Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2014.eko maiatzak 30

Iñigo Urkulluk Gobernua Kontrolatzeko Osoko Bilkuran egindako galderei erantzun die:

Galdera, Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Sestaoko alkateak eginiko adierazpenei buruz.

Sestaoko alkatearen «lekuz kanpoko hitzak» deitoratu ditu Iñigo Urkullu Lehendakariak: «Hitzak ez ezik, formak ere desegokiak izan ziren».

Zuhurtzia eskatu du Urkulluk, auzia auzitegian baitago, eta gogorarazi du Sestao «ez dela herri baztertzailea, abegikorra baizik». «Heldu beharreko arazoa delinkuentzia da, gizalegerik eza, elkarbizitzako oinarrizko arauak oso toki jakin batean  errespetatzen ez dituzten pertsona batzuk» esan du Lehendakariak.

Alkatearen hitzez gain, «duela urtebete egindako grabazioak manipulatu, alderdikeriaz erabili eta hauteskunde-eguna baino lau egin lehenago zabaldu izana ere gaitzetsi du».

Galdera, José Antonio Pastor Garrido Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2017an zero defizitaren helburua lortzeari buruz.

Lehendakariak adierazi du Euskadi «legea betetzearekiko konpromisoa duela» eta defizitari eusteko helburua betetzearekiko konpromisoa duela. Haren hitzetan, hazkundea eta enplegua izateko bermea da hori.

Gobernuaren arazo nagusietako bat zorraren karga dela ere esan du Urkulluk. 2009-20111 aldian sortua da zor hori, eta hori dela eta 800 milioi euro ordaindu beharko ditu aurten Jaurlaritzak.  Karga hori gorabehera, Euskadik gaur egun «kontu saneatuak ditu, eta kontrolpean».

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Sestaoko alkateak etorkinekin erakutsitako jarrerari buruz.

Lehendakariak onartu egin du Epaitegian salaketa bat aurkeztua dela eta ez dagokiola berari haren inguruko epairik aurreratzea.

Adierazpenak «doakabeak» direla berretsi du Lehendakariak. Urkulluk azaldu duenez, hitzak ez ziren etorkinei buruzkoak; izan ere, gizatalde horrek «onartu egin ditu emandako azalpenak». Lehendakariak, orobat, gogorarazi du bildu ziren higiezinen agentziek manipulazio hitza erabili zutela.
Haren hitzetan, Sestaoko oso eremu jakin batean den delinkuentzia eta gizalegerik eza da arazoa, ez arrazismoa. «Ez dute zer ikusirik etorkinek delinkuentziarekin», gehitu du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Itzarri BGAEren gobernu-organoetako presidentziako bateragarritasun politikoari buruz.

Lehendakariak gaur baieztatu du ez dagoela kontraesanik euskal enpresei laguntzearen eta euskal enpresen proiektuetan inbertitzen duten aurreikuspen-erakundeen defentsaren artean.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lehendakariak defendatzen duen estatu-ereduari buruz.

Lehendakariak esan du bere estatu-ereduak bost oinarri dituela; hauek, hain zuzen:

1.- Benetako aldebikotasuna
2.- Subiranotasun partekatua
3.- Europan ahots propioa izatea
4.- Autogobernua zeharo garatzea
5.- Legebiltzarrak demokratikoki hartzen dituen erabakiak errespetatzea

Urkulluren hitzetan, kontua da Legebiltzarren hitz egitea eta negoziatzea, gizarteak onartzeko moduko proposamen bat lortzea, hain zuzen. Legebiltzarra da talde politiko bakoitzak bere ikuspegia proposatzeko lekua.

Bere mintzaldian, joan den igandeko hauteskundeen emaitzek «bestelako errealitate nazional bat badela erakusten» dutela adierazi du. Errealitate hori onartu edo ukatu egin liteke. Lehendakariak esan du bere ereduak onartu egiten duela.

Galdera, Oskar Matute García de Jalón EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zero defiziteko politikari buruz.

Defizitaren helburua betetzea eta oinarrizko zerbitzuek bermatzea elkarrekin bateragarriak direla gaineratu du. Halaber esan du kontu publikoen zorroztasuna eta egonkortasuna «inbertsioa, hazkundea eta enpleguaren sorrera» eragiteko «bermea» direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)