Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «klima aldaketa leundu behar dugu, bestela muturreko egoeren maiztasuna eta larritasuna areagotuko da»

2014.eko maiatzak 16

  •  ·      Ingurumeneko eskualde-mailako arduradunen Europako hitzordua Bavarian
  • ·     Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatu du klima aldaketaren eragina jardueraz jarduera aurreikustea
  • ·      Europako eskualdeek Municheko adierazpena osatu dute
  • ·   «Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen isurpenak 20.787 ktCO2e izan ziren 2012an; hau da, 1990ean baino % 1,1 gehiago»
  • ·   «Klima aldaketak muturreko egoeren maiztasuna eta larritasuna areagotuko ditu. Jokabide meteorologikoen bilakaera edo aldakuntza guztiek ezohiko egoera meteorologikoak eta fisikoak eragingo dituzte planetaren txoko guztietan, gure bizitzei eraginez».

 

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritzian, «Klima aldaketaren aurkako euskal estrategiaren ardatza izan behar da, beste ezeren gainetik, ondorioak leuntzea, epe luzerakoak, konplexuak eta aurresanezinak direlako». «Horrenbestez, jardueraz jarduera aztertu behar da klima aldaketak zein eragin izango duen», adierazi du gaur goizean Munichen.

 

Ana Oregi Europako Ingurumeneko eskualde-mailako arduradunen Encore 2014 bilkuran antolatutako hainbat foro eta eztabaidetan izango da gaur, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriarterekin batera. Jardunaldiaren buru izango da Bavariako Ingurumeneko arduradun Marcel Huber.

 

Encore 1993an sortutako eta bi urtean behin biltzen den plataforma da, Europar Batasuneko eskualde-mailako arduradun eta lider politikoek parte hartzen dutena. Europar Batasuneko eskualde-mailako arduradunen arteko lankidetza politikoa sustatu eta Europan ingurumen-politika modu eraginkorrean ezartzea ahalbidetzen du, ingurumenaren gobernantza eta garapen jasangarria hobetuz Europako eskualdeetan.

 

Jardunaldiko moderatzaileak izango dira Marcel Huber, Encoreko presidente Laurentien van Oranje eta adituen tailerreko Ida Koppen, Kathrin Müller-Menrad, Gisela Oswald. Bestalde, UICNren Bruselako Bulegoko zuzendari Luc Bas, Drentheko (Herbehereak) Henk van de Boer, Europar Batzordeko Aplikazio eta Gobernantza Zuzendaritzaren zuzendari Aurel Ciobanu, The Climate Groupeko Ben Ferrari, Monica Kratzer, Estrategia eta Paisaia-garapenaren kudeaketako irakasle Stephan Pauleit, Municheko Klimaren enpresa-zentroko lider Ernst Rauch, BMW Groupeko Batzorde Exekutiboko kide Peter Schwarzenbauer eta Liechtensteineko Energia Agentziaren arduradun Jürg Senn izango dira hizlariak.

 

«Estrategiak klima aldaketari lotzen ari gara –esan du Oregik–, eta argi dugu egin behar den aurreneko gauza ondorioak leuntzea dela». Eusko Jaurlaritzako sailburuaren esanetan, «Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen isurpenak 20.787 ktCO2e izan ziren 2012an; hau da, 1990ean baino % 1,1 gehiago».

 

«Klima aldaketa leundu behar dugu, bestela dagoeneko jasan ditugun muturreko egoeren maiztasuna eta larritasuna areagotuko da. Mundu-mailako arazoa da, eta jokabide meteorologikoen bilakaera edo aldakuntza guztiek ezohiko egoera meteorologikoak eta fisikoak eragingo dituzte planetaren txoko guztietan», adierazi du Oregik Bavarian.   «Aldagai klimatiko guztietan izango dira aldaketak; esaterako, prezipitazio-erregimenean, batez besteko tenperaturan edota itsasoaren batez besteko mailan. Ondorio horiek guztiek gure bizitzei eragingo diete».

 

Oregik honako hauek azaldu ditu Munichen: «CO2 isurpen globalak, guztizko maila eta kontzentrazioa; "behartutako" eredu klimatiko globalak, 250x250 km-ko klima-proiekzioetan eta isurpen-maila bakoitzaren arabera; eta eskualde-mailako eredu klimatikoak, 12,5x12,5 km-ko proiekzioetan, isurpen-maila bakoitzaren arabera. Horiek guztiak lehorteen, uholdeen, bero-boladen edota airearen kalitatearen aldaketen isla dira».

 

«Klima aldaketa da gizateriaren erronka nagusietako bat, gai konplexua eta aurresanezina delako eta epe luzerako ondorioak dituelako», adierazi du Oregi sailburuak jardunaldien egoitza den Municheko Hohenkammeren.

 

Klima aldaketaren kontrako euskal estrategia

Eusko Jaurlaritzaren sailburuak klima aldaketari aurre egiteko 2030era arteko estrategiaren ezaugarriak esplikatu ditu Munichen: «Ondorioak leuntzeko eta horietara egokitzeko alderdien gaineko ikuspegi integratua; erabakigune guztien parte-hartze aktiboa, batez ere, nazioarte-mailan; ezagutza zientifiko eta teknikoaren erabilera egokia, klima aldaketaren ondorioak jasaten dituzten esparruetan behatokiak sortzea barne; kostu-eraginkortasun oneneko aukerak aintzatestea; ondorioak eta jarduera ekonomikoa sortzeko aukerak aprobetxatzea; tresna politikoak berritzen ahalegintzea; parte-hartze mekanismoei arreta berezia eskaintzea; eta intereseko eragile guztien erantzunkidetasunaren kontzeptua garatzea».

 

«Euskadik klima aldaketaren aurkako estrategia ona edukitzea aukera-iturri bikaina da; esaterako, karbono gutxiko ekonomiarako bide-orria osatzeko. Klima aldaketa, halaber, itzulkin ekonomikoa eskuratzeko eta lehiakortasuna areagotzeko mesedegarria gerta liteke, hala nola enpresa-ehuna modernatzeko, aberastasuna eta enplegua sortzeko, baliabideak eta energia eraginkortasun handiagoz erabiltzeko, Euskadi marka sustatzeko, esportatzeko trebetasuna hobetzeko, klima aldaketaren ondorioei etekina ateratzeko produktu berritzaileak garatzeko, euskal enpresen izen ona are hobea izateko eta finantzaketarako kanpo-iturriak aprobetxatzeko».

 

Euskadi, onenen pare

Oregiren arabera, «herrialdeek eta eskualdeek informazioa eta esperientziak partekatzen ditugu Encoren, nork bere garapen jasangarriko politikak osa ditzan energiaren, ingurumenaren eta klima aldaketari loturiko prebentzioaren eta jardueraren arloetan. Eskualde-mailako gobernuen jardunbide onenak alderatu eta aztertzen dira biltzarrean, enpresa-arloko adituekin batera. Euskadi natura-ondare aberatseko eta industriak garrantzi handia duen eskualdea izaki, Europako eskualde aurreratuenen pare jardutea lortu du, egoerei aurrea hartzeari dagokionez». 

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren aburuz –Batasunean ere sailburu esaten zaie eskualde-mailako eta federazioetako gobernu-kideei–, lehentasunezko auzia da «harreman espezializatuko sare bat eratzea eskualde-mailako gobernuen artean, etorkizuneko politiketan eragin ahal izateko, bai sare horrek eztabaida teknikoetan eta negoziazioetan parte hartuz, bai Ingurumen eta Ekintza Klimatikoko Komisarioekin urtean behin egiten diren bileren bidez».

 

«Interes eta esperientzia antzekoak dituzten eskualdeekin eta erakundeekin loturak ezartzen ari gara. Lagungarria da hori aldebiko edo aldeanitzeko akordioak egiteko. Sarea, gainera, baliagarria da gure gobernua karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioan egiten ari den ahalegina nazioartean ezagutarazteko eta aintzat hartzeko. Horretarako, nazioarteko ekitaldietan eta lantaldetan hartu behar da parte, nazioarteko negoziazio funtsezkoekiko saio paraleloetan bada ere. Izan ere, sareari esker, gure eskualdearen ikusgarritasunaren etekinak eta lorpenak biderkatu egiten dira», nabarmendu du Ana Oregik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Marcel Huber, Luc Bas, Van Oranje-Nassau