Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

10 milioi euro laneratzeko enpresak sortzeko eta desgaituen edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegua sustatzeko. (2014-05-20(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko maiatzak 20

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro xedatuko ditu laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko eta bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegurako sarbidea errazteko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburto sailburuak hala proposatuta, gobernuak 8,65 milioi euroko lehen laguntza-lerroa onartu du, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko. Iazkoaren aldean, Lanbidek kudeatuko duen aurrekontu-saila 650.000 euro handiagoa izango da.

Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Mota honetako laguntzak arautzen ditu 2009ko maiatzaren 4ko Aginduak.

Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte.

Laneratze-esparruan, halaber, gobernuak bi laguntza-lerro onartu ditu desgaituen enplegua sustatzeko. Orotara, 1,3 milioi euro xedatu ditu xede horretarako. Lehen laguntza-lerroa, 850.000 eurokoa, laneratzeko zailtasun handieneko desgaituak (enplegu lagundua) lan-merkatu arruntean txertatzera dago bideratuta. Laguntza-deialdi honetan hautagai izan ahalko dira irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako erakundeak, hala nola EAEko enplegu-zentro bereziak. Hautagaitza aurkezteko hilabete epea izango dute EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarren laguntza-lerroa, 450.000 eurokoa, lan-merkatu arruntean desgaituen enplegua sustatzera dago bideratuta. Horretarako, bi diru-laguntza mota emango dira: bata, kontratu mugagabeengatik; bestea, lanpostuak egokitzeagatik, norbera babesteko ekipoak erosteagatik eta desgaituen lana eragozten edo zailtzen duten hesiak eta trabak desagerrazteagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau