Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak bultzada berria eman dio ikerketari begi-ikuskapenen hobekuntzarako plan baten ezarpenarekin

2014.eko ekainak 09

Planean eskualde-plangintza berri bat, ekipamendu berriztatua eta 85 ertzain formazio bereziarekin, 25 ertzain-etxeetara zuzenduko direnak

Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, polizia-ikerketen alorrari zuzendutako begi-ikuskapenen hobekuntzarako plana aurkeztu du gaur Bilboko ertzain-etxean. Hauek lagunduta egin du aurkezpena: Segurtasuneko sailburuordeak, Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendariak, Gervasio Gabirondok, Ertzaintzaren buruzagiak, Jorge Aldekoak, eta Polizia Zientifikoaren buruzagiak, José María Yurrebasok.

«Planak ikerketa alorrean begi-ikuskapenen antolaketa hobetzeko asmoa du, eta hauek dira helburuak: ikerketen emaitzak hobetzea, herritarren segurtasun-eskaerei hobeto erantzutea, eta aldi berean, oinarrizko krimen-ikerketan trebakuntza sendoa duten profesionalen espezializazioa laguntzea», esan du Segurtasunaren euskal arduradunak.

Ertzaintza Horizonte 2016 Plan estrategikoaren lantaldeak egindako lanaren ondorioa da plana. Unitate desberdinetako ertzain-talde batek osatzen du lantalde hori, eta 2012ko eta 2013ko datu estatistikoen analisia egin dute, honako datuak biltzeko beste batzuen artean: delituen eta ikerketen arteko harremana, herritarrengan delituek duten eragina eta ertzain-etxeen araberako banaketa geografikoa.

Proiektua dagoeneko hasi da martxan jartzen, eta 25 ertzain-etxeetarako eskualde-antolakuntza berri bat planteatzen du. Horretaz gain, puntako ekipamendua eta indarkeriazko delituekin batez ere harremana duten begi-ikuskapenak egiteko 85 pertsonako ertzain-talde bat izango dute eskura ertzain-etxe horiek.

Duten tipologia dela eta (hilketak, sexu-erasoak, antolatutako banden delituak edo terrorismoa) espezializazio tekniko handiagoa behar duten delituak Polizia Zientifikoaren ardura izango dira zuzenean. Polizia-etxe barruko ikerketa-pertsonalak jarraituko du bestelako oinarrizko delituen begi-ikuskapenak egiten.

«Horren bitartez, kasuak ikertzeko eta argitzeko orduan poliziaren eraginkortasuna eta sinesgarritasuna igo nahi dugu. Baina, gainera, begi-ikuskapenak egiteko baliabideen erabilera arrazoizkoa eta eraginkorra erraztu nahi dugu. Horretaz gain, talde egonkorrak sortu, trebakuntza espezializatua eskaini eta unitateen lan-karga egokitu nahi dugu. Azkenik, ertzain-etxeek inplikazio zuzena izan dezatela eta Polizia Zientifikoak buru izango duen elkarlan teknikoa sortzeko asmoa dugu, elkartearen osotasunean eragin biderkatzailea izango duena», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko titularrak.

Polizia zientifikoak zuzenean egindako ikuskapenak kontuan hartu gabe, 2013an zehar 7.510 begi-ikuskapen egin dira Euskal Autonomia Erkidego osoan, hau da, 2,8 egunean eskualde bakoitzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)