Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Filmategiak euskal zinemagileen hiru belaunaldi elkartuko ditu UPV/EHUren Udako Ikastaroetan

2014.eko maiatzak 16

“Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi” kongresua Miramar Jauregian burutuko da, uztailaren 2tik 4ra 

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak “Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi” kongresua aurkeztu du gaur goizez Donostian, Euskadiko Filmategiak eta UPV/EHUren Udako Ikastaroek elkarrekin antolatutako kongresua. Gaur egun batera ari dira lanean Euskal Herriko zinemagileen hiru belaunaldi, eta Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak azaldu duenez, Filmategiak aukera bikaina ikusi du hor haien ibilbideari buruz zinemagileekin beraiekin hausnarketa egiteko, eta orokorrago eta arlo akademikoan, euskal zinemaren hainbat arlo aztertzeko: historia, jatorriaren inguruko eztabaidak, industria, nortasun nazionala, euskara, generoari buruzko eztabaidak, nazioartekotasuna, Kimuak programaren garrantzia, Zinemaldiarena, abangoardiak, eta abar. Kongresuak aztertuko dituen arloak dira horiek, azken finean.

Bereziki nabarmendu behar da euskal zinemagile onentsuenek erakutsi duten prestutasuna kongresu honetan parte hartzeko. Kongresuan izango diren zuzendarien zerrenda, Euskal Herriak azken lau hamarkadetan eman dituen izen garrantzitsuenez josita dago, eta haiek egindako filmeek nazioartean ere hainbat errekonozimentu jaso dute: Montxo Armendáriz, Ana Díez, Víctor Erice, Pedro Olea eta Imanol Uribe; Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro, Julio Medem, Helena Taberna eta Enrique Urbizu; Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera  eta Pablo Malo. Horra hor Kongresuan hizlari izango diren zinemagileen zerrenda. Edonola, ezin da ukatu dauden guztiak badirela, nahiz eta diren guztiak ezin duten egon.

Beraz, anbizio handiko kongresua izango da, gehiegizko xehetasunetan sartuko ez dena hala ere, eta euskal zinemari buruz egin diren ikerketak mahai gainean jarri eta aztertuko dituena. Argitalpen batek Kongresuko hemeretzi hitzaldiak jasoko ditu eta baita bost mahai-inguruen transkripzioa ere: zinemagileen hiru belaunaldien arteko mahai-inguruak, industria zinematografikoari buruzko beste bat eta kritikari buruzkoa azkena.

Arlo akademikotik ere, erantzuna bikaina izan da eta euskal zinema ikertu duten historialari, kritikari eta adituek parte hartuko dute kongresuan.

 

Izen-ematea

Izen-emate epea hasi da UPV/EHUren ohiko bideetatik, eta azpimarratu beharra dago, Euskadiko Filmategiaren webgunetik (www.filmotecavasca.com) izena emanez gero, %50eko beherapena dutela erabiltzaileek, hau da, kongresu guztirako prezioa 40 eurokoa izango da maiatzaren 31ren aurretik izena emanez gero, eta 46 eurokoa 31ren ondoren ematen bada. Kongresuaren balio akademikoa 40 ordukoa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia 2016 Fundazioaren laguntzari esker eta Zinemaldiaren lankidetzarekin antolatu ahal izan du Euskadiko Filmategiak kongresu hau.

 

 

Donostian, 2014ko maiatzaren 16an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendaria