Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

SPRI antolatzeko bigarren faseari eman dio hasiera Industria Sailak

2010.eko maiatzak 17

Sozietate publikoan izandako aldaketak azaldu dizkio Eusko Legebiltzarrari Bernabé Undak

 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean SPRI Taldean egiten ari diren berrantolamendua azaltzeko.

Adierazi duenez, lehen fasea garatu da eta bigarrenari eman diote hasiera. Sailburuak, sozietate publikoaren zuzendari nagusi Tomás Orbearekin batera, azpimarratu duenez, azken helburua "enpresei irtenbideak ematea da, gure erreminten eta gure programen bidez, esparru ekonomiko desberdin baten aurrean".

Horretarako, "Eusko Jaurlaritzaren beso exekutatzaile eta haren Leihatila Bakar bihurtuko da" SPRI Taldea. Laguntza-programak kudeatzen ditu sozietateak, hainbat arlorekin lotutakoak, hala nola berrikuntza, teknologia, ekintzailetza, azpiegiturak, finantzak eta abar.

Sailburuak azaldu duenez, SPRIren funtzionamendu-arlo bakoitzak bananduta lan egin izan du orain arte. Azterketa zorrotza egin ondoren, jarduera batzuk eta sozietate batzuk besteekiko independenteegiak zirela iritzi zitzaion (SPRI, Sprilur, Arrisku Kapitala). Bernabé Undak gehitu duenez, "ahalik eta koordinazio eta integrazio handiena burutzea izan da gure ideia".

Horrela, guztiek -eta batez ere euskal enpresaburuek- guztian parte hartuko duten berrantolamendua bultzatu nahi izan dugu. Enpresek SPRIk eskaintzen dituen zerbitzu eta laguntzetara errazago sartzeko aukera izatea sustatu nahi dugu horrela.

Koordinazio-mekanismo hobeak bultzatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak sozietatearen kontseiluan sartzea izan zen lehenengo erabakietako bat. Gainera, barne-organigrama aldatu eta sinplifikatu egin da. Orain, hiru zuzendariordetza nagusi dauden zuzendari nagusiaren mende, SPRIren jarduera osoa biltzen duten hiru zuzendaritzaorde: Eragiketetakoa, Azpiegituretakoa eta Laguntzakoa, azken horrek beste biei estaldura logistikoa ematen dielarik.

"Buruan sartu zaigu SPRI Taldea enpresen erreferentzia gisa ikusi behar dutela edozein motatako laguntza baliatzeko, Leihatila Bakar gisa ikus gaitzatela lortzeko", sailburuak azpimarratu duenez, eta ahalegin hori krisi-une batean egiten dela ere nabarmendu du.

SPRI Taldean hasitako kudeaketa-sistema hiru ondorio argiren bidez neurtu ahalko da: Alde batetik, epeak murriztea enpresentzako laguntzak ordaintzeko. Bestetik, funtzionamendu-gastua aurreztea 'Gutxiagorekin gehiago egin' lelopean. Eta azkenik, SPRI Taldea euskal enpresen eta Administrazio Publikoaren arteko lankidetzarako 'Leihatila Bakar' bihurtzea, betiere elkarlanean gure herriko beste erakunde batzuekin.

Aldaketa horiek guztiak bistaratzeko, SPRIk bere leloa aldatu du, eta orain 'Lehiatzeko aldatuz goaz' da lelo hori.

Sailaren hiru estrategia handien kudeaketa biltzen du bere egitekoen artean sozietate publikoak: Eutsi, Lehiatu eta Buru izan (Resiste, Compite eta Lidera). SPRIren 50 laguntza-programa eta zerbitzu operatibo biltzen dira horietan.

Tomás Orbeak zehaztu duenez, urtean 145 milioi euroko aurrekontua kudeatzen du SPRIk, horietatik 90 milioi laguntza-programa eta diru-laguntzetarako, eta beste 130 milioi inbertsioetarako, batez ere parke teknologikoetan eta industrialdeetan erabiltzeko. SPRIk ia 200 langile ditu, eta "koordinazioa hobetu egin du", bere zuzendari nagusiaren ustez, eta jarduera ere gehitu egin du. Beste zenbait daturen artean, Tomás Orbeak gogorarazi du nazioarteko arloa lehen 55 herrialdetara iristen zela, eta orain, aldiz, 59ra. Atzerriko inbertsioak erakartzeko arlo bat ere sortu da. Bien bitartean, SPRIko goi-karguen kopurua gutxitu egin da, 17tik 15era, hain zuzen ere.

Horretaz gain, 2009an Renove-ko ia 70.000 eragiketari erantzun zien (ibilgailuak, makina-erreminta eta altzariak), eta beste hainbat eskaerari ere bai, eta iaz, aldiz, 7.000ri besterik ez. Renove planetan egindako inbertsioak 334 milioi eurotik gorako inbertsio induzitua eragin zuen, hau da, 8rekin biderkatu du bere egiazko eragina.

SPRIren berrantolamenduaren lehen fasea gainditu ondoren, bigarrenari eman zaio hasiera jada. Eraginkortasuna, efikazia eta kostuak jarduerari doitzea dira betiere helburuak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 17a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda - Consejero de Industria, Innovación, Comercio y Turismo