Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak behin-behinean erabaki du 35 urtetik gorakoak Ertzaintzara sartzeko probetara aurkeztu ahal izatea

2014.eko maiatzak 29

Gaiari buruzko behin betiko ebazpen judizialaren zain

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak ebazpen bat egingo du datorren astean, eta horretan behin-behinean onartu du 35 urtetik gorako hautagaiak –izena eman dutenak eta gainerako betekizunak betetzen dituztenak– Ertzaintzaren XXIV. promoziora sartzeko probetara aurkeztu ahal izatea. Probetako lehena uztailaren 5ean izango da, BECen.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu ondoren, alegia, datorren ekainaren 6an, Akademiako zuzendariak Ertzainaren oinarrizko eskalara sartzeko probetara onartu eta baztertu dituztenen behin betiko zerrenda argitaratuko du.

Auto judizial baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak probak egiteko aukera eman zion kautelazko neurri gisa 35 urte baino gehiago zituen Ertzaintzarako hautagai bati. Auto horri jarraiki, Akademiak erabaki du izena eman zuten 35 urtetik gorako hautagaiak behin-behinean onartzea.

Azken finean, erabaki honen bidez bi gauza lortu nahi dira. Batetik, Ertzaintzara sartzeko aurreikusitako egutegiarekin jarraitzea –lehen proba, bada, uztailaren 5ean egingo da–, eta, bestetik, izena eman zuten 35 urtetik gorakoei hautaketa-prozesuan behin-behinean parte hartzeko aukera ematea. Dena den, Ertzaintzara sartzeko benetako aukera Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren mende egongo da.

Segurtasun Sailak legezkotasun, indarreko araudi eta Justiziako Auzitegi Nagusiak gai honi buruz egindako epaiekiko errespetua defendatzen du, 35 urtetik gorakoei sartzeko muga jartzeari dagokionez. Neurri horrekin belaunaldi-erreleboari aurre egin nahi zaio, plantillari egonkortasuna eman nahi zaio eta erretiroa hartzeko uneko araubide bereziaren egonkortasuna bermatu nahi da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)