Berriak Lehendakaritza
Eu

Hondarribiarren % 42k alarde tradizionala nahiago dute; aldi berean, % 72k konponbide berriak nahi dituzte

2014.eko ekainak 05

Eusko Jaurlaritzaren analisia Hondarribiko herritarrek alardearen gainean dituzten jarrerei buruzko azterlanarekin lotuta

 

Azterlanaren esparrua

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bitartez, Hondarribiko herritarrek alardearen gainean dituzten jarrerei buruzko azterlan bat egin du.

Bi arrazoi egon dira funtsean azterlan hau egiteko. Lehenik, Bizikidetzaren ikuspegitik dagoen kezka, azterlanaren oinarrian dagoena. Bigarrenik, 2013an zuhurtziaz bultzatutako elkarrizketarako ekimen bat, Eusko Jaurlaritza tokiko errealitate horretan sakontzera gonbidatu zuena.

Bi aurrekari horiek oinarri hartuta, azterlanak Hondarribian urtero alardearen ospakizuna dela-eta izaten den egoera hobetzeko aukera aztertu nahi du azterlanak.

Nabarmendu beharreko datu batzuk

·Hondarribiko herritarrek bizi-kalitate eta bizikidetza mailaren gaineko oso pertzepzio ona dute. Hiru laurdenak baino gehiagok uste dute ona edo oso ona dela. Gizarte modernoa eta aurreratua da.

·Hondarribiko biztanleek gehien sentitzen eta maite duten oroitzapena da alardea. Gaur egungo garapenak, ordea, % 16 baino ez ditu gogobetetzen. % 20 axolagabe agertzen dira, eta gainerakoek tristura, lotsa, asperdura edo haserrea sentitzen dute, besteak beste. % 68k intentsitate handiagoz edo txikiagoz uste dute urteko eztabaida horrek eragin negatiboa duela hondarribiarren bizikidetza-giroan.

·% 42ko gehiengo oso argi batek alarde tradizional bakar bat nahiago du. Emakumea alardean barne hartzen duten hainbat ereduren aldeko jarreretan elkartzen dira beste % 43. % 24k berdintasunezko alarde misto bakar bat defendatzen dute, % 12k egungo eredua babesten dute (hau da, alarde ofiziala eta Jaizkibel konpainia), eta % 7ren iritziz, berriz, aukera onena Irunen bezala bi alarde independente antolatzea izango litzateke.

·Etorkizunari begira, Hondarribiko biztanleen lehentasunak ere argi agertzen dira. % 72k uste dute egungo egoera gainditzeko irtenbide berriak bilatzea garrantzitsuagoa dela eredu bat edo beste bat lehenestea baino.

·Gogokoen dituzten irtenbideen artean, honek du babes handiena (% 45): aldeek hitz egitea, amore ematea eta adostasunak lortzea. Herritarrek parte hartzeko espazioak sortzea iradokitzen dute % 22k; erakundeen inplikazio handiagoa eskatzen dute % 21ek, eta, azkenik, % 20k uste dute ikastetxeen eta elkarteen bidez lan egin behar dela.

·Alarde tradizionalaren aldeko gehienek (% 42) bai erantzun diete bi galderari: Bai alarde tradizionalari eta bai akordioak bilatzeari. Alarde mistoaren aldeko gehienek ere (% 24) bai erantzun diete bi galderari: Bai alarde mistoari eta bai akordioak bilatzeari. Datuok onartu behar den errealitate baten berri ematen dute, zorrotz eta erantzukizunez kudeatu beharrekoa.

Ondorio gisa

Inkesta hau egiteko abiapuntua errealitatearen printzipioan kokatzea izan da. Errealitatearen printzipioa hondarribiarren iritzia ezagutzea baino ez da. Azterlanaren emaitza ikusita, errealitatearen printzipio hori bi puntutan laburbil daiteke.

·Hondarribiko biztanle gehienak alarde tradizional bakar baten alde daude.

·Hondarribiko biztanle gehienek egungo egoera gainditzen duen akordio bat nahi dute.

Jarrera kontraesankorrak dira itxuraz, baina jarrera errealak dira. Gizarteari, alderdi politikoei eta erakundeei dagokie bi jarrera horien arteko sintesi eraikitzaile bat bilatzea politikaren, demokraziaren eta elkarrizketaren tresnak erabiliz.

Azterlan hau ikusita, Eusko Jaurlaritzak sentsibilitate sozial eta politiko guztiei elkarrizketa-ahalegin bat egitea iradokitzen die, alardearen ospakizunaren inguruko bizikidetza hobetzeko aukerak bilatzearren.

Amaierako oharra

Sentsibilitate ezberdinetako hondarribiarrek Eusko Jaurlaritzara jo dute azken bi urteetan alardearen gaineko desadostasunak herrialdearen irudian eta bertako bizikidetzan duen eraginarekiko kezka agertzeko, bai eta egoera hobetzen laguntzen duen esku-hartze bat eskatzeko ere. Azterlan hau kezka-esparru horren barruan sartzen da, bizikidetzaren ikuspegitik.

Horiek horrela, elkar-ulertze handiagoa lortzeko ahaleginak eta ekimenak egin behar direlakoan gaude, erakunde bakoitzak gai honen inguruan dagoeneko hartu duen jarrera alde batera utzita, azterlan honek horrelakoak ez baititu ez epaitzen ezta baloratzen ere. Horixe da Eusko Jaurlaritzak orain egiten duen ekarpen honen xedea, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko