Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza ENFSIren urteko bileraz arduratuko da 2016an

2014.eko maiatzak 23

Europan erreferentzia diren 64 auzitegi- eta polizia-laborategi koordinatzen dituen erakunde zientifikoa da

Ertzaintza aukeratu dute ENFSIren 2016ko topaketa antolatzeko. ENFSI auzitegi-zientzien institutuen Europako sareak Europako 36 herrialdetako erreferentziako 64 polizia- eta auzitegi-laborategi koordinatzen ditu. Egunotan Bratislavan egiten ari diren topaketan adostu dute Ertzaintzaren izendapena, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediaren ustez, «Europako auzitegiko mediku espezialistek gure poliziak ikerketa zientifikoan lortu duen maila handia aintzatetsi dute, eta gure espezialisten eta Europako gainerako adituen arteko harremanak sustatzeko eta informazioa trukatzeko aukera da».

ENFSIko (European Network of Forensic Science Institutes) kideen gehiengoak gaur Bratislavan hartu duen erabakiari jarraiki, Ertzaintza –zehazki, Ikerketa Kriminaleko Atala, eta, horren barruan, Polizia Zientifikoko Unitatea– arduratuko da erakundearen 28. topaketa antolatzeaz 2016ko maiatzean, bai eta polizia-laborategietako arduradunak bere instalazioetan hartzeaz ere. «Aukera handia da Ertzaintzarentzat auzitegiko ikerketaren arloan egin duen ahalegin guztia finkatzeko, eta Europako poliziek, batik bat Schengen espaziokoek, bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gure espezialisten prestakuntza, instalazioak eta dituzten baliabideak. Gainera, mota honetako ekitaldiek lehen mailako nazioarteko adituak erakartzen dituzte, eta bikainak dira Euskadiren errealitatea ezagutarazteko, bai eta Euskadik polizia-esparruaz bestelako esparruetan dituen ahalmenak sustatzeko ere», esan du Beltrán de Herediak.

ENFSIko zuzendarien urteko bileren helburua erakundearen beraren funtzionamenduaren alderdi exekutiboak eztabaidatzea da, bai eta egoera ekonomikoa, plan estrategikoak, proiektuen egoera, lantaldeen emaitzak eta bilakaera eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako funtsak ere, besteak beste.

Ertzaintza, eskubide osoko kide 2006az geroztik

Ertzaintza 2006ko abenduan sartu zen ENFSIn, eskubide osoko kide gisa, Zuzendaritza Kontseiluak alde erabaki ondoren, eta espezialistek euskal polizia zientifikoaren maila teknikoa eta bere laborategien garapen maila, prozedurak eta lan-protokoloak (ISO 7025 kalitate-ziurtapenaren bidez egiaztatuta) egiaztatu ondoren. Sartzeko eskaera sei hilabete lehenago egin zen, eta sartzeko prozesuan, ENFSIren ordezkariek Erandioko Polizia Zientifikoko Unitatearen egoitza ikuskatu zuten eta Unitateko arduradunak elkarrizketatu zituzten. Horrez gain, espezialistek bazuten Ertzaintzak auzitegiko ikerketan egindako lanaren berri.

Lehen mailako truke zientifikoa

ENFSIren, auzitegi-zientziaren arloan mundu mailan aintzatesten duten erakundearen, xedea ezagutzak partekatzea, esperientziak trukatzea eta auzitegi-zientziaren arloan akordioak egitea da, eta, horrez gain, laborategi guztiak jardunbide egokiak egitera eta nazioarteko estandarrak jarraitzera animatzea, kalitatea eta gaitasuna bermatzeko. Gainera, lantaldeak ezartzen ditu, espezialitateen arabera: ADNa, dokumentuak, drogak, lehergaiak, hatz-markak, suzko armak, sute eta leherketen ikerketa, auzitegiko informazio-teknologiak, audio-analisiak, grafistika, trazuak, begizko ikuskapenak, pintura, beira, zuntz eta ileen analisia, irudi digitala, eta lurren analisia.

Hastapenetan, hamaika kide

ENFSI 1992an sortu zen, Europa Mendebaldeko gobernuetako laborategi kriminalistikoen zuzendariek denen intereseko gaiei buruzko informazioa trukatzeko aldizkako topaketak antolatzea erabaki zutenean. Lehen bilera Rijswijk-en (Holanda) egin zen, eta 11 laborategi izan ziren. Ondoren, berriro bildu ziren 1994an, Linköping-en (Suedian), eta lehen akordio-txostena onartu zuten. Urtebete geroago, 1995eko urriaren 20an, sorrera-bilera antolatu zen. Egun horretan sortu zen, bada, ofizialki gaur egun ezagutzen dugun erakundea. Topaketa horretan, erakundearen funtzionamendua arautzen duen akordioa sinatzeaz gain, lehen batzorde ofiziala aukeratu zuten, bai eta erakundearen logotipoa ere (begi europarra).

Hasieratik erabaki zuten Europako herrialde guztiek izango zutela ENFSIn sartzeko aukera, Europako auzitegi-zientziaren garapenaren eta aurkezpenaren kalitatea munduko abangoardian dagoela bermatzeko, beren ekarpenen bitartez. Berehala finkatu zen erakunde gisa, eta laborategiak barruan egotea ofizializatu egin zen. Gainera, Idazkaritza bat sortu zen, presidentearen zuzendaritzapean. Harrezkero, azkar hazi da: hasieran 11 kide ziren, eta, orain, 64, 36 herrialdetakoak.

 

                

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko