Berriak Segurtasuna
Eu

Zabalik dago Trafiko Zuzendaritzak antolatzen duen bide-segurtasunari eta sare sozialei buruzko jardunaldirako matrikula

2014.eko maiatzak 16

Uztailaren 17an egingo da, Donostian

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, jardunaldi profesional hau antolatu du EHUko udako ikastaroen barruan: «Bide-segurtasuna eta sare sozialak». Uztailaren 17an egingo da Donostian eta zabalik dago izena emateko epea. (www.trafikoa.net)

 Jardunaldia, gehienbat, bide-segurtasuneko teknikarientzat eta komunikazioko profesionalentzat da, eta helburutzat sare sozialen eraginkortasuna aztertzea du, baita bide-segurtasunari buruzko informazioa sustatzeko nola erabili behar diren ere. Hainbat arlotako adituek hitz egingo dute sare sozialek ikusle berriekiko lotura lortzeko duten ahalmenari buruz.

Mario Tascón hizlariak hasiko du saioa. Prodigioso Volcán aholkularitza-enpresako bazkide zuzendaria da Tascón, baita aditua ere hedabide digital zein sare sozialetan. Fundéu, Fundación del Español Urgente, fundazioaren «Manual del Español para Internet, redes sociales y nuevos medios» (Internet, sare sozial eta euskarri berrietarako espainieraren eskuliburua) zuzentzen du. Aholkulari lan egiten du EFE agentziarentzat edo BBVAren Berrikuntza Zentroarentzat, besteak beste, eta Nuevo Periodismo Iberoamericano de Gabriel García Márquez izeneko fundazioaren maisua ere bada, baita FAPEren Periodistas aldizkariaren kontseilu editorialeko kidea ere.
Prisa taldeko arlo digitaleko zuzendari nagusia izan zen 2000tik 2008ra, eta bere ardurapean izan ziren taldeko marka guztien weben eta telefoniaren garapenak (El País, Cadena SER, Cuatro...).

Jarraian Soziologiako doktore eta UNEDen irakasle Miguel del Fresnok bere ikuspegia emango du sare sozialek bide-segurtasunari begira duten potentzialaren gainean. Miguel de Fresno online ospearen eta sare sozialen azterketaren ikertzailea da, eta Intelecta Ideas aholkularitza-enpresaren zuzendaria; marketing, publizitate eta komunikazioko zerbitzuetan espezializaturik dago hori.

Gobernu Irekiko zuzendari Luis Petrikorenak, ondoren, Eusko Jaurlaritzak sare sozialetan duen esperientziaren berri emango du, baita horrelakoetan egoteak erakunde horri dakarzkion onuren eta arlo horretan jarraitzen duten politikaren berri ere. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentziaduna da, eta marketinean espezializatu zen. Petrikorenak komunikazioko aholkulari gisa garatu du lanbide-ibilbidea, besteak beste Errealarentzat, CITA fundazioarentzat eta Ulmarentzat lan eginez. Horrez gain, Plangintza Estrategikoko zuzendaria ere izan zen Dimensión agentzian, eta online proiektuaren marketin/merkataritza arduraduna Iberdrolan.

Amaitzeko, blogarien garrantziari buruzko mahai-inguru bat egongo da Iker Merodiok, Igor San Románek eta Maite Goñik parte hartuta.

Iker Merodio Kazetaritzan doktorea da, eta Soluciones Comunicativas enpresako sortzailea; komunikazio politikoan espazio berriak esploratzen ditu enpresa horrek. EITBko Administrazio Kontseiluko kidea ere bada, baina bere lanaren atalik agerikoena egunero Deia egunkarian argitaratzen duen «Bogando por la red» zutabea da, Interneteko blogen eta sare sozialen iritziari buruzkoa. Onda Vasca irratiko La Tarde en Euskadi irratsaioan ere hartzen du parte, Internet eta teknologia berriei buruzko solasaldi bat koordinatuz.

Igor San Román Sociálitas enpresaren sortzailea da; berau Community Management zerbitzuak zuzenean saltzen dituen online enpresa bat da, ETEek eta mikroeteek sare sozialetan lehen urratsak egin ditzaten, low-cost parametroen barruan. Sare sozialen kudeaketan eskarmentu handia du, eta sare sozialen estrategiako aholkularia da Guggenheim Bilbao museoan.

Maite Goñi, blogari ezaguna izateaz gain, Euskal eta Ingeles Filologiako lizentziaduna da, eta irakaslea Mondragon Unibertsitatean zein Jakintza ikastolan. Mondragon Unibertsitatea – Online taldeko arduradun pedagogiko-teknologiko modura, MUko fakultateen irakasleak prestatzen ditu arlo horietan. Euskaljakintza.com proiektuaren sortzailea eta arduraduna da, eta horri esker Espiral Edublogs – Aula 200ko Blog Onenaren I. saria, Diariovasco.com 2007 saria eta euskara hoberen sustatzen duen webgunerik onenarentzako 2010eko Buber saria eskuratu ditu, besteak beste. Gaurkohitza.com proiektua ere harena da; eguneko euskarazko hitza ematen du horrek, eta 2012ko Diariovasco.com sariaren irabazlea izan zen. Hainbat hedabide digitaletan eta Euskadi Irratian lan egiten du Interneteko gaurkotasunarekin lotutako gaiak lantzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko