Oregik Ingeniaritza Eskolako irakasleen ahalegina goraipatu du, Arabako Kartografia Historikoa egin dutela-eta
- Euskal Herriko garai bateko planoen erakusketa bisitatu du EHUko Arabako Campusean
- Eugenio Ruiz Urrestarazu eta Elena Leterekin batera, unibertsitate-liburutegiko irakaskuntzarako eta ikerketarako artxibo digitalen zeregina nabarmendu du
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasleen ahalegina goraipatu du gaur goizean, Arabako Kartografia Historikoaren inbentario xehatua egin baitute. Euskal Herriko Unibertsitateko liburutegiko irakaskuntzarako eta ikerketarako artxibo digitalen bitartez kontsulta daiteke.
Eugenio Ruiz Urrestarazu katedradunarekin, Elena Lete Eusko Jaurlaritzako Hirigintza Plangintzako zuzendariarekin eta Ingeniaritza Eskolako hainbat irakaslerekin batera, Oregik EHUren Arabako Campuseko fakultatean ikusgai dauden planoak eta kartak bisitatu ditu. Horien artean nabarmentzen dira Gasteizen eta Arabako hainbat udalerriren erreprodukzio bitxiak, baita Nafarroako hainbat udalerrirenak ere, haien euskal jatorria dela-eta.
Oregik adierazi du mapak historia ezagutzeko modu baliotsua direla; izan ere, bere esanetan, ikusten da nola antolatzen ziren udalerri horiek garai batean, bai bizitzeko, bai defendatzeko. Beste horrenbeste gertatzen da ingeniari militarrentzat eta zibilentzat egindako kartekin ere, eta nabarmentzekoak dira orain mende batzuetako ofizialen erreferenteak; batere teknologiarik gabe egiten zituzten bideen, mendien, herrien eta kartografian ohikoak diren bestelako elementuek definizioak. «Merezi du erakusketa honetara joatea, eta ikustea nola islatzen zen gure herrialdea paperaren gainean, guztia ere irakasleen ahaleginari esker», adierazi du Oregik.