Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Arantza Tapiak Alex Salmond agurtu du Edinburgon. Euskadik eta Eskoziak energia berriztagarrien arloan lankidetzan aritzeko aukera aztertu dute

2014.eko ekainak 12
  • Tapiak euskal enpresek esparru horretan dauzkaten potentzialtasunak azaldu dizkio Eskoziako Energiako ministroari.
  • Euskal ordezkaritzak Europako parke eoliko handiena bisitatu du. Iberdrola enpresarena da eta Glasgowko biztanleen % 30entzako energia ekoizten du.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak lan-bilera bat, eta ondoren otordua, egin ditu, gaur eguerdian, Eskoziako Energia, Enpresa eta Turismoko ministro Fergus Ewingekin. Eskoziako Legebiltzarraren egoitzan izan da topaketa, Edinburgon, bi gobernuetako energia arloko taldeak bertan zirela.Bilera sektoriala aurretik, Arantza Tapia sailburuak Eskoziako lehen ministroa, Alex Salmond agurtzeko aukera izan du.

Euskal ordezkaritza Eskoziako energia arloko estrategiaren xehetasunak lehen eskutik ezagutzeko asmoz joan da bilerara, han energia berriztagarrien alde egin duten apustu argiak sektore horretako euskal enpresei negozio-aukerak ematen baitizkie.

Bi gobernuek etorkizunean Euskadiko eta Eskoziako enpresen arteko lankidetza-ildo posibleetan sakontzeko interesa adierazi dute, bereziki, itsaso zabaleko energia eolikoari eta marea-energiari dagokienez. Gainera, ez dute baztertzen proiektuen garapenean elkarlanean aritzea eta Europako funtsak batera lortzeko moduak aztertzea.

Euskadik, bere energiaren sektore industrialari esker, Eskoziako energiaren esparruan elkarlanean aritzeko dauzkan aukerak aurkeztu ditu sailburuak ministroaren aurrean. 350etik gora enpresaz osatuta dago sektorea, eta enpresa horiek beste 24.000tik gora enpresari lana ematen diete. 

Bi agintariek, ildo horretan, Europako parke eoliko handiena aipatu dute. Iberdrolak ezarri zuen, Glasgown, 539 MW-eko potentzia instalatua dauka eta Glasgowko biztanleen % 30i hornitzen die energia.

 

 Iberdrola Whitelee parke eolikorako bisita

Sailburua bera, Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa, Energiako zuzendari Javier Zarraonandia eta EEEko zuzendari nagusi Pilar Urrutikoetxea biltzen zituen euskal ordezkaritzak instalazio horiek bisitatu zituen, atzo arratsaldean, Iberdrolako Energia Berriztagarrien zuzendari Xabier Viteriren eta ScottishPower Renewable Energy-ko arduradunen eskutik.

Eskozian aurrerapenaren eta energia eolikoa enpleguaren eta aurrerapenaren sorburu gisa onartzearen sinbolo bihurtu da, parketik gertu dagoen interpretazio-zentroari esker, besteak beste. Tokiko bizilagunek, ikastetxeek eta energia berriztagarriekiko interesa daukaten pertsona sentsibilizatuek bisitatu ohi dute.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gaur gauean itzuliko dira Euskadira, bi eguneko egonaldi baten ondoren. Haize- eta itsas-energiaren inguruko Global Offshore Wind Azoka dela-eta egin dute bisita, nagusiki. Azokan, Energiaren Klusterra, Euskal Herriko Itsas Foroa eta Navace, Tecnalia Teknologia Korporazioa, Vicinay Marine Innovación eta ZIV ari dira parte hartzen. 

 

Wind Box-Fabrikazio Aurreratuko Zentroa

Basque Country erakusmahaiak, gainera, Wind Box-Fabrikazio Aurreratuko Zentroa ezagutarazteko espazio bat dauka. Entitatea Gamesa, Antec, Grupo Glual, Erreka, Hine Group, Laulagun Bearings, Wec, Ik4-Tekniker eta Energiaren Klusterrak osatzen dute, hainbat megawatteko (>5MW) aerosorgailuetarako azpisistemak integratu eta balioztatzea ahalbidetuko duen goi-mailako ekipamendu berezi bat eskaintzea du helburu eta azokan interes handia pizten ari da nazioarteko enpresen artean.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @unailarrea
    2014.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOT] Arantza Tapia y Alex Salmond se han reunido en Edimburgo para analizar una colaboración en energías renovables➡ http://t.…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ministro de Energía, Empresas y Turismo, Fergus Ewing