Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak hitzarmena sinatu dute, bakea sendotzeko lanetan gazteen partaidetza sustatzeko

2014-06-06

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Itsaso Anduezak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak onartutako Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko elkarrekin jarduteko. Hala, gazteak ere inplikatuko dira bakea sendotzeko ahaleginean.

Hitzarmenak lankidetza-esparru bat ezartzen du Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren artean, gazteek bakearen eta bizikidetzaren alorrean zer iritzi eta esperientzia dituzten partekatzeko, kolektibo horri erremintak emateko bizikidetzaren gatazkak modu eraikitzailean jorratzeko, eta bizikidetzari buruzko proiektuetan sormena, ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza bultzatzeko.

Horretarako, trebakuntza-programa jakin bat ipiniko da abian bizikidetzaren, giza eskubideen eta gatazkak konpontzearen esparruan, eta espazio ireki bat sortuko da gazteek eta gazteen kolektiboek beren lekukotasunak, esperientziak eta ikuspegiak hainbat formatutan bidal ditzaten (argazkiak, bideoak, marrazkiak, audioak, kontakizunak, poesiak, eskulturak...). Ondoren zabaldu egingo dira lanok.

Era berean, gazteen eta gazteen elkarteen arteko topaketa bat ere aurreikusten du hitzarmenak, bakearen eta bizikidetzaren alorreko ikuspegiak trukatzeko, baita iraganeko esperientziak partekatzeko ere. Halaber, literaturako, antzerkiko, zinemako eta beste diziplina artistiko batzuetako lanei buruzko erreferentzia-funtsa sortzeko proiektu bat egingo da; ikuspegi pedagogikotik begiratuta bakea eta bizikidetza oinarri dituen kulturari ekarpena egiteko erabilgarriak izan daitezkeen eta gazteen elkarteen sare osoarentzat eskuragarri egongo diren lanak, hain zuzen.

Helburu horiek lortzeko, Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren bitartez, 65.000 euroko laguntza emango dio Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari. Kontseiluak, halaber, hezkuntzarekin eta gizartearekin lotutako Gizalegez programa hedatuko du, baita Bonos Elkarrekin programa sustatu ere, Bake eta Bizikidetza Planean jasotakoaren arabera.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia ana
    ana
    2014-06-06

    me alegro muchisimo hay que pensar en el furturo de los jovenes de hoy , me ha gustado la noticia animo @iurkullu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Itsaso Andueza,Koldo Bilbao, Elvira García, Asier Jaio, Iñaki Etxeberria, Diana González