
Bilboko Kontserbatorioak lutheria ikasketa berrituak eskainiko ditu 2014-2015 ikasturtean
- Bultzada garrantzitsua hartuko dute Lutheria ikasketek, curriculuma eguneratuta eta beraiei eskainitako baliabideak ugarituta
- Bele jaio da, Bilboko Euskal Lutheria Eskola, Estatuko lutheria eskola bakarra
Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioko Lutheria Eskolak ibilbide berria hasiko du 2014-2015 ikasturtearekin. Kontserbatorioan 25 urtetik gorako tradizioa duten Lutheria Irakaskuntzak berregituratu egin dira. Ikasturte berria curriculum berritu eta eguneratuarekin hasiko dute, eta ikasketa horiei eskaintzen zaizkien baliabide materialak ugarituta. Datorren Ikasturtearekin, Estatuko lutheria eskola bakarrak Bele izena hartuko du, Bilboko Euskal Lutheria Eskola. Eusko Jaurlaritzak ematen dion bultzada honi esker, Europako lutheria eskolarik onenen eta entzutetsuenen artean kokatzea du jomuga Belek.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Lutheria ikasketentzat atondu duen curriculum berrituan zehazten da ikasketa hauek hiru ikasturteko iraupena izango dutela, 3000 ordu orotara. Bertara sartzeko betebeharrak ere zehaztu dira, bai eta ebaluazio eta promoziorako arauak ere. Ikasturte bakoitzeko, sei ikasle berri matrikulatu ahal izango dira. Honako bi baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Batxilergo titulua edo baliokidea izatea, edo 25 urtez gorakoentzako Unibertsitatera sartzeko proba gainditua izatea.
- Musikan Oinarrizko Irakaskuntzen Diploma edo baliokidea izatea, Kontserbatorio ofizial batean edo baimendutako zentro batean eskuratua.
Lutheria Irakaskuntzentzat prestatu den Ikasketa Planak 26 ikasgai jasotzen ditu, lau multzo nagusitan sailka daitezkeenak: artisau eraikuntza (musika tresnak eta arkuak eraiki eta konpontzea); oinarri akustikoa; oinarri zientifikoa eta instrumentuak jotzea. Akustika ikasgaia, urtetako ibilbidean eskola honen bereizgarri izan dena, indartu egingo da. Ikasgai berriak sartuko dira, Ekintzailetza esaterako, etorkizuneko luthierrei euren lan-irteerak aurkitzen lagundu asmoz. Lutheria tailerreko praktikek berebiziko garrantzia izaten jarraituko dute, eta ezinbesteko jotzen da instrumentuak jotzen jakitea. Luthierrak egin edo konpondu behar dituen musika tresnen ezaugarriak ondo ezagutu behar ditu (nahiz eta horretarako ez izan beharrezko musika tresna horrekin maisu izatea). Gainera, aurrerantzean, ikasleok Europako mugikortasun programetan parte hartu ahal izango dute, Europako beste zentro batzuetan ikasketak burutzen jarraitu ahal izateko.
Era horretan, Belen ikasketak burutzen dituen ikasleak, hiru urte horietan, sokazko lau musika tresna amaituko ditu gutxienik: bi biolin, biola bat eta biolontxelo bat, horiek egiteak berarekin dakarren ezagutza eta trebezia ahaztu gabe. Hori posible egiteko eran antolatu dira curriculumeko ikasgaiak eta orduak hiru urteetan zehar. Egungo ikasketa planarekin, ikasleek bi instrumentu egiten dituzte hiru urtean.
Hiru ikasturteak amaitzean, ikasleek egiaztagiri bat jasoko dute: “Lutherian aditua arkudun musika tresnen eraikuntzan”, Beleren, Bilboko Euskal Lutheria Eskolaren egiaztagiri propioa.
Lutheria, irakaskuntza ez arautuan
Musika tresnak egin eta konpontzeko lanbidea, eta artea ere bada lutheria. Baina bere ikasketak irakaskuntza ez arautuan kokatzen dira, beraz, ez dute titulu ofizialik ematen, Estatuko hezkuntza sistemaren markoan ez baita halakorik jasotzen. Estatuan titulurik eta inolako erreferentziarik ezean, Bilboko Lutheria Eskolak Europan aurkitu behar izan zituen, esperientziak eta jarraitzeko ereduak, sorreratik bertatik: Erresuma Batuan, Frantzian, Italian eta Alemanian, batik bat. Europako herrialde gehienetan ere lutheria irakaskuntza ez formalen artean dago, Italiako prestakuntza zikloren bat izan ezik.
Nola nahi ere, lutheria irakasten duten zentroek ematen dituzten egiaztagiri edo diploma guztietan, maxima bat da nagusi: berauen balioak edo ospeak, harreman zuzena dute eskolaren ibilbidearekin eta ospearekin, ikasketen ofizialtasunetik harago. Datorren ikasturtean hastera doan etapa berri honetan ere, Beleko Lutheria Ikasketek ez arautuak izaten jarraituko dute, baina Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egin dien berrantolaketarekin, asmoa honako hau da: hezkuntza sistemako irakaskuntza arautuen ahalik eta antzik handiena izan dezatela.
Lutheria jardunaldia, maiatzaren 19tik 23ra
Beleren iragarpenarekin eta lehen pausoekin bat, Bilboko Musika Kontserbatorioak Lutheria Jardunaldiak antolatu ditu aste honetan (maiatzaren 19tik 23ra) hitzaldi, mahai-inguru, tailer eta kontzertuekin. Egitarauan nabarmentzekoa da Asier Polo biolontxelo jotzaileak egingo duen biolontxelo-probatzea. Musikari bilbotarrak ikasturte honetan eskolako ikasleek egindako tresnak probatuko ditu. Kontserbatorioan bertan izango da, maiatzaren 22an. Ostiral arratsaldean berriz, maiatzaren 23an, Lutheria Eskolaren sortzaile Jesus Alonsoren omeneko ekitaldian, eta eskolan bertan egindako musika tresnen soinuan, Bele sinadura daraman lehen etiketa ezarriko zaio biolin bati, erresonantzia kaxaren barnean. Pauso txiki bat, zehaztasun handiz burutu beharrekoa, baina lutheriaren munduan urrunera iritsi nahi duen izen berri baten jaiotza irudikatuko duena.
Era berean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Lutheria ikasketak Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan” liburua argitaratu du aste honetako jardunaldietarako. Eskolaren historia jasotzen da bertan.
Bilbon, 2014ko maiatzaren 19an