Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Basque Country Logistics marka aurkeztu du, Europako hego-mendebaldeko Garraioen eta Logistikaren ahalmena sendotzeko

2014.eko ekainak 04
  • Oregi sailburua Bartzelonan izan da, Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzen presidenteekin batera
  • Oregiren hitzetan, «Euskadik ahalegin handia egin du Europako sareekin konektatutako azpiegitura multimodalak eraikitzen. Gure kokapen geografiko ezin hobea aprobetxatu dugu, horixe dugulako bertute nagusi; alegia, Europako korridore atlantikoaren penintsularako sarbidea izatea».

 

Basque Country Logistics izena du Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko nahiz Pasaiako portu-agintaritzek, Merkataritza Ganberen eta logistikako enpresen nahiz klusterraren laguntzaz, sortu berri duten markak, ekimenen, aliantzen eta lankidetzen buru izateko eta Euskadik, Iberiar penintsularako sarbidea denez, garraioaren eta logistikaren sektorean duen ahalmena sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburu Ana Oregik gaur goizean aurkeztu du Basque Country Logistics marka Bartzelonan egiten ari diren Logistikaren eta Garraioaren Nazioarteko Azokan. Alboan izan ditu Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzen presidenteak, Algeposako presidentea eta Logistikaren Euskadiko Klusterraren presidentea.

Oregik zehatu duenez, «Euskadik ahalegin handia egin du Europako sareekin konektatutako azpiegitura multimodalak eraikitzen eta zehazten, eta iritsi da garaia era koordinatuan horiei guztiei balioa emateko, izaera multimodala nabarmentzeko eta sinergiak sortzeko. Gure kokapen geografikoa ezin hobea da horretarako guztirako, horixe dugulako bertute nagusi; alegia, Europako korridore atlantikoaren penintsularako sarbidea izatea».

Oregik gogorarazi du itsasertz atlantikoa dela, Mediterraneokoarekin batera, Europar Batasuneko eskualde multzo luze-zabalena; 21 eskualde barne hartzen ditu, tartean, Euskadi, eta 2.500 km-ko kostaldea du, EBren azalera guztiaren % 21 izateaz gain. Korridore horrek 80 milioi biztanle ditu, EBko biztanleriaren ia % 12, Herbehereak eta Eskandinavia barne.

«Egun, kokapena, azpiegitura-sarea, konektibitatea, inbertsioak, multimodaltasuna eta sektorean diharduten enpresak kontuan hartuta, esan daiteke Euskadi bihurtu dela egiazko plataforma logistiko, Iberiar penintsularen eta Europaren arteko zubi lana egiten duena. Aktibo horri balioa eman dio Eusko Jaurlaritzak Basque Country Logistics marka sortuz, lehiakortasuna eta eraginkortasuna areagotzeko; hala, ahalmen logistikoa koordinatu eta egokituko da, industriako eta merkataritzako zamalanen, garraioaren eta banaketaren arloetako behar guztiei erantzuteko», adierazi du Oregik.

Euskadiko garraioaren eta logistikaren ardura duen sailburuaren arabera, «Euskadi eta bere portuak, TEN-T-ko core sarean duten kokapenagatik, itsasalde atlantikoan, Europatik Afrikarako, Amerikarako eta Asiarako sartzeko eta irteteko atea dira, eta logistika multimodal integratua eskaintzen dute. Euskadi penintsularen eta Europaren arteko ia nahitaezko igarobidea da. Errepideko trafikoaren erdia Euskaditik igarotzen da, eta trenbide bidezkoari dagokionez, euskal Y-ak arlo horretan duen parte-hartzea nabarmen areagotzea ekarriko du».

Kataluniako hiriburuan egiten ari den SIL Azokan egin duen agerraldian,Basque Country Logisticsmarkak stand bat du bertan, Oregik adierazi du «Ardatz Atlantikoaren eta Atlantikoko Trenbide-korridorearen inguruan euroguneko biztanleriaren % 25 bizi dela, eta BPGren % 35 dela. Bistan da, beraz, zenbateko garrantzia duen aipatutako ardatzak Europan. Euskadi da TEN-T-ko lehentasunezko ardatzetako bat, eta kokapen geografikoak abantailak dakarzkio, baina baita erantzukizun handia ere, Europan kokapen pribilegiatua izateari ezin zaiolako edonola erantzun».

«Euskadi funtsezkoa da trenbide- eta errepide-sareetan, hala nola itsas loturetan. Itsas autopista horiek direla eta, Euskadi balio erantsiko eskualdea da; Europan zeharreko ibilbideen giltzadura. Gainera, ezin da alde batera utzi mundu osorako konexioak eskaintzen dituela», esan du.

Ana Oregik argitu duenez, «TEN-T-ak beraiek Euskadiren helburuetako bat dira». «Neurria eman behar da. Euskadiren garraio-sarea modernoa da. Urte asko dira gure herrialdean lehentasunezko auzia dela. Hartu kontuan euskal Y trenbidea, edukiera handiko Europan zeharreko errepide-sarea, plataforma logistikoak eta gure portuen etengabeko hobekuntzak. Euskadik urteak daramatza lehia-ingurune ekonomiko elkarlotura egokitzen. TEN-T-ak politika horren sustatzaile dira».

Euskadik hiru erronka nagusi ditu, TEN-T-ren kide den aldetik eta Connecting Europe estrategiaren lehentasunen ondorioz: integrazio modala, trenbide- eta itsas trafikoa handitzeko; elkar-operabilitatea; eta muga-efektuaren eragina murriztea, batez ere trenbideari dagokionez, Europako eta Espainiako trenbide-zabalera desberdinak direlako.

Erronkak

Sailburuaren aburuz, «Euskadi prest dago XXI. mendeko logistikaren eta garraioaren erronkei aurre egiteko. Hori dela eta, auzolana oinarrian dagoen estrategia jarri du abian, bertako azpiegiturek balio erantsia izan dezaten: plataforma, portu eta aireportu sorta bat izatetik eskualde- nahiz Europa-mailako sare integratu eta elkarlotuaren kide izatera igarotzea».

Basque Country Logisticsestrategiak bost helburu nagusi ditu: salgaien garraio jasangarria sustatzeko politikak zehaztea Euskadin; Euskadiko Plataforma Logistiko Intermodalen Sarea zehaztea eta garatzea; Euskadi Iberiar penintsularen eta Europaren arteko katebegi izatea; logistikako eta garraio intermodaleko azpiegituretan oinarritutako eskaintza intermodal koordinatu eta eraginkorra eskaintzea Euskadin; eta ekonomia-bideragarritasuneko eta autoaskitasun finantzarioko (alegia, jasangarritasuneko) irizpideen arabera jardutea.

Basque Country Logisticseskaintza logistiko multimodal eta multipolarra egituratzeko bidea da, Iberiar penintsularen eta Europar Batasunaren arteko salgai-fluxuen lotune izatea duena xede, Afrikatik eta Hego Amerikatik ere datozen salgaien zirkulazioaren igarobide izateko. Salgaien garraiorako hiru bide nagusietan oinarrituko da: trenbidea, itsas garraioa eta errepidea, euren arteko intermodalitatea bultzatuz.

Horretarako, BCLk Bilboko portua erabiliko du, Euskadiko eta Kantauri kostaldeko portu nagusia denez eta Europakocore networken sartuta dagoenez, Europako hego-mendebaldearen eta munduaren arteko eraman-ekarriak itsasoz egiteko. Pasaia mugatik salto batera dago, eta komunikazio ona du errepidez eta trenbidez. Gainera, liderra da Espainian automobilen trafikoan, espezializazio-maila handia duelako. Aurreikuspen ezin hobeak ditu euskal trenbide-sare berriaren garapenaren ondorioz.

Euskadi lehen postuetan dago salgaien aireko garraioaren rankingean. Kokapen estrategikoaz gainera, hegazkin bidez salgaiak garraiatzeko ezaugarri bikaineko instalazioak dira Gasteiz-Forondakoak. Primerako aireportua da zamalanetarako, bai pistaren ahalmenagatik, bai lurreko zerbitzuengatik, edozein eragiketa motari egin baitiezaioke aurre.

«Aireportuaren ahalmenaren erakusgarri da, besteak beste, DHL, TNT edota FEDEX enpresek Gasteiz-Foronda hautatzea. Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat da, halaber, autonomia-erkidegoko aireportuen –Bilbo, Donostia eta Gasteiz– arteko sinergiak aprobetxatzea. Hala, Bilbo-Loiu, Donostia-Hondarribia eta Gasteiz-Foronda aireportu bakar baten hiru terminalak balira bezala erabili nahi dira», adierazi du Ana Oregik.

Euskal plataforma logistikoei dagokienez, Arasur aipatu behar da, Euskadiko hegoaldeko plataforma handia. Azalera nahikoa eta komunikazio ona errepide- eta trenbide-sareekin, horiek dira bere ezaugarriak. Gainera, Bilbo portuari lotutako plataforma izateak balioa eransten dio. Gertu dago Jundiz, Europan zeharreko ardatz Atlantikoan estrategikoki kokatuta dagoena. Ahalmen handiko plataforma multimodala da eta kokapen bikaina du, trenbide-autopista eta trenbidea-errepidea truke intermodala garatzen direnerako. Pasaia-Irun plataforma ere Europan zeharreko trenbide-sarean dago kokatuta, Pasaiako portuarekin sinergiak sortuz. Mugako inbutuak arintzen ditu, intermodaltasuna indartzeaz gain.

Trenbide-sarea.

«Euskal trenbide-sarea da Euskadik Europan zeharreko trenbide-sareari eginiko ekarpena, garraioari dagokionez», esan du Oregik. «Euskal Y-ak Euskadi eta Europa batu eta trenbide-zabaleraren arazoa konpontzen ditu eta trenbide bidezko salgaien garraiorako Europako trenbide-sarean txertatzen gaitu. Trafiko mistoko trenbidea izango da, bidaiariak eta salgaiak, eta garraio jasangarriaren eskakizunak beteko ditu».

Errepideei dagokienez, Euskadi ahalmen handiko autopista- eta autobide-sarea du, kokatuta dagoen Europan zeharreko ardatzaren beharrei erantzuten diena eta herrialdeko instalazio logistiko handietarako sarbidea ematen duena.

«Hala, indarguneak (kokapen geografikoa, azpiegiturak eta logistikaren eta garraioaren sektore kementsua) eta Eusko Jaurlaritzaren bultzada direla eta, Basque Country Logisticssortu da, garenari eta asmo dugunari lankidetzaren balio erantsia gehitzeko», laburbildu du Ana Oregik.

«Basque Country Logistics markak gidatuko ditu aurrerantzean egoki iritzitako erakunde publiko eta pribatuekiko ekimenak, aliantzak eta lankidetzak, beti ere Euskadiko Garraio- eta Logistika-sistemaren bikaintasuna lortzea duela xede, aintzat hartuta kokatuta dagoen ingurune fisikoa; alegia, Iberiar penintsula eta Europa. Gaitasun horiek guztiak nekez garatu eta optimizatu ahalko dira, euskal administrazio publikoen eta enpresa pribatuen artean elkarlanik ez badago. Ondo dakite hori Algeposak eta CAFek».

Basque Country Logistics dela eta, Arabako erakundeek eta Merkataritza eta Industriako Ganberak VIAL-Gasteiz Araba Irtenbide Logistikoa eskaini dute: espezializatutako azpiegiturak eta industria-guneak.

«Denon lana, ekimenak eta ekarpenak dira Euskadiko logistika eta garraioa garatzeko bidea. Elkarlanean ari gara, lehiakor izateko. Euskadik ahalegin handia egin du azpiegiturak definitzen eta eraikitzen, eta azpiegitura horiei guztiei balioa emateko unea iritsi da, modu koordinatuan, izaera multimodala nabarmenduta eta haien arteko sinergiak sortuta Europako sare handien barruan.Hori horrela, Basque Country Logistics marka sortu da», azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko ekainak 05

    La apuesta por Arasur es un gran error de este ejecutivo... ni la ubicación ni sus características la harán nunca una plataforma competitiva... todo esto no deja de ser un nuevo acto de marketing de miembros del régimen del PNV que ha colocado a los suyos en el Cluster (Jose Viteri), Cámaras de Comercio (Esnaola y Corres) y autoridades portuarias (Atutxa y Peña)... muy cerradito el tema vamos

  • 2014.eko ekainak 04

    Gure lanak beti ingelesarekiko lotura izan behar dute? euskaraz ez litzake egokiagoa izango, gurea den izkuntza, kasu honetan Europara zabaltzeko baliagarria izango zen

  • @mirenepalacios
    2014.eko ekainak 04

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco presenta la marca “Basque Country Logistics” para promover el potencial de Transportes y Logís... http://t.co/6w0X4z4hdf

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa, Ricardo Peña, María Luisa Guibert, Víctor Ros, Pedro Esnaola, Eduardo Mozo de Rosales,