Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza, hilaren 25erako sektore publikoan deitutako grebaren aurrean

2010.eko maiatzak 14

Askatasun sindikalari eta bere erakundeen autonomiari Gobernu honek dien errespetuak ez dio eragotziko desegokitzat eta ardura gutxikotzat hartzeko ELA eta LAB sindikatuek Euskadiko sektore publikoan hilaren 25erako deitutako greba jardunaldia, Rodríguez  Zapatero presidenteak jakinarazitako kontu-egite neurrien aurkako protesta gisa.

Erantzuna, gutxienez, lar goiztiarra eta neurririk gabekoa da, oraindik ez baitakigu Euskadiko funtzio publikoarengan aipatu neurriek izan dezaketen eraginaren nondik norakoa. Halaber, elkartasun gutxi adierazten du gainontzeko langileei bidaltzen zaien mezua, izan ere, bi urtez jasan dute krisialdi ekonomikoaren ondorioak bere lan baldintzetan eta soldatetan.

Egia da ez dira langileak izan munduko ekonomian desorekak sortu dituztenak eta herrialde askotan gastu publikoaren murrizketak behartu dituztenak. Baina, hala ere, ez dirudi sektore publikoa gelditzea denik gure ekonomian eragiten duten arazoak konpontzeko modurik egokiena.

Agian hobetu ulertu daitezke benetako arrazoiak deialdiaren aurrekariak kontutan hartuta, izan ere, duela urte bete Gobernu hau agurtzeko porrot egin zuen greba deitu zuten sindikatu berberek deitu dute honako hau ere. Maiatzaren 25erako hezkuntza sisteman egin ez diren “murrizketengatik” deitutako greba hedatu egin orain sektore publikora, oraindik zehaztu ez diren beste murrizketen hedapenaren karietara, arrazoi berberengatik Espainian estatu mailako sindikatuek deitutako grebari aurre hartzeko xedez.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, okerreko erantzuna da sektore publikoan greba egitea, eta are gehiago bikoizten baldin bada. Hau dela eta, deitu duten sindikatuei euren jarrera berriz aztertu dezatela eskatzen die, ahalegin bateratu eta elkartasunezkoaren bidez egin diezaiogun aurre sortutako egoerari.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan