Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Prest_gara: Hezkuntza-komunitate guztiarentzako prestakuntza plan berria

2014.eko ekainak 02

Eusko Jaurlaritzak irakasleen eta hezkuntza-komunitate guztiaren prestakuntza plana aurkeztu du

 

Irakasleei zuzendutako prestakuntzaren eskaintza garai berrietara egokitu da, eta ikuspuntua aldatu du. Hezkuntza komunitate guztiari irekitako formazio proposamen gisa jarri da abian Prest_gara, ez irakasleei  bakarrik. Ikastetxeen berrikuntza beharrei erantzuna ematea lehentasun bihurtu da orain, eta prestakuntza prozesu ororen azken xedea ikasleak eta haien konpetentziak dira. Prest_gara plana 2014-2015 ikasturtearekin jarriko da abian, nahiz eta deialdi asko dagoeneko irekita egon. 

Prest_gara planak jauzia dakar. Norbanakoan ardaztutako prestakuntzatik ikastetxea ardatz hartzen duen prestakuntzarako jauzia. Ikastetxeak euren prestakuntzaren protagonista bihurtuko dira. Honela, prestakuntza prozesuak ikastetxeen premietara egokitu behar dira, eta aintzat hartu behar dituzte eskola-elkartearen eskaerak eta premiak. Eman beharreko prestakuntzak eragina izan beharko du ikastetxearen berrikuntza prozesuetan. Gainera, berritasun gisa, formazio orok aurreikusita eduki beharko du izango duen eragina eta inpaktuen balorazioa egitea, bai gelan duena edo ikastetxearen eguneroko jardueran duena (curriculumaren eremuan, antolamenduan, metodologikoan, ebaluazioan…). Proiektu orok, izango duen inpaktuaren adierazleak definituta izango ditu, aipaturiko eragina objetibizatzeko eta sistematizatzeko. 

Etengabeko prestakuntzaren (Prest_gara) azken xedea ikasleak eta euren konpetentziak dira, horretara bideratu behar baita jasotako prestakuntzaren aplikazioa. Gero eta beharrezkoagoa da, beraz, ongi gaitutako irakasleria. Ikaslea azken helburu izatea da prestakuntzari eta berrikuntzari zentzua ematen diona. Horregatik, prestakuntza jasoko duten irakasleei eskatuko zaie, jaso duten hori praktikan ipintzeko konpromisoa. Hizkuntzak ikasteko ikastaroen kasuan berriz, dagokien titulazioa lortu artean ikastaroetan jarraitzea eskatuko zaie.

Hezkuntza-komunitatea, prestakuntza hartzaile

Ikastetxearekin batera, Prest_gara planarentzat hezkuntza komunitate osoa da formazioaren hartzaile. Jasotzaile horien artean sartzen dira: irakasleak, ikasleak, hezkuntzako langileak, familiak edo ikastetxeak erabakitako beste edonor, ikasleekin harreman zuzena izanez gero. Baina zenbait kasutan, eta ikastetxeak egoki ikusten badu, aipaturiko eragile hauek prestakuntza emaile ere bihur daitezke. Prest_gara-k uste du hauek ere komunitateko gainerako kideei zer irakatsi eta zer eskaini izan dezaketela.

Prestakuntza emango dutenen artean, garrantzia hartuko dute Sailaren beraren laguntza zerbitzuek: 19 Berritzegune, 4 Irale zentro, 3 Ingurugela zentro eta Praktika onak dituzten ikastetxeak. Hauekin batera kanpoko erakundeak ere partaide izango dira, hala nola, unibertsitateak, elkarteak edo enpresak.

Praktika onak dituzten ikastetxeak

Prest_gara-k dakarren ikuspuntu berri honekin bat eginez, Praktika onak dituzten ikastetxeetako irakasleek, lehen aldiz, eta euren burua horretarako borondatez aurkezten badute, euren esperientzia EAEko beste ikastetxe  batzuekin partekatu ahal izango dute. 2014-2015 ikasturtean praktika oneko 11 esperientzia (lau ikastetxe saretan garatuak) jarriko dira hezkuntza-komunitate osoaren ezaguerarako. Ikastetxeek eurek egingo diete formazio horren tutoretza, hala eskatzen duten beste ikastetxe batzuei, eta esperientziak aplikatzen hasteko edo testuinguruan ipintzeko lagun izango dituzte. Aurki argitaratuko da deialdia, interesik duten ikastetxeek formazio hori jaso ahal izan dezaten. Praktika onez ari garenean, zera esan nahi da: ikastetxe batean modu jarraian aplikatuz gero, ikasle guztien emaitzetan hobekuntza eragiten duten praktikak.

Formazio plan orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarri dituen bost lehentasun ildoekin zuzenki lotuta egon beharko du, hala nola: eleaniztasunerantz; sare_hezkuntza (teknologia berrien bidezko ikaskuntza); aniztasunean elkarrekin bizitzen ikasi; oinarrizko konpetentzien garapena (ikasten ikasi eta norbera izaten ikasi); bikaintasunerantz praktika onen bidetik.

Prest_gara Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hezkuntza eta gizarte eragileekin harreman estuan garatu duen plana da. Sailaren baitako laguntza zerbitzuez gain, planean parte hartu dute: itunpeko ikastetxeen patronalek, guraso eta irakasle elkarteek, euskal unibertsitateetako Irakasle Eskolek, sindikatuek eta azken urteetako prestakuntza-eskaintzan parte hartu duten enpresa edo elkarteek.

 

Donositan, 2014ko ekainaren 2an.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko ekainak 03

    Kaixo,

    Prest_gara planaren txostenik-edo osatu al duzue? Heziberri planarekin egin zenutenaren antzeko dokumentu edo txostenik ba al duzue?

    Poz ederra hartu dut gaur prentsaurrekoa ikus-entzundakoan!!! Zorionak!!!

    Aritz

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)