Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Eusko Jaurlaritzak Errenterian egongo den Fanderiako geltokia eraikitzeko hondeaketa lanak hasi ditu

2010.eko maiatzak 17

 Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Juan Carlos Merinorekin, Errenteriako Alkatearekin eta Aitor Etxeberriarekin, Oiartzungo alkatearekin, batera, Fanderia-Oiartzun zatia bikoizteko proiektuaren lanak bisitatu ditu gaur goizean. Proiektu horren barruan sartzen da Fanderiako (Errenteria) eta Oiartzungo geltoki berrien eraikuntza. Bisitan parte hartu zutenak, Fanderian egingo den oin plano berriko geltokia eraikitzeko hondeaketa lanen lekuko izan ziren.

 Trenbidea bikoizteko lanak, EuskoTrenek ustiatzen duen eta une honetan trenbide bakarra duen aldirietako linearen (Topoa) 1.550 metroko zatian burutzen dira. Obraren aurrekontua 18 milioi eurotik gorakoa da, eta horietatik Oiartzungo Udalak 3,6 milioi jarriko ditu, 2008an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren esku dagoen eta trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoarekin lanen finantzaketarako hitzarmena sinatu ondoren.

 Geltoki berriak

 Geltoki berriak jasoko dituzten bi eraikinen eraikuntzak eragin handia izango du, baita ere, geltokien inguruen eraldaketan.

 Fanderiako geltoki berriko nasak tarteko mailan egongo dira, errepide ondoan dauden etxebizitzen eta goialdean dagoen urbanizaziorako oinezkoen sarbidearen artean. Horrela, eraikinak bi guneak lotzeko ere balio izango du. Horretarako, igogailua izango du eta beirate handiak izango ditu.

 Esan behar da, baita ere, bere diseinua eta eraikuntzaren ezaugarriak direla eta inguru osoaren ikus-erreferentzia izango den Oiartzungo geltoki berria, trenbidearen trazatuaren bi aldeetan dauden Arraguako hiri nukleoen arteko lotura eta inguru osoaren egokitzapena bultzatzen duen proiektuaren barruan dagoela. Helburu horri esker ingurua biziberritu egingo da, hirigintzaren ikuspegitik, eta horretarako bidezubia eraikiko da. Bidezubi horretan egongo da trenbidea, eta bere azpian egingo dira trenbidearen bi aldeen arteko lotura erraztuko duten bideak. Horrela, egungo lubetak kendu ahal izango dira, bi aldeen arteko lotura errazteko, igarobidearen behealdetik.

 Oiartzungo geltoki berriak erdiko nasa izango du, eta nasa horren bi aldeetatik joango da trenbidearen trazatua. Horrela, egungo geralekuko bi nasen artean dagoen trenbide pasagunea kendu ahal izango da. Inguru horretan egiten den jarduketa osatzeko parke bat eraikiko da, eta bertan, ibilgailuak aparkatzeko gune zabalak, oinezkoentzako zenbait ibilbide eta hiritar guztien aisiarako gunea egokituko dira.

 Obraren egoera

 Bisita jaso duen gunean bi horma eraiki dira jada, eta horiek plataforma zabaltzeko eta trenbidearen bikoizketa lanei ekin ahal izateko behar zen tokia sortzeko aukera eman dute. Fanderian hasi dira oin plano berriko geltokia eraikitzeko aukera emango duten hondeaketa lanak. Esan behar da auzo horrek hazkunde urbanistiko nabarmena izan duela azken urteetan.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                     

 Halaber, egungo Oiartzungo geltokiaren ondoan hasi dira egungo eraikina ordezkatuko duen eraikinaren zimendatze lanak. Bi eraikinek ez dute inolako zerikusirik izango, arkitekturaren ikuspegitik. Eraikin berriak beirate handiak izango ditu, eta ia erabat diafanoa izango da.

 Fanderia-Oiartzun proiektuak, une honetan burutzen ari den Loiola-Herrera bikoizteko lanarekin batera, hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu Donostia eta Hendaia arteko maiztasunetan. Loiola-Herrera bikoizteko lanen barruan trenbide bikoitzeko tunela eraikiko da, une honetan dagoen trenbide bakarra merkantzien garraiora bideratzeko. Eusko Jaurlaritzak Donostialdean metroa jartzearen alde egin duen apustu argiaren beste pauso bat izango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko