
Eusko Jaurlaritza eta foru aldundien arteko akordioa, “talentudun” kirolarien alorreko lankidetzarako
Lehendabiziko aldiz, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eta hiru Foru Aldundiek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizez, kirolari promesei goi-mailako kirolari izateko bidean laguntzeko lanen segimendua eta koordinazioa egiteko.
Kirol-ibilbide hori kontuan hartuta, eta foru-aldundi bakoitzak emandako kirolari promesen zerrenda hartuta, Batzorde Misto Paritario bat elkartuko da, teknikoa, “kirol talentuak” identifikatzeko; hau da, kirol-ibilbideagatik edota kirol-emaitzengatik, kirolean goi-maila eskuratzeko oso gertu daudela egiaztatu dutenak.
Aldeen arteko hainbat bilera egin ostean, gaur goizez sinatu den hitzarmena lortu da “kirol talentuek” Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren Fadura-Getxoko Hobekuntza Teknikorako zentroaren (HTZ) zerbitzuak eta babesa jaso ditzaten.
Goi-mailako kirolaren antolamendua eta sustapena Eusko Jaurlaritzari dagokio, Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera. Hala, lurralde historikoetako foru-erakundeek dute eskumena kirolari promesei aholkularitza teknikoa eta laguntza ekonomikoa emateko.
Aurrekotik ondorioztatzen da, indarrean den lege-ordenamenduari jarraiki, kirolarien ibilbidea babesteko laguntza publikoak eskumen-esparru hauen arabera taxutzen direla: lehenik eta behin, foru-aldundiek eta, ondoren, Jaularitzak lagundu behar diete kirolari promesa izatetik goi-mailako kirolari izateko bidean, eta laguntza horiek modu koordinatuan eta osagarrian eskaini behar dira.
Gasteizen, 2014ko maiatzaren 29an