
Lehendakariak Erregearen abdikazioaren erabakia errespetatzen du, eta ziklo politiko berriaren aukera baliatzeko deia egin du
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «erabat errespetatzen» duela Erregeak abdikatzeko hartutako erabakia. Bere ustez, gaur ziklo bat itxi da, eta beste bat ireki; euskal-auzia konpontzeko Estatuarentzako beste aukera bat. Bere aburuz, Ordenamendu Juridikoak «euskal eskubide historikoak eguneratzeko eta instituzionalizatzeko» aukera bat eskaintzen du. Urkullu eta bere Gobernua prest daude «garai berriari batera heltzeko» eta «demokrazian, askatasunean eta bizikidetzan» sakontzeko.
Lehendakariak Makina Erremintaren Bienalaren inaugurazioan egin ditu adierazpenok, Bilbao Exhibition Centre-n. Urkulluk erabat errespetatzen du Erregeak hartutako erabakia, eta esan du ez dela «bat-bateko balorazioak egiteko egun bat», ez eta «argi eta itzalen balorazioa egitekoa» ere. Lehendakariaren aburuz, Espainiako Konstituzioaren onarpenarekin 1978an hasitako zikloa itxi da, eta beste bat ireki. «Bide ireki bat», «eskubide historikoen aitorpenaren eta Koroarekiko itunaren binomiotik» planteatu beharrekoa.