Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak bihar, ostirala, aurkeztuko ditu Txingudin padurak leheneratzeko eta beren konektibitaterako lehentasunezko jarduerak

2014.eko maiatzak 22
  • Txingudiko  ta Bidasoko Badia leheneratzeko eta zaintzeko batzordearen aurrean

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak bihar, ostirala, aurkeztuko du Txingudin padurak leheneratzeko eta beren konektibitaterako lehentasunezko jarduerei buruzko azterlana, Txingudiko eta Bidasoko badia leheneratzeko eta kontserbatzeko batzordearen aurrean.

Batzordearen presidentea da Ingurumeneko sailburuorde Josean Galera, eta Txingudiko eta Bidasoko badiaren babes-eremua leheneratzeko eta kontserbatzeko hitzarmen-proiektu berriaren proposamenak aztertuko dira bileran, babes-eremu berriak barne hartuta. Halaber, proposatutako jarduera bakoitzaren ordezko jarduerak eta kostuak jasoko dituen Plan Zuzendaria zehaztea aztertuko da, jarduera-esparru integratu bat ezartzea beharrezkoa baita. Esparru horrek barne hartuko ditu kirol-instalazioen eragiketak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Iruneko Udalaren artean finantzatzeari buruzko alderdiak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran aurkeztuko duen diagnostikoa eztabaidarako, xehetasunak egiteko eta eguneratzeko abiapuntua da, gerora, bertsio zehatzagoak egin ahal izateko. Administrazioek egindako jarduerak jasotzen ditu lanak, batez ere, Eusko Jaurlaritzak gaur arte egindakoak. Inplikatutako eragileekin izandako elkarrizketetan eta bileretan argi geratu da zenbateko gaitasuna dagoen proposamenak egiteko. Hori dela eta, Plan Zuzendaria tresna egokia da hobekuntza-proposamen horiek guztiak adierazteko eta ordenatzeko».

Barredok gaineratu duenez, «Plan Zuzendaria epe luzerakoa da, etorkizunerako hobekuntza-proposamenak taldekatu eta programatzen dituen gogoeta estrategikoaren barne dagoelako. Hala, etorkizuneko kudeaketa eta akordioak erraztuko ditu».

Plan Zuzendaria

«Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen Plan Zuzendaria –esan du Barredok– mugaz gaindiko izaeran oinarrituta dago. Plaiaundiko kirol-instalazioak birkokatzeko aukerak aztertzea eta horretarako prozedura administratiboa eta bide-orria diseinatzea du xede. Erabilera Plana gauzatzeko irizpideak iradokitzeko ere baliagarria izan beharko da, hala nola Plaiaundiko, Jaizubiako eta Hendaiako padurak hobetzeko edo handitzeko eta bidegorri bidez lotzeko aukerak aztertzeko».

«Planak habitataren hobekuntzarako eta ingurumen-kudeaketarako epe luzeko lehentasunak eta aukera gurutzatuak identifikatu behar ditu. Halaber, Hendaiarako bidegorriak eta oinezkoentzako bideak egiteko aukerarik onenak aztertu eta hautatu beharko ditu, hala nola Amuteko nahiz Zubimusu errekaren gaineko lotura transbertsalak egiteko», zehaztu du Eusko Jaurlaritzako zuzendariak.

Plan Zuzendariko beste alderdi batzuk ere nabarmendu ditu Amaia Barredok: Plaiaundirekin mugakidea den Mendelu auzoaren hiri-berroneratzea; indarreko Plan Berezia berrikusteko irizpideak ituntzea, padurak babesteaz gain, Iruneko eta Hondarribiko planteamendu orokorrak bateragarri egiteko; EBren programazio-aldien arabera gogoetatzea lehentasunei eta jarduera-programari buruz, batez ere 2014-2020 aldirako; eta ekintza guztiek sektore arteko ikuspegia izatea, eta modu logikoan taldekatzea, ekintzen kostua balioetsita eta eragileen eta inplikatutako administrazioen kudeaketa eta lankidetza erraztuta.

«Txingudiko aberastasunak bistakoak dira: Ramsar, Zec eta Zepa zerrendatan dago eta Europako hegazti-migrazioaren hezegune garrantzitsuenetako bat da, 258 hegazti-espezie erregistraturekin; alegia, EAEko espezieen % 74 eta Espainiakoen % 45 hartzen ditu», azaldu du Barredok. Bileran izango dira Irungo eta Hondarribiko alkateak eta zinegotziak, foru-diputatu Peli Uriguen, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuorde Josean Galera eta Izaskun Iriarte, Amaia Barredo eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendari Iñigo Basañez.

 

Ortoargazkien iturria: GeoEuskadi 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)