Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaletak Berdintasunerako VII Foroa inauguratu du

2010.eko maiatzak 19

Eusko Jaurlaritzak lan-ordutegien eztabaidan liderra izatea erabaki du, "inolako beldurrik gabe"

Berdintasunerako Foroan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak lana eta familia uztartzeko dekretua aurkeztu du. Dekretu horretan, seme-alabak  eta larritasun sanitario handiko menpeko pertsonak zaintzeko eszedentzien eta lan-murrizketen laguntzak jasotzen dira.  

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua gizarte eredu berri bat bilatzeko bidean aurrera egiteko prest agertu da, pertsonek haien beharrak asetzeko eta, aldi berean, erantzukizunei aurre egiteko aukera izan dezaten. Lana eta familia bateragarri egitea -lan-ordutegiak arrazionalizatzeko formulak ezarriz- Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila aspalditik lantzen ari den zeregina da. Eta lan hori Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako V. Planean islatu da, familiaren esparruan bi sexuen artean partekatutako ardurazko kontziliazioaren kontzeptua gaineratuta.

Gemma Zabaletak Berdintasunerako VII. Foroa inauguratu du gaur goizean Gasteizen, "Ardura partekatuko gizarte-antolakuntza baterako garai berriak" goiburua ardatz hartuta. Bere hitzaldian Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak bere nahia adierazi du, lanaldiak "lana eta familia bateragarri egiteko egokiak izan daitezen, sexuen artean desberdintasun gehiago eragin gabe". Horrez gain, azpimarratu duenez, ez dago ezer egiterik gizon eta emakumeen arteko lankidetza leialarekin ez bada.  "Gizartea eraikitzea guztion lana da, eta bi sexuek baldintza berdinetan eta erantzukizun berdinekin egin behar dute".

Sailburuaren hitzetan, Eusko jaurlaritzak lan-ordutegien eztabaidan liderra izatea erabaki du, "inolako beldurrik gabe". "Oztopoak gainditu beharko ditugu, eta klixe zaharrak alboratu, foro guztietan -elkarrizketa sozialeko mahaia barne- eredu berri baterantz aurrera egin ahal izan dezagun, enpresa- eta gizarte-kultura berri baterantz; izan ere, ziur naiz horrek ongizate handiagoa ekarriko diola gizarte osoari".

Eustatek denbora-premisei buruz egindako inkestaren datuen arabera, 2008. urtean emakumeek egunean 3 ordu eta 33 minutu ematen dute batez beste etxeko lanetan, gizonek emandako denboraren halako bi baino zertxobait gehiago.  Horrez gain, adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzen emakumeek 2 ordu eta 18 minutu igarotzen zuten; gizonek, berriz, ordu 1 eta 41 minutu baino ez. "Gai horretan ere oreka handiagoa bilatu behar dugu. Lan horien berdintasunez partekatu behar ditugu. Eta horretarako, beharrezkoa da berdintasuna bultzatuko duten kontziliazio-neurriak ezartzea", adierazi du Zabaletak.

Desberdintasun horiek soldatetan ere islatzen dira. Euskal emakumeek gizonek baino %37,3 gutxiago kobratzen dute, "eta ezin dugu inola ere izan desberdintasun hori finkatzearen aldeko eragile", azpimarratu du sailburuak. Horren ildotik, seme-alabak zaintzeko neurriek gizonezkoen artean izan duten arrakasta eskasa izan dela onartu du (372 gizonek hartu dituzte eszedentziak, 12.346 emakumeen aldean; eta 3.830 gizonek lanaldi-murrizketaren bat, 56.034 emakumeen aldean), eta gizonek eta emakumeek jasotzen dituzten laguntzak parekatzeko dei egin dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari.

Bere hitzaldian Gemma Zabaletak arreta berezia ipini du emakume immigranteen egoeran, eta berdintasun-parametrorik ez dagoela esan du, haien egoera aipatuz. Sailburuak salatu duenez, "egoera administratibo irregularretan aurkitzen dira askotan, eta ekonomia ezkutuaren alderdi ilunenak nozitzen dituzte". Baina emakume immigrante horien lanari esker "ateratzen dira egunero familia asko aurrera". Eta, hala eta guztiz ere, ikusezinak dira gizartearentzat. "Diskriminazio hirukoitza jasaten dute: emakume, immigrante, eta etxeko langile gisa".

"Beraiek eta emakume guztiek behar dute familiari egokitutako lanaldia; izan ere, horrek berehalako onura ekarriko baitio langileen bizi-kalitateari, baina, baita ere, enpresaren kalitateari", azpimarratu du Zabaletak.

Bere hitzaldiaren amaieran lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen dekretu berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu sailburuak, Dekretu hori datozen asteetan argitaratuko dela iragarri ondoren. "Helburua ibilitako bidea finkatzea da, eta bultzada berri bat ematea, ekimen berritzaileen bitartez; besteak beste, gaixo terminalak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketak hartzeko laguntzak. Beste neurri batzuen bidez aukera emango zaie gurasoei eskola-oporretan lana uzteko, edo 8 urtera arteko seme-alabak zaintzen dituztenei lanaldia murrizteko".

Iruzkin bat
  • 2010.eko maiatzak 20

    Yo creo que tal y como están las cosas, los empresarios no van aceptar ningun cambio. Estan ganando la partida a los sindicatos, y tienen a los gobiernos de su lado, por desgracia. La jornada partida impide cualquier tipo de conciliacion familiar, y muxo menos si tienes hijos. Por que no cambian los horarios de los bancos, comercios y demas establecimientos para que quienes trabajan en horario partido pueden ir al banco sin problemas, o a las tiendas de barrio,...

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta