Berriak Osasuna
Eu

Arnas-aparatuko gaixotasunen arloko 2.500 profesional baino gehiago elkartuko dira Bilbon egingo den SEPAR kongresuan

2014.eko maiatzak 27

Landuko diren gaien artean arnas-aparatuko gaixotasunekin zerikusia dutenak egongo dira: asma, BGBK, logura, tabakismoa, etab.

 

· SEPARen (Pneumologia eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkartea) 47. Biltzar Nazionala ekainaren 6tik 9ra egingo da Bilbon eta 2.500dik gora pneumologo, toraxeko kirurgialari, erizain, arnas-fisioterapeuta eta arnas-osasuneko aditu elkartuko dira. 

· SEPARen biltzarra ekitaldi zientifiko-hezigarria da, bakarra arnas-aparatuko gaixotasunetan, eta punta-puntako ezagutza partekatzea du xede.

. Gainera, Euskadik Osasun-turismoko erreferentzia-gune bihurtu nahi du, eta, horretarako, biltzarrera bertaratuei beren bizimoduari loturiko ekintza bereziak eskainiko dizkie, «Basque style» motakoak, kasu.

2014ko maiatzaren 27a.- Gaur goizean, Pneumologia eta Toraxeko kirurgiaren Espainiako Elkarteak ekainaren 6tik 9ra Bilbon egingo duen 47. Biltzar Nazionala aurkeztu du. Prentsaurrekoan, Pilar Lucas SEPARen presidenteaz eta Alberto Capelastegui Antolakuntza-batzordeko presidenteaz gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegra eta Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza egon dira.

Biltzar hau da ekitaldi zientifiko-ezaugarri nagusia, arnas-gaixotasuneko profesionalei batera lan egitea eta aurrerapausoak ematea ahalbidetzen baitu, betiere pazienteen onura xede dutela; alegia, pazienteen bizi-kalitatea eta emandako arretaren kalitatea hobetzea.

«SEPARen biltzarra arnas-aparatuko gaixotasunen arloan parekorik ez duen ekitaldi zientifiko-hezigarria da. Espezialitateko punta-puntako ezagutza partekatzea da helburua, eta, horretarako, ikerlan berrienen emaitzak aurkezteko hitzaldiak eskaintzen dira, hala nola prestakuntzako ikastaroetan parte hartzeko aukera», azaldu du SEPARen presidente Pilar de Lucas doktoreak.

Ezagutza zientifikoari buruzko SEPARen biltzarrean, arnas-aparatuko gaixotasunen gaineko 2.500dik gora espezialistei ikerkuntzako aurrerapen nagusiak jakinaraziko zaizkie, hala nola arnas-aparatuko gaixotasun nagusien tratamendurako berritasun tekniko eta diagnostikoak: 600dik gora ezagutarazpen, 190dik gora saio zientifiko, sei sinposio, lau debate-aire, hamar gosari diamanteekin, bederatzi hamaiketako irakaslearekin eta hamabi ikastaro.

Bilbon egingo den SEPARen 2014ko biltzarreko presidente eta pneumologo Alberto Capelastegui doktoreak azaldu duenez, «SEPARen Biltzar Nazionalak hizpide izango ditu arnas-aparatuko gaixotasunekin zerikusia duten gai guztiak: asma, BGBK, logura, tabakismoa, toraxeko onkologia, ingurumena eta lan-jatorriko arnas-aparatuko gaixotasunak, arnas-aparatuko infekzioak eta tuberkulosia, birika-zirkulazioa; arnas-erizaintza eta -fisioterapia, transplanteak, oxigenoterapia eta aireztapena; eta espezialitatearen jardunerako beste gai garrantzitsu batzuk».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuorde Guillermo Viñegrak hitzordu honen egokitasuna azpimarratu du, herritarrak kontzientziatzeko tabakorik gabe bizitzearen kanpainarekin bat egiten duenez. «Gaixotasun asko prebenitzeko –esan du–, jokabide eta bizimodu osasungarriak eduki behar dira. Tabakoa da BGBK eta biriketako minbizia bezalako gaixotasunak garatzeko eragile nagusietako bat».

Osasuna, jokabide osasungarriak eta gaixotasuna dutenetan esku-hartzea sustatuko da, gaixotze- eta hilkortasun-tasak nahiz gaixotasunek eragindako desgaitasuna murrizteko, Viñagrak esan duenez. Horiek dira, hain juxtu, 2013-2020 aldirako Euskadiko Osasun Planaren arlo lehenetsiak.

Euskadin, trakeako, bronkioetako eta biriketako minbizia da lehen heriotza-kausa gizonezkoetan, eta hirugarren emakumezkoetan.

BGBKri dagokionez, Osasun sailburuordeak azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburuetako bat diagnostiko goiztiarra, tratamendua eta gaixo egon arteko bizi-kalitatea hobetzea da». Osakidetza aitzindaria da pneumologia-programa askotan. Esaterako, eskaintzen dituen zerbitzuen artean dago BGBKren telemedikuntza, eta, gutxi barru, asmaren telemedikuntza eskainiko du.

Berritasun zientifikoagatik edo garrantzia sozialagatik azpimarratu beharreko gaien artean, Biltzar honetan, besteak beste, honako hauek landuko dira: loaldiko eta gidatu bitarteko apnea, biriketako minbiziaren ingurumen-kausak, biriketako minbizia eta emakumeak, BGBK duten pazienteen telemonitorizazioa, pneumologiako teknika diagnostiko berriak (paziente askok ebakuntza-gela saihestea ahalbidetzen dutenak) edota epe luzerako tabakismoa gainditzea eta Tabakismo-unitateak.

SEPARen 47. Biltzar Nazionala

Aurtengo Manual Tapia irakaspen-hitzaldian Vicente Plaza doktorea mintzatuko da, «Asma, asmatikoa eta pneumologoa» hitzaldiarekin. Toraxeko Kirurgiako irakaspen-hitzaldia, aldiz, Rogelio Fernández Sarmiento doktoreak emango du: Sinadura genetikoa, minbizia aurreikusteko aldagai. Gazte-irakaspena aurrenekoz emango du erizain batek, Cristina Esquinas unibertsitate diplomadunak, hain zuzen: Pneumologiako ikerkuntza: albeolotik goiko aire-bidera.

Azpimarratzekoak dira, halaber, beste sozietate zientifiko batzuekin batera egingo diren saioak; esaterako, nazioarteko erakundeekin egingo direnak (ALAT Toraxaren Latinoamerikako Elkartearekin, SPP Pneumologiako Portugaleko Elkartearekin eta AIACT Toraxeko Kirurgiako Iberoamerikako Elkartearekin) eta estatukoekin egingo direnak (CNPT Tabakismoaren Espainiako Batzordearekin eta CNCT Toraxeko Kirurgiako Espainiako Batzordearekin). Ikastaroen artean, aipatu beharrekoak dira honako hauek: Pneumologo gazteen VI. Espainiako Foroa eta Toraxeko kirurgialari gazteen V. Espainiako Foroa, nagusiki, egoiliarrei zuzentzen zaiena.

Aurten ere SeparPacientes-ek antolatutako pazienteei eskainitako saioa izango da: «7 bizitza, 7 ikasgai, 7 une, 7 ikaskuntza-prozesu» saioan, Etxeko Arnas-terapia duten 7 pazienteren bizitza azalduko da. Bestalde, arnas-osasunarekiko elkartasun-proiektuei eskainitako saioa ere izango da, SeparSolidariak antolatuta.

SEPAR Espainiako elkarte zientifikoak 3.700 kide baino gehiago ditu, tartean, pneumologoak, toraxeko kirurgialariak, erizainak eta arnas-fisioterapeutak eta arnas-osasuneko adituak. Biltzar Nazionala da SEPARen erakusleiho zientifiko gorena, hala nola urteko jarduera klinikoaren eta ikerkuntzaren lorpenak aurkezteko topagunea. Gainera, biltzarrak funtzio sozial garrantzitsu bat betetzen du: pneumologian eta toraxeko kirurgian gorien dauden gaiak herritarrei ezagutaraztea. Halaber, SEPAReko urteko biltzarrak lotuneak ezartzen ditu lan-arlo desberdinen artean, baita elkarte mediko antzekoekin ere, batez ere kideen arteko harremana bultzatuz.

Biltzar- eta osasun-turismoa

Eusko Jaurlaritzak, Basquetour Turismo Agentziaren bitartez, biltzarrak erakarri nahi ditu, gure hiriburuetarako eta herrialde osorako eragin ekonomiko garrantzitsua baitute. SEPAR 2014 da adibide bat.

Kongresuak erakarri eta balioesteko, aisialdiko jarduerak antolatzen dira biltzarkideei zuzenduta, topaketa bakoitzaren ezaugarrien eta lehentasunen arabera.

Hala, egoitza gurea izateak biltzarra herrialdearekin lotzen du, baina, gainera, parte-hartzaileek preskriptore dihardute eta topaketa gure helmuga sustatzeko plataforma bilakatzen da.

Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak 2.500 biltzarkideak zaindu nahi ditu, gu zaintzen gaituzten profesionalak baitira, eta euskal gastronomiari eta tradizioari lotutako jarduera bat antolatu; alegia, Basque stylean, beren errutinatik ateratzea, eta ZTI enpresa hartzaileekin eta «Bilbao paso a paso» enpresarekin lankidetzan, «Pintxo ibilbide» berezi bat prestatu du (ekainak 7an), bai eta musika-jarduerak eta herri-kirolak ere alde zaharrean, Ledesma kalean eta Diputazio kalean. Horixe izango da biltzarrean parte hartuko dutenei zuzendutako gizarte-programa.

Biltzarkideek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gure kultura eta izateko modua. Etxean bezala sentiaraztea espero dugu, eta gure helmugaren mezulari gisa jardutera animatzen ditugu.

SEPAR 2014k osasun-turismoan ere posizionatzen gaitu. 2020ko Euskal Turismo Planean aurreikusitako 128 ekintzetako batek Euskadi osasun-, ongizate- eta edertasun-turismoaren arloko erreferente izatea nahi du.

Osasun-turismoa garrantzitsua da Euskadirentzat; izan ere, laguntza publikoa eta pribatua dugu, eta adituen esanetan, Estatu espainiar osoko osasun-arretarik onena da. Bizi-kalitatearen parametro altuengatik eta kultura- eta aisialdi-eskaintza handiagatik.

Europako hegoaldeko berrikuntza- eta lehiakortasun-polo nagusia garelako. Eta, azkenik, gure kokapen geografiko estrategikoagatik eta gure gizarte-, kultura- eta ekonomia-baldintzengatik.

Horregatik guztiagatik, bada, Euskadik baldintza guztiak betetzen ditu osasun- eta ongizate-zerbitzu espezializatuak esportatzen dituen helmuga bilakatzeko, baina balioetsi egin behar du.

Horrek guztiak tokiko eta munduko eragileen lankidetza publiko-pribatua izan behar du oinarrian; izan ere, Euskadi merkatu honetan posizionatzeko eskaintza lehiakorra egon badago ere, posizionatzea eta finkatzea falta dugu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar de Lucas, Alberto Capelastegui