Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak bitarteko agenteen beste lanpoltsa bat ireki du, eta 29 plaza esleitu ditu 9 udalerritan

2014.eko ekainak 06

1.800 lagunek eman dute izena deialdian; 247k gainditu dute hautaketa; eta 43k amaitu dute prestakuntzaren lehen txanda

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskal Poliziaren Bitarteko Agenteen beste Lanpoltsa bat abiarazi du gaur goizean, eta lehen 29 plazak esleitu ditu 9 udalerritan. 43 agente hautatu eta prestatu ondoren egin da prozesua. Guztira, baina, 1.800 pertsonek eman zuten izena joan den otsailean irekitako deialdian, eta horietatik 247k gainditu zuten.
 

Sei hilabete baino gutxiagoko epean diseinatu, arautu eta osatu da aipatutako lanpoltsa. Horretarako, ezinbestekoa izan da Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak gidatutako eta sustatutako erakunde-arteko lankidetza, esandako Zuzendaritzak Euskadiko Udaltzaingoekin loturik dituen eskumenak betez.

«Toki Poliziaren Bitarteko Agenteen Lanpoltsa hau Toki Poliziaren baliabide-gabeziaren arazoa konpontzeko helburua duen tresna da, eta arazo hori dugu kostaldeko herrietan lanak gora egiten duelako udan, bai eta mugikortasunagatik estali behar diren bajak, gaixotasunak, lizentziak, eta abar direla-eta eguneroko lana areagotzen delako ere», adierazi du Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, hautapen- eta prestakuntza-prozesua gainditu duten agenteei diplomak emateko ekitaldian.

Nolanahi ere, udalerri gehiagok egin ahal izango dute bat lankidetza-hitzarmenarekin, eta horrela poltsako langileak kontratatzeko eskubidea bereganatu. Uneotan 35 udalerrik sinatu dute hitzarmena eta, ondorioz, poltsa hau erabil dezakete beharrak estaltzeko, hurrengo taulan jasotako biztanle-kopuruaren irizpideari jarraiki (A anexoa).

29 Eskaera

Poltsa abian jartzeko ekitaldian 9 udalerrik egindako 29 eskaerari erantzun zaie. Zehazki: Zarautz (10), Lekeitio (4), Gorliz (4), Getxo (3), Sestao (2), Abadiño (2), Eibar (1), Plentzia (2), Elgoibar (1).

Erantzundako eskaeretatik, 6k iraupen mugagabea dute, plaza hutsa bete arte, eta 23k beste iraupen bat, betiere 6 hileko horizontearekin.

Hamabostean behin, Udaltzaingoak webguneak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webguneak informazio hori eguneratuko dute interesa duten pertsona guztiek horren berri izan dezaten.

43 agente prestatzeko lehen fasea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak –bera arduratu da hautapen- eta prestakuntza-prozesuaz– bigarren txanda hasiko du, Toki Poliziaren beste hainbeste bitarteko agente prestatzeko, ekainaren 16an. Prestakuntza amaitu eta onartu ostean, 2015eko abenduaren 31ra arte indarrean izango den lanpoltsan sartuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)