Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Turismo Zuzendaritzak eta Segittur eta Fundetec sozietateek berrikuntzari, teknologiari eta sustapenari buruzko innovattur foroa antolatu dute

2010.eko maiatzak 20

 

Ekainaren 2an Bilbao Exhibition Center egoitzan egingo da ekitaldi

Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzak, Segittur Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietateak eta Fundetec Fundazioak Barakaldoko Bilbao Exhibition Center egoitzan Innovattur Biltzarra antolatu dute ekainaren 2rako, turismoaren, berrikuntzaren eta teknologien alorreko elkargune izango den biltzarra.

Innovattur Biltzarrak sektorean berrikuntzaren kultura sustatzeko xedea du, baita produktuen, zerbitzuen eta helmugen esparruan teknologia berrien artean berritzaileenak direnak ezagutzera ematea ere.

Horretaz gain, berrikuntzaren eta teknologiaren esparruan erabakigarriak diren ideiak, esperientziak eta joerak, negozioei eta turismo-enpresari aplikatutako Internet barne, labur-labur azaltzeko eta horietan sakontzeko jomuga ere badu Innovattur Biltzarrak.

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Segittur-eko lehendakariak, Fundetec-eko zuzendari nagusiak eta ITH-ko zuzendari nagusiak inauguratuko duten elkargune horrek hiru mahai-inguru eta Basque Culinary Center-eko zuzendariak egingo duen inaugurazio-hitzaldi bat izango ditu.

Mahai-inguruak hiru gairi buruzkoak izango dira. Lehenengoan negozioak berrasmatzeko berrikuntzak duen garrantziaren gaiari helduko zaio, eta hainbat enpresa, esate baterako, Rusticae edo Respiro, gai horretan nola diharduten ezagutzera emango da.

Bigarren mahai-inguruari "teknologia berriak turismoaren zerbitzura" deritzo, eta bertan, Redes, Tradyso, Ferrovial, El Corte Inglés eta Telefónica konpainietako hainbat ordezkarik azalduko dute teknologia berriek nola sortzen duten gauzak egiteko modua erabat eraldatzeko aukera.

Azkenik, bidaiari berrientzako sustapen modu berriei buruz hitz egingo da, eta horretarako, online sustapeneko kanal desberdinetako -gizarte-sareetako, atari bertikaletako, bilatzaileetako, edota bideo eta mugikorreko kanaletako- hainbat ordezkari garrantzitsuk parte hartuko dute; horretaz gain, Espainiaren kasu praktikoa aurkeztuko da turismo-helmuga gisa.

Foro hori turismo-sektoreko profesional publiko nahiz pribatuei zuzenduta dago, beren erakundeetan berrikuntza-prozesuak ezartzeko ahalmena dutenentzat, hain zuzen ere (jatetxeak, alojamenduak, bidaia-agentziak, garraio-konpainiak, turismo-jarduerak eta -baliabideak, helmuga-kudeatzaileak, eta abar).Fororako asistentzia doakoa da. Programa kontsultatzeko eta izena emateko, kontsulta ezazu www.segittur.es webgunea

Informazio gehiago izateko:

Segittur: Nuria Muñoz. Tel.: 91 443 07 07 nuria.munoz@segittur.es

Fundetec: María Rodríguez. Tel.: 91 598 36 97 mrodriguez@fundetec.es

                                              

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 19a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan