Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Poziktibity proiektuaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Aretoan

2014.eko maiatzak 26

EiTB-ren lankidetzarekin batera egindako proiektu honek euskararen erabilera bultzatzea du helburutzat.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua den Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, ‘Poziktibity’ proiektua aurkeztu dute gaur Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldi honetan EiTB-ko zuzendaria den Maite Iturbek, Errealeko futbolaria den Imanol Agirretxek eta Athletic-eko aurrelaria den Aritz Adurizek hartu dute parte ere.

‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da. Bere izenari dagokionez, aipatu beharra dago, akronimo bat dela, hiru hitzetatik eratorritako hitz bakar bat: pozik+positivity+activity. Hitz hauen loturatik sortzen da gauza ezberdin asko iradokitzen dizkigun izen hau. ‘Poziktibity’-k testuinguru eleaniztun bat iradokitzen digu. Bi hizkuntza, euskara eta gaztelania, barnean dituen testuinguru bat, alegia. Integrazioa eta modernitatea iradokitzen dizkigu. Baina ez hori bakarrik. ‘Poziktibity’-k gehitzea iradokitzen digu, inoiz ere ez kentzea.
 
Positiboa eta atsegina den zerbait iradokitzen digu. Baita energia, poztasuna, aktibitatea, euskara bizitzeko era bat, eta jarrera bat ere. Jarrera berri bat euskararekiko, irekia, jendea erakartzen duena. Euskara dakitenentzako gonbidapen bat da, erabili dezaten, euskara ongi edo ez hain ongi jakin arren, erabiltzera gonbidatzen duena. Eta gonbidapen bat da ez dakitenentzako ere, euskarara hurbildu daitezen.

Euskaraz ez dakiten pertsonak ere funtsezkoak dira ‘Poziktibity’-n. Guztiok dugu gure tokia proiektu honetan. Aurrekoa errespetatzea ezinbestekoa da gizarte baten elkarbizitzarako. Eta, hizkuntza aukerarekin ere gauza bera gertatzen da. Aurrekoaren hizkuntza aukera errespetatzen badugu, pertsona bezala errespetatuko dugu ere.

‘Poziktibity’, beraz, jarrera bat da, tonu bat, balore batzuk, eta ‘Poziktibity’ dira jarrera hau konpartitzen duten pertsona guztiak. Gero eta ‘Poziktibity’ diren pertsona gehiago izan, orduan eta bizitasun gehiago izango du euskarak eta hobea izango da hizkuntzen arteko bizikidetza. Helburua, beraz, jendea euskaraz hitz egitera animatzea da, lotsak, beldurrak eta segurtasunik ezak alde batera utziz.  

Duela aste batzuk aurkeztu zen V. Mapa Soziolinguistikoa. Mapa honek erakusten du euskararen ezagutza goraka joan dela. Gaur egun, EAEko biztanleriaren %56k euskara neurri batean edo bestean ezagutzen du. Duela 30 urte, aldiz, ez zen %35era iristen. Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean gora joan. Eta honetan eragin nahi du ‘Poziktibity’k.

Helburu honetarako, gizartean erreferente diren pertsonek sortutako elkarrizketez baliatu da ‘Poziktibity’. Pertsona hauek bere jarduera profesionalarengatik dira erreferente, ez euskararekiko izan dezaketen erlazioagatik. Euskaldunak dira eta euskara egunero erabiltzen dute. Formatu ezberdinetan ikusiko ditugun elkarrizketa hauetan, elkarrizketako protagonistek euskararekin esparru ezberdinetan izan dituzten esperientziak kontatzen dizkigute: familian, denbora librean, lanean… Helburua da erreferente hauek egunero egiten duten hori ikustea. Eta hori da euskara bizitzea, euskara erabiltzea. Honek erakusten du gure erreferenteen hizkuntza badela euskera ere.

Gaur goizean ikusgai egon den bideoa –Aritz Aduriz eta Imanol Agirretxerena- serie baten lehenengoa da. Bideo hauetan jorratu nahi diren gaiak, egunero eragiten dizkigutenak dira: zein aukeratzen dugun etxeko hizkuntza, ondo pasatzerakoan nola komunikatu, euskaraz ikasi, edota hizkuntzak jakiteak zenbateraino merezi duen, heldutan ere euskara ikastea zeinen positiboa den, herritar guztien hizkuntza eskubide guztiak errespetatzeak denok egiten gaituela libreago... Hamaika gauzari buruz arituko da Poziktibity.

Bideoan grabatutako elkarrizketa hauek hiru lekutan zabalduko dira: kalean, hedabideetan eta, batez ere, sarean. Bertan, poziktibity.com-en lekutuko dira. Bideoak ikusteaz gain komentatu ahal izango dira eta sare sozialen bitartez partekatu. Jendearen partaidetza da bultzatu nahi dena, denok baikara ‘Poziktibity’.

Baina dena ez da hemen bukatzen. Gaur goizeko aurkezpenean ikusteko aukera izan dugunez, egitasmo honek zabalkunderako euskarri  desberdinak izango ditu, denak bideotik eratorriak: spotak, kuinak, bannerrak… Pieza hauek guztiek poziktibity.com webgunera eramango gaituzte, berau izango baita elkarrizketen gune nagusia.

Honela, telebistan, irratietan, interneten, sare sozialetan, hedabide digitaletan… toki askotan ibiliko da ‘Poziktibity’, beti pozik eta sasoitsu. Eta kalean egongo da ‘Poziktibity’ ere -kalean hasiko dira bideo bakoitzeko elkarrizketak-, kalean izan behar baitu indartsu euskarak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua den Cristina Uriartek esan duenez, “azken urteotan, esan eta esan ari gara geroz eta euskaldun gehiago garela, eta hala da. Hau erabat da poztekoa. Hala ere, euskararen ezagutza eta bere erabilera ez dira neurri berean hazi. Hori neurri batean normala da, baina hori da gu arduratu behar gaituena, eta arduratzen gaituena. Eta hor jarri behar ditugu orain gure indarrak”.

“Hemen sartzen da ‘Poziktibity’ bezalako proiektu bat. Euskaraz mintzatzeko gogoa piztu nahi du egitasmo honek. Jendea, giro positibo batean, animatzea bilatzen du. Eta honetan berdin du asko edo gutxi jakin. Denak behar ditugu. Oso ondo dakitenak eta hain ondo moldatzen ez direnak. Denak. Konplexurik gabe. Beldur eta lotsarik gabe”, azaldu du Uriartek.

“Helburu honetarako, gizartean erreferente diren pertsonak ezinbestekoak dira. Eta honegatik aukeratu ditugu euskal gizartean eta mundu mailan erreferente diren zenbait pertsona. Beren zeregin profesionalarengatik dira ezagunak. Gizartearentzat erreferenteak, zalantzarik gabe. Eta, gainera, oso esparru ezberdinetatik datoz. Eta euskaraz hitz egiten dute, normal-normal”, gehitu du.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak honako hau adierazi du gaur goizeko aurkezpenean: “Badira arrazoi asko hizkuntza bat edo beste bat erabiltzeko hautua egiten denean. Jendeak bere beldurrak, lotsak, konplexuak… ditu eta gauza normala da. Hemen sartzen da ‘Poziktibity’. Hori da bere lekua. Proiektu honek beldurrik eta konplexurik gabeko euskararen erabilera bultzatzen du. Alegia, jendea animatzea da bilatzen duena. Euskara, hizkuntza guztiak bezala, komunikatzeko erreminta bat da, ez gehiago ez gutxiago. Hizkuntza bat da, ez da beste ezer, euskara. Baina gurea da. Eta uste dugu erabiltzea dela euskara maitatzeko modurik onena. Honela, lotsak eta beldurrak gaindituz, bakoitzak dakien bezala, eta duen maila duela, jendea euskara erabiltzera animatu nahi du ‘Poziktibity’-k”.

“Euskararik txarrena egiten ez dena da, eta egiten diren euskara guztiak dira onak. Bikain edo ez hain bikain, suelto-suelto edo baldar xamar, baina hitzetik hortzera erabiltzen dena da euskararik onena. Guk erabili edo ez erabili: hor dago gakoa”, azaldu du Baztarrikak.

Gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie proiektu honetan parte hartu duten erreferenteei: “pribatuan egin dut baina nik, gaur eta hemen, publikoki eskertu nahi diet Aritz eta Imanoli egitasmo honetan -musu truk- parte hartu izana.  Honetan ere erreferente direla erakutsi dute. Eskerrik asko eurei eta baita ere hurrengo bideoetako protagonista direnei ere”, argitu du sailburuordeak.   

Esan bezala, proiektu hau EiTB-ren lankidetzarekin batera eraman da aurrera. EiTB-ko zuzendari orokorra den Maite Iturbek honako hau adierazi du: “euskara EITB sortzeko arrazoietako bat da. Arrazoi nagusia, esango nuke nik. Guk, aktualitatea, egunerokotasuna, informazioa, euskaraz bizi dugunez, gure helburua da geroz eta jende gehiagok eduki hauek euskaraz kontsumitzeko aukera zabala izatea. Eta kontsumitzea. Euskara hizkuntza bizia bada eta honela izaten jarraitzea nahi badugu, honegatik da garrantzitsua EITBk eskaintzen dituen edukietan euskarak presentzia eta protagonismoa izatea. Informazioa dela, entretenimendua dela, dibulgazio tarteak direla,.. denetan”.

“’Poziktibityren’ tonoa gurea ere badenez, eta helburuetan erabat ados gaudenez, hasieratik ikusi genuen garbi proiektu honetan sartzea. Ez genuen inolako zalantzarik izan. Hau denontzeko baita positiboa”, adierazi du Iturbek.

Aritz Adurizek eta Imanol Agirretxek proiektu honetan zergatik parte hartu duten azaldu dute. Gainera, euskararekin bizi izan dituzten esperientziak gurekin partekatu nahi izan dituzte ere: “Gogorra egiten zait euskaraz hobeto manejatzen den ume bat nigana autografo eske hurbiltzen denean gaztelania erabiltzea. Horrek arrazoi sinple bat dauka: Ume horrek gaztelerarekin lotzen nau komunikabideetan batez ere gazteleraz ikusi nauelako. ‘Poziktibity’-k hori aldatzea bilatzen duela uste dut. Ni euskaraz bizi naiz eta ni bezala beste kirolari asko”, azaldu du Agirretxek.

“Zaila zen hasieran hau imaginatzea…orain, egia esan, oso pozik nago ‘Poziktibity’-n parte hartzeagatik, ikusten dudalako gizarteko hainbat inertzia, adibidez oraintxe bertan Imanolek aipatu duena, aldatzen lagundu dezakeela. Zentzu honetan nik egin dudan ekarpenak euskararen erabilera bultzatzeko balio badu, ongi etorri izan dadila. Egia esan, proiektua hobeto ezagututa, oraingoz harroago nago proiektu honetan parte hartzeagatik”, azaldu du aurrelari zurigorriak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Imanol Agirretxe, futbolaria; Aritz Aduriz, futbolaria