Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskal Herriko arrantza azokak bateratu egingo dira 'Euskadiko Arrantza Azokak' marka berriaren izenpean

2010.eko maiatzak 13

Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Udalarrantz sareak indartu egin nahi dituzte arrain azokak eta jardunaldi gastronomikoak, guztiak produktu bakar gisa aurkeztuz.

Ekimena Euskadiko Arrantza Azoken Dinamizazio Planaren barne kokatzen da, eta horren helburuak dira, besteak beste, euskal arrainaren kontsumoa handitzea, arrantzalearen zein sektorean diharduen emakumearen balioa handitzea, bai eta sektoreko jarduera jendarteratzea ere.

Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuorde Jon Azkuek eta Udalarrantz Euskal Herriko Arrantza Udalerrien Sareko lehendakari José María Cazalisek euskal kostaldeko udalerrietan egiten diren arrantza azoken irudi berria eta helburuak aurkeztu dituzte gaur Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.

Jon Azkuek txalotu egin du Udalarrantzekiko lankidetza, eta ekimen horren helburua zein den esan du: "arrainaren kontsumoa sustatzea, gure produktuei lehentasuna emanez, arrantzalearen, emakumearen eta arrantzatzeari loturiko sektoreen irudiari balioa ematea eta arrantzako sektorearen jarduerari zabalkundea ematea".

"Azokak garrantzitsuak dira sektorearentzat berarentzat, baina baita arrantzaren kulturarekin lotura duten herrientzat ere. EAEn hori mantentzea nahi dugu, eta ez izatea iraganeko kontua" erantsi du Azkuek, eta azoken programan dauden hainbat ekitalditan saregileek duten partaidetza azpimarratu du.

Halaber, sailburuordeak nabarmendu duenez, haurrak gastronomian hezteko eta umeei itsasoa aukerak eskaintzen dituen ingurune hurbila dela ikusarazteko ekimenak egingo dira azoketan.

Arrantza azokek hemendik aurrera oinarri izango duten planteamendu berriaren haritik dator aipatutako irudi aldaketa. Izan ere, azoka horiek produktu bakar gisa bateratzeko beharra hauteman dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalarrantzek, udalerrietako eragileen esfortzuak elkartzeko eta helburu komunak sustatzeko. Konkretuki, Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Udalarrantzeko udalerriek bultzatutako sustapen, kontsumo, marketing eta bestelako politiken irizpideekin bat datozen ekintzak planifikatuko dira.

Arrantza azokak gune aproposak dira horrelako ekimenak bultzatzeko publiko orokorraren artean, 300.000 bisitari baino gehiago erakartzea lortzen baitute eta herrietan ospatzen diren ekitaldi garrantzitsuenetarikoak bilakatzen baitira horrela.

Errealitate horren aurrean, egun Euskadin egiten diren arrain azoka eta jardunaldi gastronomikoak biltzen dituen 'Euskadiko Arrantza Azoken Dinamizazio Plana' landu zuten Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Udalarrantzek. Planak 2012 urtera arteko epea du eta xede nagusitzat du arrantza azokak bateratzea eta "produktu global" baten inguruan artikulatzea, sektorearen protagonismoa bermatuz eta bere nortasuna mantenduz helburu komun batzuk lortzearen alde: arrainaren kontsumoa bultzatzea (euskal produktuari lehentasuna emanez), arrantzalearen irudiaren balioa zein sektorean diharduen emakumearen papera indartzea, baita arrantza sektorearen jarduera jendarteratzea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Azkue