Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak berdintasun ezaren eremuak azpimarratu eta lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu

2014.eko ekainak 04

Gaur goizean bildu da Kontseilua, Iñigo Urkullu lehendakariaren lehendakaritzapean eta Izaskun Landaida lehendakari orde  lanetan

Beste txosten batzuen artean, Emakunderen ekintza plana eta Emakume eta gizonen egoerari buruzko zifrak aurkeztu dira

Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua izaera kolegiatua duen zuzendaritza organoa da eta Iñigo Urkullu lehendakaria du kontseiluburu eta Izaskun Landaida Emakundeko Zuzendaria kontseiluburu orde. Kontseilu hau gaur goizean bildu da eta beste txosten batzuen artean bertan aurkeztu da EAEko Emakunderen legegintzaldirako ekintza plana eta Emakume  eta Gizonen egoerari buruzko txostena (2012ko datuetan oinarritutako ikerketa). Ikerketa honetatik, zenbait ondorio atera daitezke, beste batzuen artean honako hauek:

  • Emakumeek lan-merkatuan duten partaidetza % 49,1eraino igo da eta, aldi berean, gizonen jarduera-tasa % 61,1eraino jaitsi da, nahiz eta azken urte honetan 12 puntuko aldea egon oraindik ere.
  • Jarduera-tasaren alde handienak 45 urtetik gora gertatzen dira, garai horretan emakumeek lan produktiboan duten presentzia bat-batean murrizten da eta.
  • Emakumeek enplegu partzialaren % 82,4 hartzen zuten
  • Emakumeek enpresarien ehuneko txikia hartzen dute, eta kooperatibetan ere presentzia txikiagoa dute (% 40tik behera).
  • Emakumeek askoz ere partaidetza txikiagoa dute erakunde ekonomiko eta sozialetan: IBEX-35ean kotizatzen duten EAEko hiru enpresetan emakumeek administrazio-kontseiluen % 25 hartzen dute asko jota (eta inoiz ere ez lehendakaritza). Egoitza soziala EAEn duten finantza-erakundeei dagokienez, antzeko egoera antzematen da: batez beste, bertako erabaki-organoa osatzen duten bost pertsonetatik bakar bat da emakumea
  • Hezkuntza-segregazioa antzeman daiteke emakumeen eta gizonen artean, eta lan-merkatuko segregazioa mantentzen laguntzen du egoera horrek: arlo batzuetan emakumeak argi eta garbi nagusi dira (Osasunaren Zientziak, Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Zientziak); Ingeniaritzan eta Arkitekturan, ordea, gizonak dira ikasleen % 70. Gauza bera gertatzen da Lanbide Heziketako hainbat adarretan.
  • Emakumeek erakunde publikoetan duten partaidetzak bilakaera positiboa izan du baina txikiagoa da udal mailan: 2011ko hauteskundeetan, aukeratutako hamar zinegotzietatik lau inguru emakumeak izan ziren, baina alkatetzei dagokionez, ehuneko horren erdia baino ez (% 22).
  • Argiro ikusten da etxeko lanak oraindik ere emakumeen kontuak direla: biztanleria landunaren kasuan ere, emakumeek denbora gehiago ematen dute etxeko lanetan (2,2, ordu, eta gizonek 1,4), seme-alaba adingabeak zaintzen (4,6 ordu, eta gizonek 2,9), eta mendeko pertsonak zaintzen (2,9 ordu, eta gizonek 1,4).
  • Emakumeak dira, ia-ia osorik, lanean egonik eszedentzia eskatzen dutenak, dela seme-alabak zaintzeko (% 94,8), dela senideak zaintzeko (% 84,1). Ildo beretik, amatasun-prestazioetan ere nagusi-nagusi dira (% 94,5).
  • 2012an 4.977 emakumek jasan dute genero-indarkeria, gehienetan bikotekideak edo bikotekide ohiak eraginda (% 77,2).
  • Erasotzaile gehienak 31 eta 40 urteko tartean daude, nahiz eta erasotzaile gazteagoen ehunekoa ere garrantzitsua izan: % 28,7k 31 urte baino gutxiago ditu.


Emakunderen ekintza plana
Emakundek legegintzaldi honetan aurrera daramatzan ekintzak honako ardatzetan daude oinarrituta: Berdintasunerako gobernantza, balio aldaketa eta emakumeen ahalduntzea, gizartearen antolaketa erantzunkidea eta emakumeen kontrako indarkeriaren desagerraraztea.  

BERDINTASUNERAKO GOBERNANTZAren arloan, Emakunderen lan ildo batzuk dira berdintasunerako egituren sortzea eta indartzea (Berdintasun planak egiteko ematen diren diru-laguntzez gain, aipagarria da aurten sortu dela Berdintasunerako Entitate Publikoen sarea); berdintasunaren aldeko lanean beharrezkoak diren koordinazio egiturak indartu; ikerketa eta estatistiketan genero ikuspegia txertatu (aipagarria arlo honetan EUSTATekin lortutako akordioa martxan jartzeko Europako genero berdintasuneko indizea);  prestakuntza ekintzetan genero ikuspegia txertatu; legeetan Berdintasun printzipioa integratu eta kontratu, diru-laguntza eta hitzarmenetan berdintasun klausulak sartzea bultzatu;  eta kontsulta eta parte hartze organoetan genero ikuspegia txertatu, erakunde publikoek berdintasunerako hiritarren parte hartze órgano bat izan dezaten.  

BALIO ALDAKETA ETA EMAKUMEEN AHALDUNTZEAren alorrean, balioak transmititzen dituzten gizarteko agenteekin lan egiten jarraituko du Emakundek, balioak aldatzeko tresna garrantzitsuak direlakoan. Besteak beste lan egiten kjarraituko da eskoletan hezkidetza proiektuak bultzatuz (Nahiko hezkidetza programa) eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari laguntza eskainiz Hezkidetza Planaren garapenean; indartu egin da komunikabideei zuzendutako lana (Publizitate eta Komunikazio sexista ekiditeko BEGIRA batzordea), gizonak berdintasunean inplikatzea lana mantentzen da (Gizonduz ekimena), eta gizarte osoari zuzendutako hainbat sentsibilizaio ekintza mantentzen dira (kanpainak, Berdintasunerako Gunea, Emakunde saria…)   

Emakumeen ahalduntzeari dagokionez, Emakundek emakumeen autoestimua eta genero kontzientzia bultzatuko ditu emakumeen elkarteei zuzendutako diru-laguntzen bitartez, eta haiei zuzendutako sentsibilizazio eta informazio lanaren bitartez. Taldearen ahalduntzeari dagokionez, jarraituko da lan munduan lan egiten bereziki, enpresetan berdintasun politikak sustatuz.  Eta ahalduntze politiko eta sozialaren alorrean, emakumeen parte hartzea sustatzen jarraituko da Aholkularitza Batzordearen ahalmena indartuz.  

GIZARTEAREN ANTOLAKUNTZA ERANTZUNKIDEAren arloan, Gizonduz eta Nahiko bezalako programen bitartez egindako sentsibilizazio lanaz gain, enpresekin euren berdintasun plan eta diagnostikoak egiteko emandako laguntzaren bitartez lan egingo da eta baita zenbait sentsibilizazio kanpainen bitartez, besteak beste.

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO ardatzean, batetik sentsibilizazio eta prebentzioan egingo da lan, eta bestetik indarkeriaren antzematean eta artatzean.

Sentsibilizazio eta prebentzio arloan, indarkeria sustatu eta mantentzen duten balioak aldatzeko lana egingo da. 2014an egingo diren ekintza batzuk dira Emakundeko Begira batzordeak emakumeen kontrako indarkeria kasuei ematen zaien tratamenduari buruzko gomendio batzuk jarriko ditu komunikabideen eskura, emakumeen artean indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programarekin aurrera jarraituko da, EAEn emakumeen kontrako indarkeri kasuetarako dauden baliabide eta programen eraginkortasuna ebaluatuko da eta, besteak beste, mutilazio genital femeninoaren inguruko ekintza plan bat garatuko da.

Antzemate eta artatzeari dagokionez, helburu estrategikoen artean daude emakumeen kontrako indarkeria ahalik eta azkarren antzematea eta egoera honetan dauden edo egon diren emakumeen atentzio eta babesaren bermea. Aurreikusitako ekintzen artean, genero indarkeriaren aurkako tokiko protokoloak egin eta jarraitzea, lanean jazarpen sexual eta sexistari buruzko protokoloa zabaltzea, profesional ezberdinen artean (osasuna,  gizarte lana, Ertzaintza, abokatuak, epaileak…) indarkeria kasuak azkar antzemateko eta artatzeko prestakuntza bermatzea, edota indarkeria prebenitu edo gaiaren inguruan sentsibilizazio edo prestakuntza sustatzen dituzten elkarteen artean diru-laguntzak banatzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko ekainak 04

    HAY QUE SEGUIR TRABAJANDO POR EUSKADI , TODOS TENEMOS ESTAR UNIDOS , SOBRETODO CONTRA LA VIOLENCIA DE GENERO

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)