Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea kontrolatzeko sare modernoagoa eta malguagoa aurkeztu du

2014.eko ekainak 05

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Airearen kalitatea kontrolatzeko sare berria aurkeztu du Bilbon. Sarea  mugikortasunagatik eta malgutasunagatik nabarmentzen da, 55 estazioetatik sei mugikorrak baitira, eta horietako bi, berriak.

 

Airearen kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko Espainiako estatuko lehen sare automatikoa, eta Europako lehenetako bat Euskadin dago. 1975ekoa da, industriarengatik eta zirkulazioaren gehikuntzarengatik Bilbo Handiko ingurua «atmosfera kutsatuko eremu» izendatu zuten garaikoa, alegia. Behe Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko airea egonkortu ondoren, kontrola Euskadiko gainerako lurraldeetara zabaldu zen. 1981. urtetik, gainera, EAE arduratzen da eginkizun horretaz.

«Lau hamarkadako kudeaketari esker, eskarmentu handia lortu dugu, baina igarotako denboran ekipoak zaharkituta geratu dira eta heterogeneoak dira; beraz, sarea erabat berritu dugu, eraginkortasuna eta malgutasuna handitzeko», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak, sare berriaren aurkezpenean, gaur goizean, Bilbon. Alejandra Iturrioz Ingurumen Administrazioko zuzendaria harekin batera izan da.

 

Lurralde osoa hartzea

Gaur egun, 49 neurketa gune daude: 36 estazio eta 6 unitate mugikor publikoak dira, eta jarduera industrialei lotutako beste 13, pribatuak.

2013ko hasieran, Eusko Jaurlaritza sarea berritzen hasi zen, hura optimizatzeko eta modernizatzeko helburuz. Egitura berria Airearen kalitateari buruzko azken dekretura egokituta dago. Horrenbestez, EAE zortzi eremutan banatu dute airearen kalitatea kudeatzeko: Enkarterriak-Goi Nerbioi, Behe Nerbioi, Kostaldea, Donostialdea, Ibaizabal-Deba Goiena, Goierri, Arabako Lautada eta Erribera.

Azpiegitura berria lehen mailako sare batez eta sare osagarri batez osatuta dago. Lehenak kalitatearen maila nagusiak neurtzen ditu, eta bigarrenak aire kalitatearen aldi baterako arazoak kontrolatzen ditu. Bigarren sare hori estazio pribatuei dagokie.

 

Neurketa ekipoen aurkezpena

Ingurumeneko sailburuordeak bi neurketa-estazio mugikor aurkeztu dizkie hedabideei, eta sare berriaren malgutasuna nabarmendu du. «Unitate hauek Euskadiko edozer tokitan kokatu ahalko dira, estazio finkoren beharrik gabe airearen kalitateari buruzko informazioa lortzeko. Gainera, unitateetako batzuk egungo arazoei lotutako hainbat kutsatzaile aztertzeko gai dira, adibidez, konposatu organiko hegazkorrak edo sufredun konposatuak. Beraz, gizartearen beharrak asetzen dituzte», azaldu du Galerak.

Neurketa estazioek hainbat substantzia neurtzen dituzte denbora errealean: karbono monoxidoa (CO), sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NOx/NO2), ozonoa, partikulak (PM10 eta PM 2,5) eta, zenbait kasutan, BTX (bentzenoa, toluenoa eta xilenoa). Estazio batzuek, gainera, sentsore meteorologikoak dituzte, haizearen abiadura eta norabidea, eguzki erradiazioa, hezetasuna eta prezipitazioak neurtzeko.

Neurketako ekipoek airearen kutsadura erregistratuko dute denbora errealean, eta datuok postu nagusiari bidaliko dizkiote. Horrek airearen kalitatearen indizeak aztertu, baliozkotu eta Eusko Jaurlaritzaren web orrian argitaratuko ditu, erabiltzaile guztiek ulertzeko moduan.

 Neurketa guztiak, www.ingurumena.net webgunean

Informazio hau jasotzen duen Eusko Jaurlaritzaren web orria (www.ingurumena.net) ere erabat berritu dute. Hala, berrikuntzak ditu, adibidez, datuak deskargatzeko aukera –uneko datuak orduka eta historikoak-, GEOeuskadiko bisorearen bidez estazioak ikusteko aukera, eta gailu mugikorren segimendua egiteko aplikazioak.

Airearen kalitatea etengabe hobetzea

Azken hamarkadan, Euskadiko airearen kalitatea hobetu egin da, oro har, inguru guztietan, 2001 eta 2011 arteko adierazleak konparatzeko azterlanak adierazten duenez. Aldi horretan, zenbait kutsatzaile nabarmen txikitu dira, adibidez, karbono monoxidoa (CO) eta sufre dioxidoa (SO2), industriaren bilakaeraren (isurpenak garbitzeko teknologia berriak) eta erregaietatik sufrea deuseztatzearen ondorioz. Gaur egun, lehentasun nagusia ez da kutsatzaile horiek desagerraraztea, beste batzuk baizik, partikulak, ozonoa eta nitrogeno dioxidoa (NO2), kasu.  Ozonoa da kontrolatzeko kutsatzaile zailena, bigarren mailakoa delako, hau da, atmosferan bertan gertatzen den aldaketa kimikoak sortzen du.

Partikulei dagokienez, haien kontzentrazioa ere txikitu egin da 2007. urteaz geroztik. Izan ere, orduan hainbat eskualdek ekintza planak abiarazi zituzten eta emaitzak izan dituzte.

Aztertutako kutsatzaileen artean, joera positiboa ez duen substantzia bat dago, nitrogeno dioxidoa (NO2). Izan ere, hein handi batean, errepide zirkulazio intentsuak eragiten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)