Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako polizia-jardunaldien zikloa ireki du

2014.eko maiatzak 22

300 lagun baino gehiago izan dira lehen saioan

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenarekin eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuestarekin batera, «Arkaute parez pare» izeneko polizia-jardunaldien zikloa ireki du gaur arratsaldean. Zikloa urte osoan zehar egingo da Arkauteko Ikastegian. 

Zazpi polizia-jardunaldi egingo dira maiatzean, ekainean, irailean, urrian eta azaroan, eta hauei buruzkoak izango dira: delinkuentzia antolatua, nazioarteko terrorismoa, ziberdelinkuentzia, herritarren segurtasunaren ikuspegi berriak, giza eskubideen arloko polizia-jardunbide egokiak, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren kontrako delituak, ondare historikoaren eta ingurumenaren babesa eta profil kriminologikoaren printzipio teoriko eta operatiboak.

«Konferentzia-ziklo honen bidez, ikastegia herritarrei ireki nahi diegu, ezagutaraztea, hausnartzea, eta ideia eta esperientziak partekatzea; azken batean, polizia-lanaren hainbat alderdiri buruzko ezagutza-foro ireki bat sortzea», adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak lehen jardunaldian izena eman duten 300dik gora pertsonen aurrean. Horietako gehienak segurtasun publikoko euskal sistema osatzen duten profesionalak dira.

Saioan, delinkuentzia antolatua izan da hizpide. Lehen mahai-inguruan, kriminalitate antolatuaren kontrako borrokari buruz hitz egin da: estatu arteko lankidetza eta talde kriminalek egindako delituak epaitzearekin erlazionatutako beste gai batzuk. Bigarren mahai-inguruan, Euskadiko delinkuentzia antolatuen fenomenologia kriminala jorratu da, bai eta hori ikertzeko elementuak ere: delitua, modus operandia eta taldekideen profila.

Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuesta, Zuzenbide Prozesaleko irakasle eta pertsonen legez kanpoko trafikoari eta immigrazioari buruzko mugaz haraindiko azterlanen taldeko kide Manuel Richard, Bizkaiko fiskalburu Carmen Adán del Río eta Auzitegiko Zientzien eta Segurtasunaren Institutuko (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) Andrea Giménez-Salinas izan dira bi mahai-inguruetako hizlariak, eta Virginia Mayordomok egin ditu moderatzaile lanak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Luis de la Cuesta