Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Dekretua, Igeldoko (Donostia, Gipuzkoa) Funikularra eta Parkea kultur ondasun, monumentu-multzo kategoriarekin, kalifikatzeko dena. (2014-05-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko maiatzak 27

LABURPENA

KULTUR ONDASUN KALIFIKAZIOA IGELDOKO FUNIKULARRA ETA PARKEARI, MONUMENTU-MULTZO KATEGORIAREKIN

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Igeldoko Funikularra eta Parkea (Donostian) kultur ondasun, monumentu multzo kategoriarekin, izendatzen duen Dekretua onartu du

Dekretuak Kultur Ondasunaren zedarriztapena zehazten du, eta kultur interesa duten honako espazio, ondasun higigarri eta higiezinak hartzen ditu bere baitan:
-Funikularraren azpiegitura bera, funtsezko ekipamenduekin, trazatua, makinaria, bagoiak eta eraikinak.
-Funikularra ezarrita dagoen euskarria, azpiegituraren trazatuaren ardatzetik alde banatara lau metroko lur saila barne.
-Parkea, inguratzen duen gune urbanizatuarekin.
-Guztia inguratzen duen lur eremua, bere barnean elementu guztiak batu eta hauen babesa bermatzeko.

Proposatutako zedarriztapenak Igeldoko Funikularra eta Parkea multzoaren balioak babestea du helburu. Bertan, azpiegitura hori da babestu beharreko unitate kulturalak osatzen duen eszenatoki fisikoaren ardatz. Ondasunok eszenatoki fisiko jakin bateko parte dira, eta horregatik, unitate kultural hau ezin da hartu isolatuko elementuen batura gisa, bere testuinguruan ulertuak izan behar dute. Ondorioz, ondasun-multzo hau behar bezala babestu eta balioesteko, beharrezkoa da inguruko eremua ondo zedarritu eta alor horiek ere babestea, jatorrizko izaerari eta multzoaren batasunari eusteko.

Zedarritutako eremuaren barnean, babes berezia jasotzen dute ondoren zehazten diren elementuek. Ondare arkitektonikoari dagokion atalean: funikularraren goiko eta beheko geltokiak (bolumetria, eraikuntza-forma, geltokien barne espazio funtzionalak, beheko geltokiko ataria eta nasaren arteko espazioa eta beheko geltokiaren fatxada nagusiak), dorrearen eraikina (bolumetria, eraikuntza-forma, barne espazioak eta garaiko elementuak) eta parkeko garaiko elementuak (fundizioko barandak, fundizioko iturria, antzinako iragarkiak).

Bide eta trenbide ondareari dagokionean, babes berezia dutenak dira: funikularraren azpiegitura, trazatua, gurutzatze-sistema, bide-euskarria eta beste zenbait ezaugarri, hala nola, bide-zabalera edo materialak. Era berean, parkeko beste zenbait elementu ere garrantzia berezikoak dira, parkeko behatoki-plataforma, eta zenbait jolas asaterako: Erreka Misteriotsua (Río Misterioso), Mendi Suitzarra (Montaña Suiza) eta Txalupen Lakua (Lago de Barcas).

Ondasun higigarrien artean, garrantzia bereziko elementutzat hartzen dira: funikularraren azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen originaltasuna, funtzionatzeko era, bagoiak, garaiko iragarkiak eta plakak.

Igeldoko funikularra 1912ko abuztuan inauguratu zuten, Maria Cristina erreginak eta arlo honetan espezialista zen Von Roll Fonderie de Berne etxe suitzarrak. Konpainia honek linearen ekipamendua osatu zuen, baina Emilio Huici ingeniariaren diseinuarekin eta Severiano Goñi ingeniariaren zuzendaritzapean eraiki zen, Igeldo mendiaren gaineko aldera iristea errazteko. 312 metroko luzera du, eta 151 metroko desnibela gainditzen du. Metalezko zeharragatan gora eta behera dabiltzan bi bagoik osatzen dute, mugitu arazten dituen kable baten bidez elkarri loturikoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau