Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Euskadiren europartasuna eta internazionalizazioa ikusten ditu Bilboko Portuko itsas-bidaien ontzietarako terminal berrian

2014.eko maiatzak 28
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua Getxoko hirugarren nasaren inaugurazioan izan da

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, uste du itsas-bidaien ontzietarako terminal berria eta Bilboko Portu osoa Euskadiren europartasunaren irudi bikaina direla. Oregi gaur eguerdian Getxoko hirugarren nasaren inaugurazioan izan da. «Portu azpiegitura handiak Europako ekonomiaren parte egiten gaitu eta bertako jendeari eta gainontzekoei hurbiltzea laguntzen digu», adierazi du. Gainera, sailburuaren hitzetan, «Bilboko Portu Agintaritzak eraikitako itsas-bidaien ontzietarako hirugarren atrakalekua Europarekiko eta munduarekiko dugun bokazioaren sinbolo da, eta bisitan datozenak baldintza onenetan jasotzeko dugun nahia adierazten du».

Bizkaiko ahaldun nagusia, José Luis Bilbao, Getxoko alkatea, Imanol Landa, eta Portu Agintaritzako presidentea, Asier Atutxa, ere bertaratu dira Oregirekin batera itsas-bidaien ontzietarako hirugarren terminalaren inauguraziora.

Bertaratuen aurrean Oregik azaldu du «joan den igandean Europako biztanleek hauteskundeetan etorkizun partekatu baterako duten ideia erakusteko aukera izan zutela; eta zailtasunak egon arren, aukerak asko direla».

Etorkizunerako onurak

«Politikaren bitartez eta ez gerraren dramaren bitartez gatazkak konpontzeko ardura hartu zuen Europak. Egun, bide garrantzitsu bati jarraitu dio, eta ez dugu bide hori alferrik galdu behar, datozen belaunaldi europarrei begira, eta etorkizunez betetako orainaldi bat uzteko horrenbeste sufritu zutenak aintzat hartuz. Europar Parlamentu berria aukeratu eta hurrengo egunean, esfortzua eta adimen politikoa eskatzen dituen Europa horren aitzindarietako baten biografia aurkeztu zuten. Europeista handi hori Jose Antonio Agirre izan zen, gure lehen lehendakaria», esan du Oregik.

«Zergatik aipatu ditut gaur Europa eta Jose Antonio Agirre?», planteatu du Oregi sailburuak. «Sinplea da: Getxon nago, eta Europako zentro bat da Getxo, bai bokazioz eta bai ekintzaz. Horrexegatik, hain zuzen, hitz egiten dut pertsonez eta lurraldeez. Gure Agirre lehendakariak erakutsi zigun herriaren izateko nahiak eta Europan egoteko nahiak elkarrekin joan behar dutela. Eta ez dago Bilbo eta bere portua bezalako errealitate hoberik gure nahi hori aldarrikatzeko. Eusko Jaurlaritza beti egongo da munduari zabalik nortasun partekatu eta plurala eskaintzen digun Europa horren barruan».

Oregiren ustetan, «Euskadi, beharrak eta hemen bizi diren pertsonen nortasunak eraginda, gure herrialdea beti izan da eta oraindik da gainontzekoei zabalik dagoen toki bat, eta etorri nahi dutenak ondo hartzen ditugu. Ideia horiei jarraituz, itsasoa guztiontzat da, baina bereziki Getxo eta Bilborentzat, eta ondorioz Euskadirentzat, Europaren eta munduaren parte garen erakusle».

Logistika

Bizi ditugun garaiekin bat datozen instalazioak inauguratu ditugu gaur, eta frogatu dugu jatorri desberdinetako arazoak ditugun eta krisi-egoeran gauden arren, herrialde honek eta bere instituzioek badakitela erantzunak aurkitzen. Horrela, giza eta gizarte-garapenerako bidetik jarraituko dugu, Europa eraiki zutenek behin eta berriz aldarrikatzen zuten bezala. Hirugarren atrakaleku honek, hortaz, aberatsagoak egiten gaitu, terminoaren zentzu zabalean», esan du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

«Ziur nago aurrera egingo dugula, eta pertsonentzat eta ekonomia-jarduerentzat puntu erakargarri bihurtuko garela. Hori da gure apustua, eta datorren astean Bartzelonan aurkeztuko dugun Basque Country Logistics markan laburbiltzen da. Badakigu gauzak ondo egitea gure identitatearen ezaugarri izan behar dela, eta horrela aurkeztu behar dugula geure burua munduaren aurrean, Jose Antonio Agirreren nahi umil berarekin. Horregatik guztiagatik, Bilboko Portuko Agintaritzatik horrenbeste lan egin dutenei eskerrak ematen dizkiet, azpiegitura berri hauek posible egin dituztelako», adierazi du Oregik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa, José Luis Bilbao, Imanol Landa