Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Aldundiak eta udalek harrera ona egin diote Eusko Jaurlaritzak Txingudi hobetzeko egindako diagnostikoari

2014-05-23
  • Txingudiko eta Bidasoko badia      leheneratzeko eta kontserbatzeko batzordeak ekainaren 20ra arteko epea      ireki du ekarpenak 
  • Josean Galera: «Txingudik etorkizun handiko garapena du aurretik aldundiaren, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren adostasuna badago»

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Txingudiko eta Bidasoko badiako padurak leheneratzeko gaur goizean aurkeztu dituen diagnostikoari eta plan zuzentzailearen proiektuari «oso harrera ona egin diete Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Irungo eta Hondarribiko Udalek» Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak azaldutakoaren arabera.

Batzordearen presidentea da Galera, eta Txingudiko eta Bidasoko badiaren babes-eremua leheneratzeko eta kontserbatzeko hitzarmen-proiektu berriaren proposamenak aztertu dira bileran, babes-eremuak barne hartuta. Halaber, proposatutako jarduera bakoitzaren ordezko jarduerak eta kostuak jasoko dituen Plan Zuzentzailea zehaztea aztertuko da, jarduera-esparru integratu bat ezartzea beharrezkoa baita. Esparru horrek barne hartuko ditu kirol-instalazioen eragiketak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren artean finantzatzeari buruzko alderdiak.

«Ekainaren 20ra arteko epe bat irekitzea hitzartu dugu ekarpenak egiteko», azaldu du Josean Galerak. «Txingudik etorkizun handiko garapena du aurretik aldundiaren, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren adostasuna badago, eta bide onetik goazela uste dut. Eusko Jaurlaritzak plan zuzentzaile bat prestatuko du ekarpen horiekin, eta jarduteko hitzarmen berri bat proposatuko du. Ahalegin egin beharra dago Euskadiko natura-ondarearen aberastasun hau ahalik eta egoera onean kontserba dadin».

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran aurkeztu duen diagnostikoa eztabaidarako, xehetasunak egiteko eta eguneratzeko abiapuntua da, gerora, bertsio zehatzagoak egin ahal izateko. Administrazioek egindako jarduerak jasotzen ditu lanak, batez ere, Eusko Jaurlaritzak gaur arte egindakoak.

Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen Plan Zuzentzailea mugaz gaindiko izaeran oinarrituta dago. Plaiaundiko kirol-instalazioak birkokatzeko aukerak aztertzea eta horretarako prozedura administratiboa eta bide-orria diseinatzea du xede. Erabilera Plana gauzatzeko irizpideak iradokitzeko ere baliagarria izan beharko da, hala nola Plaiaundiko, Jaizubiako eta Hendaiako padurak hobetzeko edo handitzeko eta bidegorri bidez lotzeko aukerak aztertzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)