteko tresna garrantzitsuak ditu Euskadik, mendekotasunekin lotutako politikak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko ezinbestekoak direnak. Hala, Droga Mendekotasunen Behatokiak bildutako ikerketak, Euskadi eta Drogak txosten-multzoa eta Drogak eta Eskola txostenak ere oinarrizkoak izan dira 2014a amaitu baino lehen onartuko den mendekotasunen lege berria egiteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MirenMorillas
    2014.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    Anteproyecto de Ley sobre Adicciones. (Resumen del acuerdo del Consejo de Gobierno del 10-06-2014) http://t.co/K0KdKhhACP