Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Lege honen zenbait arauren aurka konstituzio kontrako errekurtsoa jartzea baimentzeko: 1/2014 Legea, otsailaren 28koa. (2014-05-20(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko maiatzak 20

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK LANALDI PARTZIALEKO LANGILEAK BABESTEKO ESPAINIAKO LEGEAREN AURKAKO ERREKURTSOA JARRI DU KONSTITUZIO AUZITEGIAN

Jaurlaritzaren ustez, Euskadik Gizarte Segurantzaren arloan dituen eskumenak urratzen ditu Legearen 7. eta 8. artikuluen idazketaren zati batek, zehatzeko prozesuaren hasiera eta garapena beretzat hartzen baititu langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunek arau-hauste arinak egiten dituztenean.

Eusko Jaurlaritzak desadostasun-iturri diren artikuluak Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko batzordean negoziatzea proposatuko dio Espainiako gobernuari.

Konstituzio Auzitegian 1/2014 Legearen, otsailaren 28koaren, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoaren 7. eta 8. artikuluaren zati batzuen aurkako errekurtsoa jartzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Euskadik Gizarte Segurantzaren arloan dituen eskumenak urratzen dituztela iritzita.

Arau-hauste arin jakin batzuk egiten dituzten langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunak zehatzeko prozesuari dagokionez Espainiako gobernuak egindako aldaketa batzuek Gizarte Segurantzaren arloko Euskadiren eskumenak, Gernikako Estatutuaren 18. artikuluan jasotakoak, urratzen dituela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek.

Batetik, Espainiako gobernuak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren bitartez, zehatzeko prozedurak hasteko edo garatzeko ahalmena beretzat hartzen du baldin eta, langabeziagatiko prestazioaren edo subsidioaren onuradunek, lanaldi partzialeko kontratua amaitzean, enplegu-eskaria ez badute berritzen justifikatutako kausarik gabe. Era horretan, muga gainditu du arauak erregulazioan, eta Lanbide arau-haustearen jakinarazle hutsa bihurtzen du, zehatzeko prozesua hasteko edo izapidetzeko ahalmenik gabe, Konstituzio Auzitegiaren dotrinaren aurka.

Gauza bera gertatzen da langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunek arau-hauste arinak egiten dituztenean, jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzea bermatzeko behar den informazioa ez ematea, adibidez.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten 7. eta 8. artikuluak sei hilabetez Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

Uneotan Euskadiko eta Espainiako gobernuak beste hiru lege negoziatzen ari dira Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean:

o 8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
o 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.
o 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu Batasuna bermatzekoa.

Legegintzaldi honetan, batzorde horrek zazpi akordio lortu ditu guztira, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta:

Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Hitzarmen partziala)
Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua. (Hitzarmen partziala)
Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau