Berriak Segurtasuna
Eu

Lege-proiektua, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzeko dena. (2014-05-13(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko maiatzak 13

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEEN LEGE PROIEKTUA ONARTU DU

Hauteskundeetan legez gasta daitekeen gehieneko kopurua % 15 murriztea eta kanpainaurreko propaganda mugatzea aurreikusten du

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legean Bosgarren Aldaketa egiteko Lege Proiektua onartu du. Horren bidez, genero eta desgaitasun arloetako gobernu-politikek hauteskundeetan isla izatea nahi du, baita gaur egungo krisi ekonomikoak eragindako gastu-aurrezpeneko politikek ere. Halaber, beste bi helburu ere badauzka: hauteskundeen gara pena eraginkorragoa izateko neurri batzuk ezartzea, eta artikuluetan beharrezko egokitzapenak egitea, Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak (HAOLO) ekarritako aldaketekin bat etortzeko.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legea 1990ean onartu zen eta geroztik lau aldaketa egin zaizkio, lege-aldaketetara eta zegokien gara iko errealitate sozial eta politikora egokitzeko.

Sufragio aktiborako eskubidearen esparruan, proiektuak aldaketa hauek barne hartzen ditu, besteak beste:

- boto-emaileak berak sartzea botoaren gutun-azala hautestontzian, mahaiko presidenteak inolako esku-hartzerik izan gabe,
- egoitza iraunkorra atzerrian daukaten boto-emaileek kontsulatuetan jarritako hautestontzietan botoa emateko aukera izatea,
- eta behin-behinekoz atzerrian bizi diren pertsonen kolektibo zabalari postaz bozkatzeko aukera ematea, baita gure mugetatik kanpo behin-behineko lanak egiten ari diren pertsonei ere.

Arlo horretan, botoa baliogabetzat jotzeko arrazoiak zeintzuk izango diren argituko du lege-aldaketak.

Sufragio pasiborako eskubideari dagokionez, hautagai izateko ezintasun-arrazoien araubidea aldatu egingo da. Hain zuzen ere, hautagai izan ahal ez izateko beste bi arrazoi gehituko dira, ondorengoekin lotuta:

- Euskal Irrati Telebista Ente Publikoko edo berari atxikitako sozietate nahiz komunikabideetako goi-kargudunak izatea eta
- sozietate publikoetako edo sektore publikoak gehiengoa duen sozietateetako goi-kargudunak izatea.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako zuzendariordeek edo lurralde-ordezkariek hautagai izan ahalko dute.

Erakunde-kanpainak

Botere publikoek hauteskunde gara ian egiten dituzten erakunde-kanpainei dagokienez, mugapen bat ezarri da. Hala, interes publikoa babesteko eta zerbitzuek ondo funtzionatzeko ezinbestekotzat jotzen direnak bakarrik egin ahal izango dira.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak boto-ematearen inguruko informazioa zabaltzeko egin ditzakeen kanpainen edukia mugatu egingo da, eta boto-ematea sustatzea debekatuta egongo da.

Halaber, alderdi politikoen mugapenak areagotu egingo dira, kanpaina hasi aurretik hauteskunde-propaganda egiteari edo zabaltzeari dagokionez.

Beste alde batetik, gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz gastu publikoa murriztu beharra dagoela-eta, hainbat neurri proposatu dira, adibidez:

- hemendik aurrera egiten diren hauteskundeetan, hautagaitzek hauteskundeetan legez gastatu dezaketen gehieneko kopurua % 15 murriztuko da
- eta Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak egiten diren urterako, alderdi politikoek bozetarako jasotzen dituzten diru-laguntzak izoztu egingo dira.

Esparru ekonomikoarekin jarraituz, lege-proiektuak artikuluetan jasotako kopuru ekonomikoak eguneratu egingo ditu, bai KPIren koefiziente-zuzentzailean bai HAOLOk exijitutakoan oinarrituta.

Ekintza positiboak

Era berean, emakumeen eta hauteskundeetan familia-bizitza babestearen aldeko neurriak ezarriko dira. Zehazki, mahaiko kide izendatuz gero, beste bi arrazoi argudiatu ahal izango dira, edoskitze-aldiari eta haurdunaldiari lotutakoak. Era berean, genero-berdintasuna bultzatzeko politiken artean, indarreko testuaren idazketan aldaketa sakona egingo da, lengoaia ez-sexista erabiltzea bermatzeko.

Desgaitasunak dauzkaten pertsonak integratzea sustatzeko politikekin bat etorriz, entzumen-ezgaitasunak dauzkaten pertsonak, zeinu-hizkuntzako interpreteen laguntzaz, mahaiko kide izateko aukera ematen du proiektuak, eta ikusmen-desgaitasunak dauzkaten pertsonek hauteskunde-mahaietan braillez idatzitako botoak erabili ahal izatea arautzen du.

Azkenik, hauteskundeetan teknologia berriak aplikatzeari dagokionez, besteak beste, neurri hauek proposatzen ditu:

- hauteskundeetako mahai eta lokalen behin betiko zerrenda Errolda Bulegoko webgunean zabaldu beharra
- eta hautagaitzek hauteskundeetako inprimaki batzuk Eusko Jaurlaritzaren webgunetik deskargatu ahal izatea, formatu elektronikoan.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak bozkatzeko sistema teknologiko berriak esperimentatzeko proba-pilotuak egin ahal izango ditu, Hauteskunde Batzordeak horren aldeko txostena egiten badu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau