Berriak Herrizaingoa
Eu

Lehendakariak esan du agenteek laster ez dutela jarraitu beharko ezkutatzen Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna

2010.eko maiatzak 16

2.000 pertsona baino gehiago izan dira Ertzaintzaren Egunean, polizia autonomikoak Erandion duen basean

Patxi López Lehendakaria buru izan da Ertzaintzaren Eguna ospatzeko ekitaldian. Ekitaldia gaur goizean izan da, Polizia Autonomikoak Erandion duen base nagusian. Ekitaldia baliagarria izan da euskal Polizia osatzen dutenen eguneroko zeregina omentzeko, batez ere Haitiren zati handi bat hondatu zuen lurrikararen ostean bertara joan ziren agenteak eta zerbitzua betetzean hildakoak. Lehendakariak esan duenez, “laster helduko da eguna”, zeinean agenteek ez baitute berriz ere ezkutatu beharko Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna.

Patxi López Lehendakariak azaldu du euskal gizartearen “harrotasuna, aitortza eta esker ona”, bai Ertzaintzari dagokionez eta bai Euskadiko kaleetan gauzatzen duen lanari dagokionez. “Egun honetan, zuen ekinaren balioa nabarmendu nahi dugu, herri hau seguruago eta irekiago egiten laguntzen duzuelako, konfiantza handiagoa eta askatasun handiago lortzen laguntzen diozuelako”, azpimarratu du Lehendakariak Lehenengo Ertzaintzaren Egunean; gainera, etorkizunean berarekin jarraitzearen aldeko apustua egin du. Agente, senide eta lagunen aurrean, Lehendakariak esan du konbentzituta dagoela basakeria terroristari “gutxi falta zaiola bukatzeko”, “hainbesteko mina sortu dizuen basakeria horri”. “Laster ez duzue gehiago ezkutatu beharko Euskadin ertzainak izatearen harrotasuna”, nabarmendu du.

Ertzaintzaren Erandioko base nagusiak hartu du lehenengo Ertzaintzaren egun honen ospakizuna. Beraren bitartez, Barne Sailak omenaldia eskaini nahi izan die euskal Poliziaren partaideei eta beren senideei; horrekin batera, euskal gizarteak –oro har- lan polizialaren xehetasunak bertatik bertara ezagutu ditzan nahi izan du. Erandioko basera inguratu diren pertsonek hainbat erakustaldi ikusi ahal izan dituzte: txakurrena,  erreskate-zerbitzuena, lehergailuak detektatzeko ekipoena, interbentzio-ibilgailuena, lehergailuak indargabetzeko ekipoen lana, edo polizia zientifikoaren lanari buruzko erakusketa bat.

Bere hitzaldian, Lehendakariak esan du Ertzaintza “polizia integra handi” bat dela, “Euskadiko elkarbizitza baketsu eta lasaia segurtatzen duena”. Egunez egun betetzen duen zerbitzuaren balioa azpimarratu ondoren –bide-segurtasunaz arduratzen, delinkuentzia txikiaren edo genero-indarkeriaren aurka borrokatzen-, Lehendakariak aipatu du agenteek egunero pairatzen duten egoera, “totalitarioen jazarpenak” eraginda; urte askoan, horrek behartu ditu “ertzainak direla disimulatzera”. Hala eta guztiz ere, Lehendakariak esan du “gero eta gutxiago geratzen zaigula” ETAren amaierarako, eta terrorismoaren kontrako borroka horretan ertzainak  lehenengo lerroan daudela “espazio publiko guztiak askatasunarentzat konkistatzen”. “Zaudete ziur: Eusko Jaurlaritzak defendatu egingo zaituzte; norbaitek difamatu edo iraintzen zaituztenean, modu bidegabe eta ziztrinean, Jaurlaritza gure Poliziaren izen ona errebindikatuko du eta eskura dituen baliabide guztiez defendatuko zaituzte”, ohartarazi du Lópezek.

Lore-eskaintza

Ekitaldiaren barruan, lore eskaintza bat egin da Goia Iturria Vázquez eta Fernando Pérez Gónzalez agenteak omentzeko, zerbitzua betetzean hil baitziren. Halaber, aipamen bereziak eman zaizkie erretiratutako agenteei eta merituzko ekintzak protagonizatu dituztenei. Aipamen berezia merezi izan dute Haiti suntsitu zuen lurrikararen ostean erreskate-lanetan bertara joan ziren  agenteek. Lehendakariak eskertu du agente horiek betetako rola, zeren atzerriko “elkartasunaren” balioa helarazi baitute.

Erandioko basean egindako jai-jardunaldian, besteak beste, PPko ordezkariak izan dira, Javier Balza Barne sailburu ohia, Juan Luis Ibarra EHJAGko presidentea eta Iñigo Iturrate EAJkidea. Horiekin batera izan dira Estatuaren Segurtasun Gorputzetako, euskal Udaltzaingoetako, Mossos d’Esquadrako eta Nafarroako Foru Poliziako buruak, eta baita Ertzaintzaren Dibisio Buruak eta Atal guztietako arduradunak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Rodolfo Ares sailburua