Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Finantza-programa berri bat, enpresa txiki eta ertainen esportazio lanetarako

2014.eko maiatzak 29

Ogasun eta Finantza Sailak, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez, finantza-programa berri bat sortzea erabaki du, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen (ETE) likidezia erraztearren eta haien esportazioak ordaindu gabe geratzeko arriskua murriztearren.

Finantzabide hori bat dator Eusko Jaurlaritzak 2014-2016 aldirako onartu berri duen Enpresak Nazioartekotzeko Planarekin. Finantzen Euskal Institutuaren bidez sorturiko finantzabide horrek euskal enpresen sendotasun eta lehiakortasuna sustatzeko helburua du; enpresa txiki eta ertainena, batez ere.

Finantzen Euskal Institutuak enpresari emaniko esportaziorako kreditu-poliza baten bitartez gauzatuko da finantzaketa, esportazio-lanekin lotutako eragiketak estaltzeko.

Finantza-programa hori ezartzeko, Oinarri eta Elkargi elkarren bermerako sozietateek laguntza emango dute, finantza-eragiketak bermatzeko sinatu duten hitzarmenean jasotakoaren arabera.

Programaren onuradunak

Euskadin kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainak; zehazki, Europako ETEen definizioarekin bat datozenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

  1. Jarduera ekonomikoren bat egitea.
  2. 250 langile baino gutxiago edukitzea.
  3. Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
  4. Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoan ez egotea beste enpresa batek edo batzuek partaidetuta, aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dutela.

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jo dezakete programara, baina ezin dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak eta higiezinen arloko jarduerak, besteak beste.

Programari heldu ahal izateko, beharrezkoa da enpresak krisi-egoeran ez egotea –Europako Batzordeak horren gainean emandako definizioaren arabera– eta Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean edukitzea.

Programaren ekintza-arloa

Programaren onuradun izateko, enpresek elkarren bermerako sozietate baten (Oinarri edo Elkargi) abala jaso behar dute. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak eta programan parte hartzen duten elkarren bermerako sozietate biek Lankidetza Hitzarmen bat sinatu dute, aipatutako finantza-eragiketei berme-sistema bat emateko. Elkarren bermerako sozietateek emandako abalek onuradunen finantza-arriskuak bermatuko dituzte Finantzen Euskal Institutuaren aurrean.

Mailegu-eragiketen ezaugarriak

Mailegu-eragiketek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

  1. Tresna: esportaziorako kreditu-poliza.
  2. Gehieneko muga: 1.000.000 euro, onuradun bakoitzeko.
  3. Gehieneko interes-tasa: Hiru hilabeterako euriborra gehi % 1,0. (komisiorik edo gastu gehigarririk gabe)
  4. Epea: 2 edo 3 urte
  5. Funtsen hornidura: EBSak emandako likidezia-ziurtagirien bidez (200.000 euro, gutxienez)


Finantza-programaren gehieneko muga 100 milioi eurokoa da.


Infirmazio gehiago

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @maramarataldea
    2014.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @langune: Finantza-programa berri bat, enpresa txiki eta ertainen esportazio lanetarako http://t.co/XuwTuYV1TT @irekia

  • @langune
    2014.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Finantza-programa berri bat, enpresa txiki eta ertainen esportazio lanetarako http://t.co/XuwTuYV1TT @irekia

  • @laboralempresas
    2014.eko maiatzak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [BERRIA] Finantza-programa berri bat, enpresa txiki eta ertainen esportazio lanetarako ➡ http://t.co/eX6fT930rn #eusnet

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Garay, Finantzen Euskal Institutoaren Zuzendari Nagusia; Pío Aguirre, OINARRIren Zuzendari Nagusia; Pedro Oyarzabal, ELKARGIren Kontseilari eta Zuzendari Nagusia